Otsailaren 2an
Jaia
Jai hau astegunean izaten danean, hemen doguzan irakurgai bietako bakarra hartuko da Ebanjelio aurretik. Baina domekaz suertatu ezkero, irakurgai biak iragarriko dira. Erantzun-salmoa lehenengo irakurgaiaren ondoren abestu edo esango da.
I. Irakurgaia (1. aukera)
Laster etorriko
da bere santutegira
zuek bila
zabiltzen nagusia.
Malakiasen Profezia liburutik
Ml 3, 1-4
Hau dino Jainko Jaunak: «Hor bialtzen dot
neure mezularia, nire aurretik bidea prestatzera. Eta laster etorriko da bere
santutegira zuek bila zabiltzen nagusia, eta gogo biziz gura dozuen ituneko
mezularia. Horra non datorren, dino Jaun ahalguztidunak.
Nork jasan haren etorrera-eguna? Nor zutunik
egon, ha agertzean? Urtzailearen sua lez izango da, garbitzailearen lixiba lez.
Urtu eta garbitzeko jesarriko da; zidarra eta urrea garbitzen diran lez,
halantxe garbituko ditu Lebiren ondorengoak, Jaunari opariak behar dan lez
eskeini deioezan. Orduan, atsegin izango jako Jaunari Judako eta Jerusalemgo
oparia, lehengo sasoietan lez».
Jaunak esana.
I. Irakurgaia (2. aukera)
Jaunaren aurkezpenaren jaia domekan izan ezkero, hau II. irakurgaia izango da.
Gauza guztietan senideen antzeko izan behar eban.
Hebrearrei egindako epistolatik
Heb 2, 14-18
Familia bereko seme-alabek odol eta haragi
berak dabezan lez, Jesusek gizakiaren odol-haragiak hartu ebazan, bere
heriotzaz heriotzaren nagusia dan deabrua ezerezteko, eta heriotzaren bildurrez
euren bizitza osoan esklabo bizi ziranak askatzeko; Jesus ez zan-eta aingeruei
laguntzera etorri, Abrahamen jatorrikoei baino. Horregaitik, gauza guztietan
bere senideen antzeko izan behar eban, abade nagusi errukitsu eta Jainkoari
dagokiozan gauzetan fidagarri izateko, herriaren pekatuak parkatzeko gai.
Bera be nekeetan probatua izan zalako, orain
gauza da probaldian dagozanei laguntzeko.
Jaunak esana.
Erantzun-salmoa
Sal 24 [23], 7. 8. 9. 10 (R/. 10bc)
R/. Jaun ahalguztiduna da Errege ospetsua.
V/. Ateburuok, zabaldu zaiteze,
zabaldu
zaiteze, aspaldiko ateok,
badator-eta
Errege ospetsua. R/.
V/. Nor da Errege ospetsu hori?
Jauna
da, indartsu eta ahaltsua,
Jauna,
guduan ahaltsua. R/.
V/. Ateburuak, zabaldu zaiteze,
zabaldu
zaiteze, aspaldiko ateok,
badator-eta
Errege ospetsua. R/.
V/. Nor da Errege ospetsu hori?
Jaun
ahalguztiduna,
bera
da Errege ospetsua. R/.
Aleluia
Lk 2, 32
R/. Aleluia.
V/. Nazinoak argitzeko argia
eta
zure herri Israelen ospea. R/.
Ebanjelioa
Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.
Ikusi dabe nire begiok Zugandiko salbazinoa.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 2, 22-40
Moisesen legearen arabera, amari garbikuntza
egiteko unea heldu jakonean, gurasoek Jerusalemera eroan eben Jesus, Jaunari
aurkezteko. Izan be, holantxe dago aginduta Jaunaren legean: «Lehenengo-seme
guztiak Jaunari sagaratuko deutsazuez». Jaunaren legean ezarritako oparia be
eskeini behar eben: «Usapal bi edota usakume bi».
Bazan Jerusalemen Simeon izeneko gizon bat,
gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain egoana.
Espiritu Santua beragaz eban, eta aditzera emona eutson ez zala hilko Jaunaren
Mesias ikusi arte. Eta Espiritu Santuak eraginda tenplura joan zan.
Legeak agintzen ebana betetzeko gurasoek
Jesus umea tenplura eroan ebenean, Simeonek seina besoetan hartu eta Jainkoa
bedeinkatu eban, esanez:
«Orain itzi zeinke, Jauna,
zeure morroi hau bakean hiltzen,
Zeuk berbea emon bezala.
Ikusi dabe nire begiok Zugandiko salbazinoa,
herri guztien aurrean Zuk aurkeztua:
nazinoak argitzeko argia
eta zure herri Israelen aintza».
