1005_Tenporak

Urriaren 5ean

Eskari eta esker onezko otoitz egunak

Astegun Nagusia

OTOITZ-EGUN BAKARRA OSPATUKO DANERAKO MEZEA

 

I. Irakurgaia

Jainkoak emoten deutsu
ondasun horreek lortzeko indarra.

Deuteronomioa liburutik

Dt 8, 7-18

    Moiosesek honan berba egin eutson herriari: «Jaunak, zure Jainkoak, lurralde ederrera eroango zaitu: lurralde oparoa da, errekaz, iturriz eta ibarretan eta mendietan sortutako iturburuz hornitua; gari, garagar, mahasti, ikondo, granadondo, olibondo, orio eta eztiz hornidua. Ogia neurri barik jan ahal izango dozu eta ez jatzu ezer be faltako. Hango harriek burdina dabe eta mendietatik kobrea atarako dozu. Asetu arte jango dozu, beraz, eta Jauna, zeure Jainkoa, bedeinkatuko dozu, emon deutsun lurralde ederragaitik.
    Baina, kontuz! Ez ahaztu Jauna, zeure Jainkoa, gaur emoten deutsudazan haren agindu, lege eta erabagiak bazterrera itziz. Ez dadila jazo, asetu arte jatean, zeuk eraikitako etxe ederretan bizitzean eta zeure behiak eta ardiak, zidarra eta urrea eta era guztietako ondasunak gehitzean, zeu harrotu eta Jauna, zeure Jainkoa, ahaztuta iztea. Berak atara zaitu Egiptotik, esklabotza-lurraldetik; berak eroan zaitu suge pozoitsuz eta eskorpioiz betetako basamortu handi eta ikaragarrian zehar, urik bako eremu lehor horretan zehar berak atara dau sukarritik ura eta edaten emon deutsu; berak emon deutsu jaten basamortuan zure gurasoek ezagutu ez eben mana. Atsekabetu eta probatu zaitu, bai, baina azkenean zeure onerako izan da.
    Ez esan zeure buruari: "Neure indarrez eta trebetasunez lortu ditut ondasun honeek guztiak"; gogoratu egizu Jaunak, zeure Jainkoak, emoten deutsula ondasun horreek lortzeko indarra; holan, leial eusten deutso gaur be zure gurasoei zin eginez agindutakoari».

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

1 Kro 29, 10bc. 11. 12 (R/. 11a)

R/.   Zeurea dozu, Jauna, handitasuna eta indarra.

V/.   Bedeinkatua Zu, Jauna, gure aita Israelen Jainkoa,
betidanik betidaino. R/.

V/.   Zeurea dozu, Jauna, handitasuna eta indarra,
ospea, distira eta nagusitasuna;
zeurea dozu zeru-lurretan dagoan guztia,
zeurea, Jauna, erregetza
eta diran guztien gaineko nagusitza. R/.

V/.   Zugandik datoz aberastasuna eta ospea,
zeure menpe dozu dana.
Zeure esku dozu indarra eta ahalmena,
zeure esku guztia handi eta sendo egitea. R/.

 

II. Irakurgaia

Jainkoak, Kristoren bitartez,
beragaz adiskidetu gaitu.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik

2 Ko 5, 17-21

    Senideok: Kristorena dana sorkari barri da; zaharrarenak egin dau, barria sortu da. Hau guztia Jainkoagandik dator, Kristoren bitartez beragaz adiskidetu gaitualako, eta adiskidetzeko zerbitzua geuri emon deusku. Izan be, Jainkoak ziharduan Kristogan mundua beragaz adiskidetzen, gizon-emakumeei pekatuen kontua eskatu barik, eta geuri emon deusku adiskidetzearen mezua.
    Senideok: Kristoren mandatari gara, eta gure bitartez Jainkoak berak erregutuko baleutsue lez da. Kristoren izenean eskatzen deutsuegu: adiskidetu zaiteze Jainkoagaz. Pekatuagaz zerikusirik izan ez eban ha, Jainkoak gugaitik pekatuagaz bat egin eban, guk haren bitartez Jainkoaren salbazinoa lortu gengian.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mk 1, 15

R/.   Aleluia.

V/.   Hurrean da Jainkoaren erregetza, dino Jaunak.
        Bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona. R/.

 

Ebanjelioa

Eskatzen dauanak hartu egiten dau.

