0921_San Mateo, ebanjelaria


Irailaren 21ean

San Mateo, apostolua eta ebanjelaria

Jaia

I. Irakurgaia

Berak apostolu egin ebazan batzuk,
beste batzuk Barri Onaren iragarle.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 4, 1-7. 11-13

    Senideok: Nik, Jaunagaitik preso nagoan honek, eskatzen deutsuet, bizi zaitezela hartu dozuen bokazinoari dagokionez. Izan beti apal, otzan eta jasankor, alkar maitekiro eroanez. Ahalegindu zaiteze Espirituak sortzen dauan batasunari eusten, bakearen lokarriz.
    Bat bakarra da gorputza eta bat bakarra Espiritua, Jainkoak egin deutsuen deiari dagokion itxaropena be bat bakarra dan lez. Bat bakarra Jauna, bat bakarra sinismena, bat bakarra Bateoa; bat bakarra guztien Jainkoa eta Aita, guztien gainetik dagoana, guztien bidez diharduana eta guztiengan bizi dana.
    Gutariko bakotxak Kristok emon nahi izan deutson neurrian hartu dau dohaia. Berak apostolu egin ebazan batzuk, beste batzuk profeta, beste batzuk Barri Onaren iragarle, beste batzuk artzain eta irakasle; holan gai egiten ditu fededunak euren zerbitzu-lanerako eta Kristoren gorputza eraikitzeko, harik eta guztiok Jainkoaren Semearen sinismen eta ezagutza berbera izatera heldu arte, heldutasun beteko pertsona, Kristoren betetasunaren neurriko pertsona, izatera heldu arte.

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 19 [18], 2-3. 4-5 (R/. 5a)



R/.   Lurbira guztira zabaltzen da hareen hotsa.

V/.   Zeruek Jainkoaren aintza dabe kontatzen,
ortziak haren eskuen lana iragartzen.
Egunak egunari luzatzen deutso mezua,
gauak gauari jakinazoten. R/.

V/.   Berbotsik eta hitzik barik,
entzun ezinezkoa da hareen ahotsa.
Lurbira guztira zabaltzen da hareen hotsa,
munduaren bazterreraino hareen hizkera. R/.

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Gora Zu, Jainkoa, eskerrak Zuri, Jauna;
        apostoluen talde ospetsuak goratzen zaitu, Jauna. R/.

 

Ebanjelioa

Jarraitu Niri.
Mateok zutundu eta jarraitu egin eutson.

    Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik

Mt 9, 9-13

    Aldi haretan, Jesusek, bidez joiala, Mateo eritxon gizon bat ikusi eban zergak batzeko mahaian jesarririk, eta esan eutson: «Jarraitu Niri». Mateok zutundu eta jarraitu egin eutson.
    Geroago, Jesus mahaian egoan Mateoren etxean; beste zergalari eta pekatari asko be etorri eta mahaian jesarri ziran Jesusegaz eta honen ikasleakaz. Fariseuek, hori ikustean, esan eutsien ikasleei: «Zelan jaten dau zuen Maisuak zergalariakaz eta pekatariakaz?»
    Hori entzutean, Jesusek esan eutsen: «Ez dabe osasundunek sendagile beharrik, gaixoek baino. Hoba zeunkie Jainkoak esandako honetaz jaubetuko bazinie: “Nahiago dot errukia sakrifizioak baino”. Ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino».

Jaunak esana.

 (Fray Marcos)

IRUZKINA

Ulertu leiteke Jesusen jokabidea? Bidez doa (Jesus ez dago geldi, egonean; ibilten ikusten dogu gehienetan. Kontuan hartzekoa!).

Eta bere gauzetan dagoan bati dei egiten deutso. Honek, laster baten (azpimarratzekoa), dana laga eta jarraitu egiten deutso.

Orduko jainkozaleek baztertuta euken, zerga-batzailea zalako; baina baita herritarrek ere, herritarrak esplotatu eta herriaren menperatzaileei laguntzen eutseelako. Saldukerian ziharduen. Traidoreak ziran...

Eta Jesusek halango bati ere dei egiten deutso; Jainkoaren Erreinuko partaide egin gura dau... Eta zelango egarria erakusten dauan Mateok, bat-batean, dana lagata, jarraitzen deutso-eta!

...eta berbaroa jarten dau zintzoen artean. Maisu bat holangoengana zelan hurreratu ete daiteke?

Era bat baino ez dago horretarako: Jainkoaren bihotza ezagutzea; errukitsua da, maitalea, danentzakoa dana; eta, batez ere, baztertuak dagozanena; eta doakoa!

Beste era batera ulertzen badogu eta halan jokatzen, Jainkoa bera baztertzen dogu eta geure sasi-jainkoagaz gelditzen gara.