Santa Brigita, erlijiosa
Europako Zaindaria
Jaia
I. Irakurgaia
Honezkero ez naz ni bizi, Kristo bizi da nigan.
San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolatik
Ga 2, 19-20
Senideok: Ni legeak eroan ninduan legeagazko lokarria etetera, Jainkoarentzat bizitzeko. Kristogaz kurutzeratuta nago, eta honezkero ez naz ni bizi, Kristo bizi da nigan. Eta bere bizia nire alde emoteraino maitatu ninduan Jainkoaren Semeaganako sinismenean oinarriturik bizi dot oraingo neure giza bizitza.
Jaunak esana.
Erantzun-salmoa
Sal 34 [33], 2-3. 4-5. 6-7. 8-9. 10-11 ( R/. 2a edo 9a)
R/. Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna.
Edo:
R/. Dastatu egizue eta ikusi zein ona dan Jauna
V/. Bedeinkatuko
dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorespena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu beitez. R/.
V/. Handietsi nigaz batera Jauna,
goratu dagigun alkarregaz haren izena.
Jaunagana jo neban, eta harek erantzun,
bildur guztietatik ninduan libratu. R/.
V/. Begiratzen deutsoenak distiratsu egongo dira,
ez jake aurpegia lotsaz gorrituko.
Dohakabeak dei egin eban, eta Jaunak
entzun,
eta estualdi guztietatik eban salbatu. R/.
V/. Kanpaturik
dago Jaunaren aingerua
hari begirune deutsoenen inguruan, eta
libratzen ditu.
Dastatu egizue eta ikusi zein ona dan
Jauna;
zorionekoa harengan babesten dana. R/.
V/. Izan
Jaunari begirune zuek, hari sagaratuok,
ez jake-eta ezer falta begirune
deutsoenei.
Aberatsek ezagutzen dabe beharrizana eta
gosea;
Jaunagana jotzen dabenei ez jake onik
falta. R/.
Aleluia
Jn 15, 9b. 5b
R/. Aleluia.
R/. Iraun sendo nire maitasunean, dino Jaunak;
norbait Nigan badago, Ni harengan lez,
horrek frutu asko emongo dau. R/.
Ebanjelioa
Norbait Nigan badago, Ni harengan lez,
harek frutu asko emongo dau.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 15, 1-8
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen
ikasleei: «Neu naz egiazko mahatsondoa, eta nire Aita da nekazaria. Nigan
fruturik emoten ez dauan aihena ebagi egiten dau Aitak, eta frutu emoten dauana
garbitu eta kimatu, frutu gehiago emon dagian. Zuek, honezkero, garbi zagoze,
Nik adierazo deutsuedan hitzari esker. Iraun egizue Nigan, Nik zuengan bezala.
Aihenak berez, mahatsondoan ez badago, fruturik emon ezin dauan lez, zuek be
ez, Nigan irauten ez badozue.
Neu naz mahatsondoa eta zuek aihenak. Norbait Nigan badago, Ni harengan bezala,
harek frutu asko emongo dau; ze, Ni barik ezin dozue ezer egin. Nigan ez
dagoana kanpora botatzen dabe, ebagi eta igartzen dan aihenaren moduan; gero,
batu, surtara bota eta erre egiten dabe. Nigan bazagoze eta nire berbak zuengan
badagoz, eskatu gura dozuena eta izango dozue. Honetan agertzen da nire Aitaren
aintza: zuek, nire ikasle izanik, frutu asko emotean».
Jaunak esana.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.