Umearen aita-amak harrituta egozan seinaz
esaten ziranakaz. Eta Simeonek bedeinkatu egin zituan, eta umearen ama Mariari
esan eutson: «Begira, israeldar asko jausteko eta beste asko altzatzeko ipinita
dago hau; eztabaida sortzen dauan ezaugarri izango da, holan bihotz askotako
asmoak agirian gelditu daitezan. Eta zuri ezpata batek alderik alde zulatuko
deutsu arima».
Bazan profetesa bat be, Ana eritxona,
Fanuelen alaba, Aserren jatorrikoa. Urteetan oso aurreratua zan; gaztetan
ezkondu eta zazpi urtez senarrarekin bizi ostean, alargun gelditu zan, eta
bazituan laurogeta lau urte. Gau eta egun tenpluan egoten zan, barau eta
otoitz, Jainkoa zerbitzen. Ordu harexetan han gertatu zan, eta Jainkoa goratzen
eta umeaz berba egiten hasi jaken Jerusalemen askatasunaren begira egozan
guztiei.
Jesusen gurasoak, dan-dana Jaunaren legeak
agintzen ebanez bete ondoren, Galileara bihurtu ziran, euren herri Nazaretera.
Umea hazten eta indartzen joian, jakituriaz betetzen ziharduan eta Jainkoaren
grazia beragaz eban.
Jaunak esana.
Ebanjelioa era laburrean.
Ikusi dabe nire begiok Zugandiko salbazinoa.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 2, 22-32
Moisesen legearen arabera, amari garbikuntza
egiteko unea heldu jakonean, gurasoek Jerusalemera eroan eben Jesus, Jaunari
aurkezteko. Izan be, holantxe dago aginduta Jaunaren legean: «Lehenengo-seme
guztiak Jaunari sagaratuko deutsazuez». Jaunaren legean ezarritako oparia be
eskeini behar eben: «Usapal bi edota usakume bi».
Bazan Jerusalemen Simeon izeneko gizon bat,
gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain egoana.
Espiritu Santua beragaz eban, eta aditzera emona eutson ez zala hilko Jaunaren
Mesias ikusi arte. Eta Espiritu Santuak eraginda tenplura joan zan.
Legeak agintzen ebana betetzeko gurasoek
Jesus umea tenplura eroan ebenean, Simeonek seina besoetan hartu eta Jainkoa
bedeinkatu eban, esanez:
«Orain itzi zeinke, Jauna,
zeure morroi hau bakean hiltzen,
Zeuk berbea emon bezala.
Ikusi dabe nire begiok Zugandiko salbazinoa,
herri guztien aurrean Zuk aurkeztua:
nazinoak argitzeko argia
eta zure herri Israelen aintza».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Aurkezpenaren jai hau topaketa jaia da. Itun Zaharrak (Simeon eta Ana) Itun Barriagaz (Jesus) egingo dau topo: Jainkoari eskeintzariak egitetik, norbere burua eskeintzera pasatzeko sasoian sartzen gara: Jaiotzak eta heriotza-biztuerak bat egiten dabe misterio honetan.
Tenpluan, Jainkoarekin topo egiteko lekuan, ez da abaderik aurkitzen: Jesusen gurasoak Jainkoaren pobreekin aurkituko dira: eta honeentzat poz betea izango da. Hau ikusiz, ez dot besterik itxaron behar; hiltea baino ez dagokit; bete dauz-eta Jainkoak bere agintzariak.
Jesus benetako judegu jainko-zale aurkezten deusku ebanjelariak, haren gurasoen bidez. Eta Jainkoaren pobreen ametsen betetzaile. Simeon eta Ana atso-agure zaharrak dira itxaroten dagoan herriaren ordezkari.
Etsipen aldi haretan ez dagoz danak lur jota, edo desengainatuta, Jainkoaren agintzariak noiz beteko diran ez dakiela-eta. Batzuk (Jainkoaren pobreak) itxaroten dakie; eta honeen itxaropenak bere asebetea hartuko dau.
Deigarri dogu gaur ospatzen dogun jaia, gure itxaropena ia lur-jota ikusten dogun aldiotan (abadetzarako bokazinorik ez da; ez dogu jarraipenik ikusten gure ondorengoengan; eleizak hutsik ikusten doguz; jainko-zaletasuna ia galdu dala; eleiztarrei berre egiten jaku edo aurrean erabiliak dira…).
Jainkoak bere Semea aurkezten deusku. Geuk egin behar deutsagu harrerea, eta berak asebeteko gaitu eta argituko.