San Markos, ebanjelaria
Jaia
I. Irakurgaia
Nire seme Markosek agurtzen zaitue.
San Pedro Apostoluaren lehenengo epistolatik
1 P 5, 5b-14
Senide maiteok: Izan zaiteze danok apalak zeuen hartu-emonetan,
Jainkoak harroei aurre egiten deutse-eta; apalei, barriz, onginahia azaltzen.
Beheratu zaiteze, beraz, eta jarri Jainko ahaltsuaren eskumenean, bere sasoian
goratu zagiezan. Itzi Jainkoaren esku zeuen kezka guztiak, bera da-eta zuetaz
arduratzen.
Izan zaiteze neurritsu eta egon erne; zuen arerioa, deabrua,
zuen inguruan dabil, goseak dagoan lehoia lez, nor iruntsiko. Egiozue aurre,
sinismenean sendo, jakinik mundu zabalean diran beste senideek be zuenak lako
sufrimentuak jasaten dabezala. Eta apur baten sufridu ondoren, dohai guztien
emoile dan Jainkoak, Kristoren bidez betiko bere aintzara dei egin deutsuenak,
bizkortuko zaitue, sendo egingo eta errime ezarriko. Berari dagokio indarra
gizaldien gizaldietan. Amen.
Anaia leialtzat daukadan Silvanoren eskuz idatzi deutsuet
gutun labur hau, zuei adore emon eta Jainkoaren benetako dohaia zein dan
adierazoteko asmoz. Iraun sendo dohai horretan.
Babilonia honetan bizi dan eta zuek lez Jainkoak aukeratua
dan eleiz alkarte honek agurtzen zaitue, baita nire seme Markosek be. Agurtu
alkar, senideen maitasun-laztanaz.
Bakea Kristorenak zarien guztioi.
Jaunak esana.
Erantzun-salmoa
Sal 89 [88], 2-3. 6-7. 16-17 (R/. ik. 2a)
R/. Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti.
Edo: Aleluia.
V/. Jauna, zure
maitasun-egintzak kantatuko ditut beti,
zure
leialtasuna iragarriko gizaldiz gizaldi.
Bai,
autortzen dot:
«Betiko
eraikita dago zeruan zure maitasuna,
sendo
ezarrita zure leialtasuna». R/.
V/. Zeruek zure ekintza
miragarria goresten dabe, Jauna,
santuen
batzarrak zure leialtasuna.
Nor
hodeien gainean Jaunaren pareko?
Nor
jainkoen artean Jauna lako? R/.
V/. Zorionekoa, Zu
pozik goresten dakian herria!
Zure
argitan ibiliko da, Jauna;
zure
izenean da egunero alaitzen,
zure
salbazino-egintzaz harrotzen. R/.
Aleluia
1 Ko 1, 23a-24b
R/. Aleluia.
V/. Guk Jesu Kristo kurutzeratua predikatzen dogu,
Jainkoaren
indarra eta Jainkoaren jakituria dana. R/.
Ebanjelioa
Iragarri Barri Ona izaki guztiei.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 16, 15-20
Aldi haretan, Jesus Hamaikei agertu eta esan eutsen: «Zoaze
mundu guztira eta iragarri Barri Ona izaki guztiei». Sinistu eta bateatzen dana
salbatuko da; sinisten ez dauana, barriz, kondenatuko. Sinisten dabenek seinale
honeek izango ditue lagun: nire izenean deabruak botako ditue, berbeta
barrietan berba egingo dabe, sugeak eskuetan hartuko ditue eta, edari
hilgarriren bat edanda be, ez deutse kalterik egingo; gaixoei eskuak ezarriko
deutsiez eta osatu egingo dira».
Holan berba egin ostean, Jesus Jauna zerura jasoa izan zan
eta Jainkoaren eskumaldean jesarri zan. Hareek, barriz, alde guztietara joan
ziran Barri Ona iragartzera. Eta Jauna bera ebilen hareekin, egiten ebezan
mirarien bidez berbea egiaztatzen ebala.
Jaunak esana.
Iruzkina
Adituen ustez, Markosen ebanjelioa ez zan honela amaitzen. Orain ezagutzen dogun amaiera hau II. gizaldikoa-edo da, baina Kanonean sartuta dagoanez, Jainkoagandiko lez (inspiratutzat) hartzen da.
Lehen kristinauen bizitasuna azaleratzen deusku, eta Jesusen izenean zelango ezaugarriek laguntzen eutseen. Haren bizikerea edozein hizkuntzetatik ulertu eitekeala, eta askorentzat zala osasungarri.
Eta, garrantzitsuena: Jesusen barri emotea (haren izena iragartea) eginbehar eta agindu lez somatzen ebela, eta edonora zabaldu beharreko lez.
Ez zan, ba, betekizun batzuen bidez bakotxak bere salbamena eskuratzeko, Jesusen bizikera ber-bera bizi izateko baino.