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 7, 7-11

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Eskatu, eta emongo deutsue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko dozue; jo atea, eta zabalduko deutsue; ze, eskatzen dauanak hartu egiten dau, bilatzen dauanak aurkitzen, eta atea jotzen dauanari zabaldu egiten jako.
    Zuetariko nonork, semeak ogia eskatuta, harria emongo ete deutso? Edota arraina eskatuta, sugea emongo ete deutso? Halandaze, zuek, txarrak izanda be, zeuen seme-alabei gauza onak emoten badakizue, zenbat gehiago ez deutsez zeruko zuen Aitak gauza onak emongo eskatzen deutsoenei!

Jaunak esana.

 

Hiru otoitz-egun ospatuko diranerako mezak

Esker onezko eguna

I. Irakurgaia (1. aukera)

Jainkoaren dohaia dau gizakiak lurraren jaube izatea.

Hasiera liburutik

Has 1, 27-30

    Jainkoak bere irudiko egin eban gizakia, Jainkoaren beraren irudiko egin eban; gizaseme eta emakume kreatu ebazan. Eta bedeinkatu egin ebazan Jainkoak eta esan eutsen: «Sortu egizuez umeak eta ugaritu, bete lurra eta izan haren nagusi; menperatu egizuez itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak eta lurrean dabiltzan piztia guztiak».
    Jainkoak esan eban: «Begira, zuei emoten deutsuedaz lurraren azalean diran hazidun landare guztiak eta hazidun frutua dakarren zuhaitz guztiak; janari izango dozuez horreek. Abereei, zeruko hegaztiei eta lurrean dabiltzan bizidun guztiei, barriz, bedarra emoten deutset janari». Eta halan izan zan.

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 8, 4-5. 6-7. 8-9. 10 (R/. ik. 7a)

R/.   Jauna, zeure eskulan guztien buru
        ipini dozu gizakia.

V/.   Zure eskuen lana dan ortzia
eta sortu dozuzan iretargi-izarrak ikusita,
zer da gizakia, Zu haretaz gogoratzeko?,
zer gizasemea, Zu haretaz arduratzeko? R/.

V/.   Ia jainko baten pareko egin dozu,
aintzaz eta distiraz koroatu;
zeure eskulan guztien buru ipini dozu,
danak haren menpe jarri dozuz. R/.

V/.   Ardi eta behi-taldeak,
baita basapiztiak be,
zeruko hegaztiak eta itsasoko arrainak,
itsasoan dabiltzan guztiak. R/.

V/.   Jauna, gure Jauna,
bai miragarria zure izena lubira osoan. R/.

 

I. Irakurgaia (2. aukera)

Jainkoak emoten deutsu
ondasun horreek lortzeko indarra.

Deuteronomioa liburutik

Dt 8, 7-18

    Moisesek honan berba egin eutson herriari: «Jaunak, zure Jainkoak, lurralde ederrera eroango zaitu: lurralde oparoa da, errekaz, iturriz eta ibarretan eta mendietan sortutako iturburuz hornidua; gari, garagar, mahasti, ikondo, granadondo, olibondo, orio eta eztiz hornidua. Ogia neurri barik jan ahal izango dozu eta ez jatzu ezer be faltako. Hango harriek burdina dabe eta mendietatik kobrea atarako dozu. Asetu arte jango dozu, beraz, eta Jauna, zeure Jainkoa, bedeinkatuko dozu, emon deutsun lurralde ederragaitik.
    Baina, kontuz! Ez ahaztu Jauna, zeure Jainkoa, gaur emoten deutsudazan haren agindu, lege eta erabagiak bazterrera itziz. Ez dadila jazo, asetu arte jatean, zeuk eraikitako etxe ederretan bizitzean eta zeure behiak eta ardiak, zidarra eta urrea eta era guztietako ondasunak gehitzean, zeu harrotu eta Jauna, zeure Jainkoa, ahaztuta iztea. Berak atara zaitu Egiptotik, esklabotza-lurraldetik; berak eroan zaitu suge pozoitsuz eta eskorpioiz betetako basamortu handi eta ikaragarrian zehar, urik bako eremu lehor horretan zehar berak atara dau sukarritik ura eta edaten emon deutsu; berak emon deutsu jaten basamortuan zure gurasoek ezagutu ez eben mana. Atsekabetu eta probatu zaitu, bai, baina azkenean zeure onerako izan da.
    Ez esan zeure buruari: "Neure indarrez eta trebetasunez lortu ditut ondasun honeek guztiak"; gogoratu egizu Jaunak, zeure Jainkoak, emoten deutsula ondasun horreek lortzeko indarra; holan, leial eusten deutso gaur be zure gurasoei zin eginez agindutakoari».

