San Anton abata



Urtarrilaren 17an

San Anton, abata

Oroipena

Irakurgaia

Ezagutuko dozue jakintza guztien gainetik dagoan
Kristoren maitasuna.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 3, 14-19

    Senideok: Belauniko jartzen naz Aitaren aurrean, bai zeruan eta bai lurrean familia guztien sorburu danaren aurrean, eta hau eskatzen deutsat: bere aintzaren aberastasunari dagokionez, sendotu zagiezala bere Espirituaren indarrez, barrutik bizi zaitezen; bizi dadila Kristo zuen bihotzean sinismenaren bidez eta izan dadila maitasuna zuen bizitzaren erro eta oinarri. Holan ulertu ahal izango dozue, fededun guztiekin batera, zein zabal eta luze, zein garai eta sakon dan Kristoren maitasuna; ezagutuko dozue jakintza guztien gainetik dagoan maitasun hori, eta, holan, Jainkoaren betetasunaz beteko zarie.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 16 [15], 1-2a eta 5. 7-8. 11 (R/. ik. 5a)

R/.   Zeu zara, Jauna, nire ondarea.

V/.   Gorde nagizu, Jainko,
Zugan naz-eta babesten.
Hau dinotsat Jaunari: «Zu zaitut neure Jauna».
Jauna, Zeu zaitut neure ondarea, neure edontzia,
zeure esku dago nire zoria. R/.

V/.   Bedeinkatzen dot Jauna, aholku deust-eta emoten,
gauez be berak dau nire barrua hezten.
Begi aurrean dot Jauna eten barik;
ha eskuman dodala, ez naiteke dardaratu. R/.

V/.   Bizirako bidea erakutsiko deustazu;
alaitasunez beteko nozu zeure aurrean,
zorionez betiko zeure ondoan. R/.

 

Aleluia

        R/. Aleluia.

V/.   Nire hitzean irauten badozue,
        benetan nire ikasle izango zarie
        eta ezagutuko dozue egia, dino Jaunak. R/.

 

Ebanjelioa

Guztiz ona izan nahi badozu, zoaz eta saldu zeure ondasunak.

   Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 19, 16-26

    Aldi haretan, gazte batek Jesusengana hurreratu eta esan eutson: «Maisu, zer onik egin behar dot betiko bizitza eskuratzeko?»Jesusek erantzun eutson: «Zergaitik itauntzen deustazu onari buruz? Jainkoa bakarrik da ona. Betiko bizitzan sartu gura badozu, bete aginduak».
    Harek, barriz: «Zein agindu?» Eta Jesusek: «Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin guzurrezko testigantzarik, hartu aintzat aita-amak, eta maitatu lagun hurkoa zeure burua lez».
    Gazteak, orduan: «Hori guztiori bete dot; zer falta dot oraindik?» Jesusek erantzun eutson: «Guztiz ona izan nahi badozu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta emon behartsuei, eta altxorra izango dozu zeruan; gero, erdu eta jarraitu Niri».
    Berba honeek entzutean, nahigabeturik joan zan gaztea, ondasun handien jabe zan-eta.
    Jesusek esan eutsen ikasleei: «Benetan dinotsuet: aberatsa nekez sartuko da zeruetako erreinuan. Barriro dinotsuet: jostorratzaren begitik ganbelua igarotzea errezago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino».
    Berbok entzutean, ikasleek, zeharo harriturik, holan inoen: «Nor salbatu leiteke, orduan?» Jesusek begira-begira jarri eta esan eutsen: «Gizakiarentzat ezinezkoa da hori, baina Jainkoak dana leike».

Jaunak esana.