HITZALDIA
Markos ebanjelariaren egun honetan Liturgiak eskuratzen deuskuzan irakurgaiak entzunez, eleiz arduradunen ardurak hartu behar izango geukezala gogotan dirudi.
Pedroren hitzaldian, honei zuhur egoteko eskatzen jake, adi egoteko, eta neurritasunean bizi izateko; eta era apalean.
Hau kontuan hartuta, zer esan gure eleiz-arduradunei buruz? Zer esanik ere ez, izan doguzela eta ezagutu abade apalak eta neurritasunean bizi izan diranak; zelan ez, ba! Baina horreen gogoramenik apenas daukagu. Bai, ostera, paperetan agertu diranak, edo gehiegikerian bizi izan diranak; eta ez deutsoela Eleizeari, ez eta eleiz alkarteari edo eleiztarrei, mesede handirik egin holangoek.
Baina hori horrela, Pedroren berbak gogotan hartuz, eta ebanjeliora jauzi eginez, alkarren ardurea hartu behar izango geuke (eleiz arduradunek eleiztarrena, eta honeek eleiz arduradunena ere bai); eta batzuk eta besteek —eta hobe alkarregaz— Ebanjelioan edan behar izango leukee, alkarrentzat osasungarri izateko asmotan.
Ebanjelioa dogu Jesus ezagutzeko eta maitatzeko erea; Ebanjelioan edanez ahaleginduko gara Jesusen antzera zuhur eta neurritsu izaten, besteez arduratzen (batez ere behartsu, pekatari gaiso eta urrunduez), harei Kristo berbiztuaren poza eroanez, eta hareik Jainkoaren errukira eta maitasunera erakarriz.
Gure ikuspegia eta jokabidea aldatu beharra daukagu, ba: Ebanjelioko Jesusek ez deusku gaitzespena (kondenazinoa) eta baztarkuntzea iragarten —sarritan holan uste eta irakatsi badogu ere—, eta hori saihesteko pekaturik ez egiten ahalegindu bagara ere. Ebanjelioko Jesusek Jainkoaren maitasunera eta errukira erakarten gaitu, eta bere eginkizuna bera jarten deusku geure esku, gugan uste ona dauala erakutsiz.
Gure eginbeharra, ba, ez da gure burua salbatzen ahalegintzea, Barri Ona iragartea baino. Eta eginkizun honetan Jauna bera dogu geugaz hutsik egin barik.
ESKARIAK
† Eleizearen zeregina Barri Ona iragartea dala, eta eleiztarrona Barri On horretan bizi izatea dala gogotan izanik, jo daigun erreguka Jainko Aita/amagana:
—Eleizearen alde: legekeriak, agintekeriak eta gehiegikeria guztiak alde batera izteko gauza izan daiten, Ebanjelioari lehentasuna emoteko eta behartsuen ondoan egoten jakiteko, egin daigun otoitz.
—Gaisoen alde, aurrean erabilien, baztertuen eta deuseztatuen alde: Jesusen Barri Ona iragarten dabenen laguntzaz gure gizartean duintasunezko lekua aurkitu daien, egin daigun otoitz.
—Eleiz-agintari/zerbitzari izanik, gehiegikerian edo harrokerian bizi diranek bihozbarritzeko bideak hartu daiezan, Barri Onaren benetako testigu izateko, egin daigun otoitz.
—Gu guztion alde: Jesusen Barri Ona Eleiza honetan hartu dogunok Elizea maitatu daigun, eta Ebanjelioaren inguruan alkartzeko gauza izan gaitezan, egin daigun otoitz.
† Gugan uste ona dozula erakusten deuskuzun Jainko Jauna, Barri Onaren zabalkuntzan eta bizitza apal eta neurritsuan erakutsi daigula gure esker ona. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
(Edo…)
ESKARIAK
† Jesukristo gure bizitzarako Barri On bihurtu dogunok esker onez joten dogu Jainkoagana:
—Eleizearen alde: gaurko gizakiarentzako benetan izan daiten Barri On bere berbeaz eta jokabidez, pobrearen eta behartsuaren aldamenean dagoela iragarriz, egin daigun otoitz.
—Ilunpetan eta tristuran, mundu honetako gaitzespenen menpe dagozanek Barri Onaren iragarpena izan daien, ahalbait lasterren Jainkoaren seme-alaben askatasunean bizi izan daitezan, egin daigun otoitz.
—Jainkoaren hitzaganako baino sakramentuetarako zaletasun handiagoa agertuz, hozkerian bizi diranen alde: Berbearen iturri gozora hurreratu daitezan, sakramentuak emonkor izan dakiezan, egin daigun otoitz.
—Gure parrokiek Ebanjelioa aintzat hartu daien, sortu daitezan honen inguruko talde ugari, eta Ebanjelioa izan daigun gure bizikerea bideratu eta emonkor bihurtzen dauana, egin daigun otoitz.
† Zure Semeagan barri on salbagarria emoten deuskuzun Jainko maitalea, egin gaizuz gure ingurukoentzat barri on pozgarri, ebanjelio biziak. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.