0629_Pedro eta Paulo apostolu santuak

BAGILAREN 29an

 

PEDRO ETA PAULO SANTUAK, APOSTOLUAK



(F. Marcos)

Jai nagusia

 

Eguneko Meza

I. Irakurgaia

Orain badakit
Jaunak askatu nauana Herodesen eskuetatik.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 12, 1-11

    Aldi haretan, Herodes erregea eleiz alkarteko batzuri gogor erasotzen hasi zan. Joanen anaia Santiago ezpataz hilarazo eban eta, hori judeguei atsegin jakela ikusirik, Pedro be preso hartu eban. Pazko-astea zan. Pedro atxilotu eta kartzelan sartu eban, bada, eta launa gudariko lau talderen zainpean jarri, Pazko ondoren herriaren aurrean agerrarazoteko asmoz. Pedro kartzelan zaindua eukien bitartean, eleiz alkartea otoitzean ebilkion haren alde Jainkoari eten barik.
    Herodesek ha kartzelatik atara behar eban aurreko gauean, Pedro lo egoan gudari biren artean, kate bigaz loturik, eta guardiak atean kartzela zaintzen egozala. Bat-batean, Jaunaren aingerua agertu eta gela guztia argiz bete zan. Aingeruak, saihetsean ikutuz, Pedro iratzartuarazo eta esan eutson: «Jagi azkar». Jausi egin jakozan kateak eskuetatik. Gero, aingeruak esan eutson: «Lotu garrikoa eta jantzi oinetakoak». Halan egin eban; eta aingeruak barriro: «Jantzi soingainekoa eta jarraitu niri».
    Haren ondoren urten eban Pedrok; ez ekian aingeruaren bitartez jazotzen egoana egia zan ala ez; ametsa begitantzen jakon. Lehenengo eta bigarren zaintzaile-taldeen ondotik igarota, kalera eroian burdinazko ateraino heldu ziran. Atea berez zabaldu jaken eta kanpora urten eben. Kale bat igaro ondoren, aingeruak bakarrik itzi eban Pedro. Jazotakoaz jaubeturik, Pedrok esan eban: «Orain badakit Jaunak bere aingerua bialdu dauana, ni Herodesen eskuetatik eta judegu-herriak niretzat ebazan asmoetatik askatzera».

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 34 [33], 2-3. 4-5. 6-7. 8-9 (R/. 5b)

R/.   Bildur guztietatik libratu ninduan Jaunak.

V/.   Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorespena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu beitez. R/.

V/.   Handietsi nigaz batera Jauna,
goratu dagigun alkarregaz haren izena.
Jaunagana jo neban, eta harek erantzun,
bildur guztietatik ninduan libratu. R/.

V/.   Begiratzen deutsoenak distiratsu egongo dira,
ez jake aurpegia lotsaz gorrituko.
Dohakabeak dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta estualdi guztietatik eban salbatu. R/.

V/.   Kanpaturik dago Jaunaren aingerua
hari begirune deutsoenen inguruan,
eta libratzen ditu.
Dastatu egizue eta ikusi zein ona dan Jauna;
zorionekoa harengan babesten dana. R/.

 

II. Irakurgaia

Honezkero zain daukat garaipenaren koroa.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren epistolatik

2 Tm 4, 6-8. 17-18

    Anaia maitea: Ni neure bizia opari eskeintzeko zorian nago; gainean dot mundu honetatik joateko ordua. Burruka ona egin dot, amaitu dot lasterketa, gorde dot sinismena. Honezkero zain daukat garaipenaren koroa, Jaunak, epaile zuzenak, azken egunean emongo deustan koroa; eta niri ez ezik, baita haren agerraldia maitasunez itxaroten daben guztiei be.
    Jauna neugaz izan neban eta indartu ninduan, nire bidez mezua osorik iragarria izan zedin eta jentil guztiek entzun egien. Berak atara ninduan lehoiaren ahotik. Jaunak atarako nau gatx guztitik eta salbatuko, zeruko bere erreinura eroanez. Berari aintza gizaldien gizaldietan. Amen.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mt 16, 18

R/.   Aleluia.

V/.   Zu Pedro zara, hatxa;
        hatx horren gainean eraikiko dot Nik neure Eleizea,
        eta Heriotzaren indarrak ez jakoz nagusituko. R/.

 

Ebanjelioa

Zu Pedro zara, hatxa;
zeruetako erreinuko giltzak emongo deutsudaz.

    Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 16, 13-19

    Aldi haretan, Jesusek, Filiporen Zesareara heldu zanean, itaun hau egin eutsen ikasleei: «Gizonaren Semea nor dala dino jenteak?»
Hareek erantzun: «Batzuek Joan Bateatzailea dala; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat».
    Jesusek, orduan: «Eta zuek, nor nazala dinozue?» Simon Pedrok erantzun eban: «Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea».
    Orduan, Jesusek esan eutson: «Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez deutsulako hazur-maminezko inork agertu, zeruko nire Aitak baino. Eta hauxe dinotsut Nik: Zu Pedro zara –hatxa–; hatx horren gainean eregiko dot Nik neure Eleiza, eta Herioaren indarrak ez jakoz nagusituko. Zeruetako erreinuko giltzak emongo deutsudaz: zuk mundu honetan lotua, zeruan be loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua, zeruan be askatua».

Jaunak esana.

 

Hitzaldia

 

    Zorionak, senideok, zaindariaren egun honetan. Jai zoriontsuak izan daizuezala, bakean eta errespetuan.

    Hauxe emon deusku gaurko Liturgia honetan iragarri dan Jainkoaren berbeak:

    Oso-osokoa dala Paulok Jesusengan dauan uste ona: haren barri emoten eralgi dau bere bizitza osoa.

    Salmoan abestu doguna jazo da haren bizitzan: Jaunak libratu dau bildur guztietatik: bildur barik eta askatasun osoz iragarri dau Barri Ona.

    Hauxe da Jesusek gugan aurkitu gura dauana, ebanjelioaren arabera: ez ikasitako gauza batzuk esaten edo egiten doguzala (ohitureari jarraituz), berari buruz dogun ustea eta bizikizuna (edo esperientzia) emoten dogula baino. Jesus Jauna geugan dan Barri Ona zabaltzea da hori.

    Senideok: aparteko aldi itxaropentsua bizi geike gaurko Eleizan. Inoiz ez dira izan aldi errezak: Pedrok bereak eta bi jasan behar izan ebazan eta baita Paulok ere… bizitza emoteraino.

    Gaur ere, eleizakoak izateagaitik, asko jasan behar dogu (lotsea, erasoak inondiko irri-barreak, hainbat eleizgizonen jokabide lotsabako, zikin eta gaitzetsi beharrekoak… Zikin asko dago gure etxe honetan. Non ez?

    Baina Frantzisko Aita santuak ez dau ezkutatu gura, haizetara atara baino, garbitu eta osatu ahal izateko, damutasunez parkamena eskatuz.

    Eta hementxe daukagu erronkea, senideok.

    Pedro eta Paulok, Jesusen barri emonez jaso ebezan eleiz alkarteak nahinon. Guk ere gaurko Eleizea jaso geike harrokeria handi barik, apaltasunez eta, sarritan, etxekoen euren irri eta barre artean. Baina merezi dauala Jesusen jarraitzaile izateak argi eukita.

    Ona litzateke horretarako taldeetan alkartzea, ebanjelioa hurragotik entzun-aztertu eta norberetuz, haren gozoa ezagutzeko eta, holan, haren iragarle izateko geure ingurutxoetan.

    Ez gagoz horretara ohituak. Bai etorten garala eleizkizunetara; baina zenbat kezkaz eta ondo ezez geratzen gara sarritan…

    Aukera ederrak jatorkuz gure Eleizan. Sinodala bihurtu gura dau Frantziskok: sartu gaitezan haren eraikuntzan. Jubileoan murgildu gura gaitu: landu daigun hau taldeetan. Gure Eleizbarrutiak ere eraikuntzaren 75. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi eskeiniko deuskuz: eskuhartzeko erak bilatu daiguzan.

    Ez gaitezala, ba, geure uste, ohitura eta betiko gauzetan galdu. Ausartu gaitezan astean edo hamabosterik behin, arratsalde bat emoten gure sinismena eta eleiztartasuna elikatzen eta garatzen, eta poz-iturri izango jaku.

    Pedro eta Paulo apostoluei izan jaken lez, Jesusek ez dau-eta hutsegiten.

 

 

HOMILIA

Senideok: gure Parrokiako zaindariaren eguna ospatzen dihardugu, herriak jai-giroan diharduan artean. Eta ondo egingo geuke gure sinismena ze girotan bizi izatea egokitu jakun hausnartzeaz. Ez deritxazue?