Jaunak esana

 

Erantzun-salmoa

1 Kro 29, 10bc. 11. 12 (R/. ik. 11a)

R/.   Zeurea dozu, Jauna, handitasuna eta indarra.

V/.   Bedeinkatua Zu, Jauna, gure aita Israelen Jainkoa,
betidanik betidaino. R/.

V/.   Zeurea dozu, Jauna, handitasuna eta indarra,
ospea, distira eta nagusitasuna;
zeurea dozu zeru-lurretan dagoan guztia,
zeurea, Jauna, erregetza
eta diran guztien gaineko nagusitza. R/.

V/.   Zugandik datoz aberastasuna eta ospea,
zeure menpe dozu dana.
Zeure esku dozu indarra eta ahalmena,
zeure esku guztia handi eta sendo egitea. R/.

 

II. Irakurgaia (1. aukera)

Izan zaiteze esker oneko.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik

Kol 3, 15b-17

    Senideok: Izan zaiteze esker oneko. Bizi bedi oparo zuengan Kristoren hitza; irakatsi eta aholkatu jakituria osoz; kantatu Jainkoari bihotzez eta esker onez salmoak, gorazarreak eta kantu inspiratuak. Edozer esaten nahiz egiten dozuela, egizue dana Jesu Kristo Jaunaren izenean, haren bidez Jainko Aitari eskerrak emonez.

Jaunak esana.

 

II. Irakurgaia (2. aukera)

Zaharrak ahuspeztu egiten dira eskerrak emoteko.

Apokalipsia liburutik

Ap 4, 10-11

    Nik, Joanek, ikuskari bat izan neban: Hogeta lau zaharrak tronuan jesarrita dagoanaren aurrean ahuspeztu eta gizaldien gizaldietan bizi dana gurtzen eben eta euren koroak tronuaren aurrera botatzen, esanez:

«Gure Jaun eta Jainko hori,
bazara Zu nor aintza, ohorea eta ahalmena hartzeko,
Zeuk zenduzan-eta gauza guztiak egin
eta zure nahi izatez
sortu eta diraue oraindino».

Jaunak esana.

 

Aleluia

R/.   Aleluia

V/.   Goresten zaitugu, oi Jainko,
        autortzen zaitutugu, Jauna;
       
Zuri, Aita betikoa,
        agur Zuri lur osoak. R/.

       

Ebanjelioa (1. aukera)

Jesusen oinetara ahuspez jausi zan, eskerrak emonez.

    Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 17, 11-19

    Behin baten, Jesus Jerusalemera bidean, Samarian eta Galilean zehar joian. Herritxu baten sartzean, hamar legenardunek urten eutsoen bidera. Urrun geldituta, deadarka esan eutsoen: «Jesus, Maisu, erruki zakiguz!»
     Jesusek, ikustean, esan eutsen: «Joan eta azaldu abadeakana». Bidean joiazala, garbi gelditu ziran.
    Hareetariko bat, osatuta egoala oharturik, deadarka Jainkoa goratuz bihurtu eta Jesusen oinetara ahuspez jausi zan, eskerrak emonez. Samariarra zan bera.
    Jesusek esan eban: «Ez dira hamarrak garbi gelditu ala? Non dira beste bederatziak? Ez ete da izan atzerritar hau besterik Jainkoa goratzera etortzeko?» Gero, esan eutson: «Jagi eta zoaz; zeure sinismenak salbatu zaitu».

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Sal 66 [65], 16

R/.   Aleluia.

V/.   Betor gurekin, Jauna, zure maitasuna,
        Zugan dogu-eta jarria itxaropena. R/.

 

Ebanjelioa (2. aukera)

Jakin eragin Jaunak, zutaz errukiturik, egin deutsun guztia.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 5, 18-20

    Aldi haretan, Jesus ontzira igotean, deabrudun izanak arren eskatzen eutson beragaz ibiltzen izteko; baina Jesusek ez eutson itzi, ezpada ze, hauxe esan eutson: «Zoaz etxera, zeure senitartera, eta jakin eragin Jaunak, zutaz errukiturik, egin deutsun guztia». Joan zan, bada, eta Jesusek egin eutsona iragartzen hasi zan Dekapolisko lurraldean. Harriturik gelditzen ziran danak.

