0319_san Jose


Martxoaren 19an

SAN JOSE, MARIA BIRJINA DOHATSUAREN SENARRA

Jai nagusia

I. Irakurgaia

Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aulkia emongo deutso (Lk 1, 32).

Samuel bigarren liburutik      2 Sm 7, 4-5a. 12-14a. 16

    Egun hareetan, Jaunaren berbea etorri jakon Natani: «Zoaz eta esaiozu nire morroi Davidi: “Hau dino Jaunak: Zeure egunak bete eta zeure gurasoekin atseden hartuko dozunean, ondorengoa emongo deutsut, zure erraietatik ataratakoa, eta sendotuko dot haren erregetza. Harek eraikiko deutso etxea nire izenari, eta Nik betiko sendotuko deutsat tronua. Aita izango nau harek Ni, eta seme izango dot Nik ha.
    Zure etxeak eta zure erregetzak betiko iraungo dabe nire aurrean, eta zure errege-aulkiak sendo iraungo dau beti”».

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa           Sal 89 [88], 2-3. 4-5. 27 eta 29 (R/. 37)

R/. Haren errege-jatorriak betiko iraungo dau.

V/.   Jauna, zure maitasun-egintzak kantatuko ditut beti,
        zure leialtasuna iragarriko gizaldiz gizaldi.
        Bai, autortzen dot:
        «Betiko eraikita dago zeruan zure maitasuna,
        sendo ezarrita zure leialtasuna».
R/.

V/.   Ituna egin dot neure aukeratuagaz,
        David neure morroiari zin eginez:
        «Sendo ezarriko dot betiko zure errege-jatorria,
        gizaldiz gizaldi eraikiko zure errege-aulkia».
R/.

V/.   Harek dei egingo deust: «Zu nire aita,
        nire Jainkoa, nire harri salbatzailea».
        Beti gordeko deutsat neure maitasuna,
        sendo eutsiko haregaz dodan itunari.
R/.

 

II. Irakurgaia

Abrahamek sinistu egin eban,
ezelako itxaropiderik ez egoanean itxaropenari eutsiz.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik     Erm 4, 13. 16-18. 22

Senideok: Euren oinordekotza mundua izango ebela agindu eutsen Jainkoak Abrahami eta ondorengoei. Agintzari hau, ostera, ez egokion legea betetzeari, sinismenak dauan salbazino-indarrari baino. Beraz, agintzaria, dohai hutsa izanik, fedeari dagokio; holan, Abrahamen ondorengo guztientzat balio dau, legearen arabera ondorengo diranentzat ez ezik, baita Abrahamen sinismenaren arabera diranentzat be. Bera aita dogu guztiok, Liburu Santuak dinoan lez: «Herri askoren aita egin zaitut». Abraham aita dogu, beraz, Jainkoaren aurrean, harek sinistu egin eban-eta hildakoak biziarazoten eta izaterik ez dabenei izatera dei egiten deutsen Jainkoagan.
    Abrahamek sinistu egin eban, ezelako itxaropiderik ez egoanean itxaropenari eutsiz; holan, herri askoren aita egin zan, Jainkoak esan eutsonaren arabera: «Horrenbeste izango dira zure ondorengoak».
    Horrexegaitik, hain zuzen, zintzotzat hartu eban Jainkoak.

Jaunak esana.

 

Aleluia edo Ebanjelio aurreko txatala: Sal 84 [83], 5

(R/. Aleluia.)

V/.   Zorionekoak zure etxean bizi diranak
        eten barik Zu goresten! (
R/.)

 

Ebanjelioa (1. aukera)

Josek, Jaunaren aingeruak agindu eban lez egin eban.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik  Mt 1, 16. 18-21. 24a

    Jakobek Jose sortu eban, Mariaren senarra, eta Mariagandik jaio zan Jesus, Kristo deritxona.
    Jesu Kristoren sortzea holan gertatu zan: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko berbea emonda egoan eta, alkarregaz bizi izan baino lehenago, seindun gertatu zan Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa zanez eta ez ebanez bere emaztea salatu gura, ha isilean iztea erabagi eban.
    Baina asmo hori gogoan erabilela, Jaunaren aingerua agertu jakon amesetan eta esan eutson: «Jose, Daviden ondorengo hori, ez bildur izan zeure emazte Maria etxean hartzeko, honengan sortua Espiritu Santuagandik dator-eta. Semea izango dau, eta zuk “Jesus” ipiniko deutsazu izena, ze harek salbatuko dau bere herria pekatuetatik».
    Josek, lotatik itzartu zanean, Jaunaren aingeruak agindu eutson lez egin eban.

Jaunak esana.

 

Ebanjelioa (2. aukera)

Horra zelako atsekabez ibili garan aita eta biok zure bila!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik   Lk 2, 41-51a

    Jesusen gurasoak Jerusalemera joaten ziran urtero erromes Pazko-jaietan. Jesusek hamabi urte bete zituanean, Jerusalemera igon eben jaietara, ohitura zan lez. Jaiegunak amaiturik gurasoak etxerantz abiatu ziranean, Jesus umea Jerusalemen gelditu zan, eurak jakin barik. Erromeskideen artean etorrelakoan, egun bateko bidea egin ostean, haren bila hasi ziran taldeko senideen eta ezagunen artean. Eta aurkitzen ez ebenez, Jerusalemera bihurtu ziran haren bila.
    Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu eben, irakasleen artean jesarrita, hareei entzuten eta itaunka. Entzuten eutsoen guztiak harrituta egozan erantzunetan erakusten eban argitasunagaitik. Gurasoak, ikusi ebenean, zur eta lur gelditu ziran, eta amak esan eutson: «Seme, baina zergaitik egin deuskuzu hori? Begira zelako atsekabez ibili garan aita eta biok zure bila!»
    Harek erantzun eutsen: «Zergaitik ibili zarie nire bila? Ez ete zenkien Nik neure Aitaren etxean egon behar dodana?» Hareek, ostera, ez eben ulertu zer esan gura eutsen.
    Jesus Nazaretera jatsi zan eurakaz, eta euren menpean bizi zan.

Jaunak esana.