Pozik zagoze zaindariaren liturgia hau ospatzen? Pozik zagoze herriko giroaz? Zuen sinismena, herrian, argi eta gatz dala somatzen dozue? Ez zaitue, apur bat besterik ez bada ere, ituntzen edo tristetzen mezatarako hain gitxi alkartu izateak?

Begira. Jainkoaren erreinua iragarteko unea somatu ebanean, Jesusek lagunak bilatu ebazan. Hartu ebazanak ez ziran onenetarik aukeratutako onenak. Baina taldetxo bat egin eban. Talde horixe zan gero Eleizea dala esango dogunaren azpi-egiturea. Jesusek behin baino sarriagotan aurpegiratu eutsen sinismen txikikoak izatea; baina inoiz ere ez beste hutsik, ez eta bera ukatu izana ere. Eta, hiru bider ukatu eban Simon Pedroren esku, itzi eban taldeko beste guztiak adoretzeko eta gidatzeko eginkizuna.

Jesus Jaunaren biztuera ondoren, otoitzerako eta ogi-zatitzerako alkartzen ziran, eta, lagunak gehitzen jakezan arren, ez ziran erraztasunean bizi, juduekaz burrukan baino, ez ebezalako onartzen, euren Legetik eta ohituretatik kanpo bizi ziralako, kontrakulturan. Baina hareek Jesus berbiztuaren barri emoten eben, eta beste era batera bizi izan eitekeala iragarten, euren bizikera barriaz: sinismenean bizi izanez. Hau da: uste osoa Jainkoagan jarrita, eta ez Legean edo ohiturakerietan.

Jesus, Jainkoaganako maitasunagaitik eta haregazko etxekotasunagaitik (Jainkoari Aita esaten eutson, eta halan irakatsi bere ikasleei) erabili baeben aurrean eta kurutzean josi, Jainkoak madarikatua lez, zelan ez ebezan aurrean erabiliko haren jarraitzaileak?

Gure egunotan, senideok, geu gara Jesusen jarraitzaileak. Ez gara onenetan onenak, herriko jente apala baino. Jesusek ez deusku hutsik ez egiteko eskatzen, sinismena baino. Hau da: gure uste osoa beragan izatea, eta, beragaz bat eginda, alkarregaz eta alkarren arduraz eta alkar maitatzen bizi izan gaitezala.

Gauzak ez doguz argi ikusten gure Eleizan, eta bai  laino baltzen azpian: han-hor-hemen agertzen dira gure abade edo eleizgizon izandako askoren gehiegikeriak (agintekeriak, bortxakeriak, nagusikeriak…).Gainera, epe labur baten, gure eleizkizunak ia hutsik geratu dira; edo eleizkide nagusi askok erosokeriara jo dabe, telebista aurrera…

Ez doguz aldi errazak eta alaiak. Baina hauxe dinosku Pedro gure zaindariak bere gutunean: sinismena dala-ta, aurrean bazarabileez poztu zaiteze: ez zagoze bakarrik; Jesu Kristo zeuekaz dozue.

Eta halantxe da. Eleizearentzat sasoi baltzak diran egunotan, Aita Santuak Eleiz Sinodora deitzen gaitu. Hau da: Eleizea guztion gauza lez hartu daigula —dinosku— eta ez eleiz-agintarien gauza lez, geure burua eta zeregina baztertuta ikusiz Eleizan. Guztioi egiten deusku dei Aita santu Frantziskok geure berbea eta eritxia emotera eta geure ardurak hartzera. Holantxe emongo dogu Jesu Kristoren testigantzea, eta izango gara gure inguruan gatz eta argi.

Senideok, ba: gure zaindari Pedrori senideak adoretzeko eginkizuna emon baeutson Jaunak, guri ere, gure abadea aurretik dala,  horixe berori agintzen deusku: bakotxak bereari baino ez begiratzetik, alkar adoretzera pasatzea; gaurko Eleizea eraikitzea. Eta horretarako, alkartzea, otoitz egitea eta, ebanjelioa eskuan, Eleizearen esanetara jartea.

Eraikiko ete dogu gure parrokia hau gaurko erara? Bultzatzen gaitu gure zaindari Pedrok. Ipini daigun geure aldetik dagokiguna.

 

 Mezea / Lagungarriak

 HITZALDIA

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.