Maiatzaren 31n
Maria birjina dohatsuaren Ikustaldia
Jaia
I. Irakurgaia (1. aukera)
Pazkoaldiaz kanpo erabiliko da irakurgai hau.
Jauna, Israelgo erregea, zure erdian dago.
Sofoniasen Profezia liburutik
So 3, 14-18
Egin poz-irrintzi, Sion uri!
Egin oihu alai, Israel!
Poztu zaitez bihotz-bihotzez,
alaitu, Jerusalem!
Urratu dau Jaunak zure kontrako erabagia,
atzeratuarazo ditu zure arerioak.
Jauna, Israelgo erregea, zure erdian dago;
ez zara gehiago ezeren bildur izango.
Egun haretan, honan esango deutsoe
Jerusalemi:
«Ez bildurrik izan, Sion!
Ez beitez jausi zure eskuak!
Jauna, zure Jainkoa, zure erdian dago salbatzaile indartsu!
Pozaren pozez alaitzen da zugaitik,
bere maitasunez bizibarritzen zaitu.
Pozez saltoka dabil zugaitik,
jaiegunez lez».
Honan dino Jaunak:
Nik batuko ditut, Jerusalem,
zugandik urrun, jairik barik triste egozanak.
Bai astuna zure lotsa!
Jaunak esana.
I. Irakurgaia (2. aukera)
Pazkoaldian irakurgai hauxe erabiliko da; baina Pazkoaldiaz kanpo ere erabili daiteke.
Lagundu fededunei euren beharrizanetan
eta emon gogoz ostatu arrotzei.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik
Erm 12, 9-16b
Senideok: Zuen maitasuna izan bedi
itxurakeriarik bakoa. Gorrotatu txarra eta eutsi onari. Maitatu egizue alkar
senide onak lez, ohoratu alkar zeinek gehiago. Izan arduratsuak eta ez nagi;
izan gogoz gartsu, Jauna zerbitzeko beti prest; izan itxaropenean alai,
ezbeharrean eroan handiko, otoitzean lehiatsu; lagundu fededunei euren
beharrizanetan eta emon gogoz ostatu arrotzei.
Bedeinkatu egizuez erasotzen
deutsueenak; bedeinkatu, ez madarikatu. Poztu, pozez dagozanekin; egin negar,
negarrez dagozanekin. Bizi zaiteze alkar ondo hartuz; ez izan handinahi, apalen
mailako baino.
Jaunak esana.
Erantzun-salmoa
Is 12, 2. 3 eta 4bcd. 5-6 (R/. ik. 6)
R/. Egin
poz-oihu,
handikiro dihardu-eta zuen alde
Israelgo Santuak.
V/. Bai, Jainkoa dot
salbatzaile!
Badot
uste on eta ez naz bildur,
Jauna
dot-eta indar eta kemen,
bera
neure salbazino. R/.
V/. Atarako dozue
ura pozik
salbazinoaren
iturrietatik.
«Eskerrak
Jaunari, dei egin haren izenari,
iragarri
haren egintzak herriei,
aldarrikatu
zein bikaina dan haren izena. R/.
V/. Kanta Jaunari,
bikain jokatu dau-eta,
jakin
begie honen barri mundu osoan.
Egin
poz-irrintzi eta oihu, Siongo bizilagunok,
handikiro
dihardu-eta zuen alde Israelgo Santuak». R/.
Aleluia
Ik. Lk 1, 45
R/. Aleluia.
V/. Zorionekoa zu,
Maria Birjina,
Jaunak
esan deutsuna beteko dala sinistu dozulako! R/.
Ebanjelioa
Nor naz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko?
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 1, 39-56
Aldi haretan, Maria jagi eta
bizkor-bizkor mendi aldera joan zan, Judeako herri batera, eta, Zakariasen
etxean sartuta, Elisabeti agur egin eutson.
Mariaren agurra entzun eban orduko,
salto egin eutson Elisabeti seinak sabelean. Elisabet Espiritu Santuaz bete
zan, eta esan eban oihu handiz: «Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta
bedeinkatua zure sabeleko frutua. Nor naz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera
etortzeko? Zure agurra nire belarrietara heldu orduko, salto egin deust umeak
pozez sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan deutsuna beteko dala sinistu
dozulako!»
Mariak esan eban:
«Goratu egiten dau nire arimak
Jauna,
pozaren pozez daukat neure barrua,
ze, Jainkoa da nire salbazinoa,
ikusi dau-eta mirabe honen ezereztasuna.
Horregaitik, zorioneko deituko nabe gaurdanik gizaldi guztiek,
ze, handiak egin deustaz Ahalguztidunak;
santua da haren izena,
eta haren errukia gizaldiz gizaldi
begirune deutsoenengana.
Bere besoaren indarra erabili dau,
buru-harroak hondatu ditu;
bota ditu euren aulkietatik ahaltsuak,
eta gora jaso ditu ezerezak;
ondasunez bete ditu gose ziranak
eta esku-hutsik bialdu aberatsak.
Lagun etorri jako bere morroi Israeli,
bere errukiaz gogoraturik;
halan eutsien gure gurasoei berbatua,
Abrahami eta ondorengoei betiko esana».
Mariak hiru hilabete inguru egin eban Elisabetegaz; gero, etxera bihurtu zan.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Lukasek baino ez dakar pasarte polit-eder hau. Ez dogu hartu behar —ikerlarien ustez— jazoeren kontakizun lez, idazti teologiko lez baino. Lukasek era eder honetan, gauza sakonak azaldu gura dauz. Horregaitik (gauza sakonak aditzera emoteko berbarik ez dagoalako-edo) darabilz irudiok.
Pasarte honetan —eta beronek esan gura dauanean— emakumeak dira ardatz. Etxea Zakariasena bada ere, emakumeak dira, beste inon ez lez, esanahiaren ardatz.
Isabel, Judearen irudi: beharrizanean dago: laguntza behar dau. Maria Israelen irudi, laguntza emoile izango da.
Israel zerbitzeko jaio da. Honen zerbitzuak poza dario. Jaio orduko poztuko da Joan. Poztasun hori nahinora heltzen dala dinosku.
Magnificat abestia, otoitz zaharra, Mariaren ahotan jarria: salbamena ez da aberats eta ahaltsuentzat, behartsu eta baztertuentzat baino: eurentzat da barri on.
Aldi barriak datoz, ba. Eta hori iragarteko Lukasek emakumeak hartzen ditu. Badabe emakumeek erdiko izaterik ere.