Apirilaren 26an
San Isidoro, gotzaina
eta
eleiz irakaslea
Jaia
I. Irakurgaia
Zuen sinismena Jainkoaren indarrean oinarritu dadila.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 2, 1-10
Senideok: Niri dagokidanez, Jainkoaren salbazino-asmoa
iragartzera joan nintxatzuenean, ez neutsuen hitz egin giza jakituriazko
hizkera landua erabiliz. Izan be, zuen artean ez neban ezer jakin gura izan,
Jesu Kristo, eta berau kurutzeratua, izan ezik.
Horregaitik, makal eta bildurrez dar-dar agertu nintzan zuen
aurrean. Nire hitza eta predikua ez ziran giza jakituriazko argudiotan
oinarritu, Espirituaren indarrean baino, holan, zuen sinismena Jainkoaren
indarrean oinarritu eiten eta ez giza jakiturian.
Jakituria irakasten deutsegu guk kristau helduei; baina
jakituria hori ez da mundu honetakoa, ezta laster galduko diran mundu honetako
agintariena be. Guk Jainkoaren jakituria misteriotsua irakasten dogu, harek
ezkutuan eukia eta betidanik gure aintzarako erabagita eukana. Mundu honetako
agintarietako inork ez dau ezagutu jakituria hori, izan be, ezagutu izan
balebe, ez eben-eta kurutzeratuko Jainkoaren aintza beragaz eban Jauna.
Baina, Liburu Santuak dinoan lez, «inork ikusi eta entzun ez
dauana, gizakiari inoiz bururatu ez jakona, Jainkoak bera maite dabenentzat
prestaturik eukana», horixe agertu deusku Jainkoak Espirituaren bidez.
Espirituak, izan be, guztia aztertzen dau, baita Jainkoaren barru-barrua be.
Jaunak esana.
Erantzun-salmoa
Sal 119 [118], 99-100. 101-102. 103-104 (R/. 105)
R/. Argi da zure hitza, Jauna, nire oinentzako.
Edo: Aleluia.
V/. Nire irakasle guztiak baino argiago naz,
zure aginduak ditut-eta hausnartzen.
Zaharrak baino trebeago naz ulertzen,
zure legeak ditut-eta betetzen. R/.
V/. Bide txar guztitik aldentzen ditut oinak,
zure hitza gordetzearren.
Ez naz zure erabagietatik aldentzen,
Zuk deustazu-eta irakasten. R/.
V/. Bai gozoa niretzat Zuk agindua,
ahoan eztia baino gozoagoa.
Zure legeek zuhur egiten nabe;
horregaitik, gorroto ditut jokabide maltzur guztiak. R/.
Aleluia
Mt 5, 16
R/. Aleluia.
V/. Zuen argiak danen aurrean egin behar dau argi,
zuen egintza onak ikusiz,
zeruko zuen Aita goratu dagien. R/.
Ebanjelioa
Zuek zarie munduaren argia.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 5, 13-16
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zuek zarie
lurraren gatza. Baina gatza gazatzen bada, zelan gazitu barriro? Ez dau orduan
ezertarako balio, kanpora bota eta jenteak zapaltzeko baino.
Zuek zarie munduaren argia. Ezin daiteke ezkutatu mendi
gainean dagoan herria. Kriseilua be ez da bizten lakaripean ipintzeko,
argimutilaren gainean ipintzeko baino, etxeko guztiei argi egin deien.
Era berean, zuen argiak danen aurrean egin behar dau argi,
zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita goretsi dagien».
Jaunak esana.
Iruzkina
Jesusen berbok entzutean lotsea somatu geike, gure Eleizearen egoereari erreparatuz. Eta ez da eleizak eta eleizkizunak-eta hustu egin diralako; hori ere bai. Baina zelango gorrotoa Eleizeaganako, edo abadeaganako, edo eleiztarrenganako…
Sinismena izan da gure herriarena, gure herritarrena? Asko eta askorena bai. Baina beste askorena… Hain errez galtzen da sinismena?
Eta orain, Jesusen ahotik argi izan behar dogula eta gatz izan behar dogula entzutean, eta ustea geugan jarrita daukala ikustean, lotsea somatzen dogu, ez garalako gauza, bildurragaitik —edozer esan edo egin leikiguelako— gure sinismena testigu lez bizi izateko: agerian eta haretara beste batzuk ere erakarteko lez.
Espiritu adore-emoilea eskatuz alkar adoretu behar dogu.
OTOITZA
Zu, Jesus, ez zinan geratu
bazter baten
ezelango ekintzarik egin
barik,
ezelango hitzik ahozkatu
barik,
ezelango txarkeriarik salatu
barik…
Zuk, Jesus, begiak zabalik
zeukazan,
zabalik entzumena ere,
eta zabalik eskuak eta
bihotza:
danengana zabalik bizi izan
zinan.
Eta horixe gura dozu
jarraitzaileontzat:
ez gaitezala leku, esparru eta
erakunde baten
ateak itxita, bildurkilik,
bizi izan,
gure inguruan zure argia
zabalduz baino.
Jabetu gaitezala, Jesus, gure
Eleizearen egoereaz;
zeure hitzean, agintzarian eta
egintzetan
oinarritu gaitezala geureak
bultzatzean,
zeuk gura dozun Eleiza, gaurkoa
eta hemengoa
izan gaitezan: irekia eta
harrera ona egitekoa.