Jaunak esana.

 

Penitentzia eguna

Penitentzia egun hau, ahal dala, urriaren 5aren ondorengo barikuan ospatuko da, edo, urriaren 5a barikuz bada, urriaren 6an nahiz hurrengo asteko edozein egunetan.
          Oso ondo legoke egun honetan, pekatuen parkamenerako Mezaz gainera, Penitentziako sakramentuaren alkarteko ospakizuna egitea; ez, ostera, Eukaristiaren barruan.
          Ospakizun honetan «Pekatuen parkamena eskatzeko» Mezako irakurgaiak ere erabili datekez (ik. Irakurgaiak, V. lib. 573. or.)

 

I. Irakurgaia (1. aukera)

Bihurtu zaiteze, aldendu zeuen gaiztakeria guztietatik.

Ezekielen Profezia liburutik

Ez 18, 21-23. 30-32

    Honan berba egiten dau Jainko Jaunak: «Gaiztoa, egindako pekatu guztietatik aldentzen bada, nire agindu guztiak gordetzen baditu eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen, biziko da, bai, eta ez da hilko. Ez dira gogoan hartuko harek egin dituan gaiztakeriak; bere egintza zuzenakaitik biziko da.
    Hau dinot nik, Jainko Jaunak: Gaiztoaren heriotza nahi ete dot, bada, Nik, eta ez jokabidez aldatu eta bizitzea?
    Beraz, Israel herri, nor bere jokabidearen arabera epaituko dot Nik –dino Jainko Jaunak–. Bihurtu zaiteze, aldendu zeuen gaiztakeria guztietatik eta ez zarie errudun izango. Kendu zeuengandik egindako gaiztakeria guztiak eta egizuez barri zeuen gogo-bihotzak. Zergaitik hil behar dozue, israeldarrok? Nik ez dot inoren heriotzarik nahi –dino Jainko Jaunak–; bihurtu, ba, eta bizi zaiteze».

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 51 [50], 3-4. 5-6b. 12-13. 14 eta 17 (R/. ik. 3a)

R/.   Erruki, Jauna, pekatu egin dogu-eta.

V/.   Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
desegin nire hobena zeure neurribako errukiz.
Garbitu nagizu zehatz neure errutik,
garbitu neure pekatutik. R/.

V/.   Autortzen dot, bai, neure hobena,
begi aurrean dot eten barik neure pekatua.
Zure aurka, zure aurka bakarrik, egin dot pekatu,
zure begietan oker dana egin dot. R/.

V/.   Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu arnasa sendoa nire barruan.
Ez nagizu bota zeure aurretik,
ez kendu niri zeure arnasa santua. R/.

V/.   Poztu nagizu barriro zeure salbazinoaz,
sendotu nagizu zeure arnasa oparoaz.
Edegi, Jauna, nire ezpanak,
eta nire ahoak iragarriko dau zure gorespena. R/.

 

I. Irakurgaia (2. aukera)

Urratu egizuez bihotzak, ez soinekoak.

Joelen Profezia liburutik

Jl 2, 12-18

    Orain hau dino Jaunak:
«Bihurtu zaiteze Nigana bihotz-bihotzez,
barauz, negarrez eta doluz.
Urratu egizuez bihotzak, ez soinekoak;
bihurtu zaiteze Jaunagana, zeuen Jainkoagana,
bihozbera eta errukitsua da-eta,
hasarregatxa eta maitasun handikoa,
bere amenazuez damutzen dana.
Beharbada atzera egin eta damutuko da,
eta bedeinkatuko zaitue ostera,
labore- eta isur-oparia eskeini deiozuen
Jaunari, zeuen Jainkoari.

Jo turuta Sionen, antolatu baraualdia, dei egin batzarrera;
batu herria batzar santura,
batu zaharrak, ekarri umeak, baita bularrekoak be.
Urten begi senarrak ezkongelatik, emazteak ezkon-ohetik.
Negar egin begie atari eta altara bitartean
abadeek, Jaunaren zerbitzariek.
Esan begie: "Parkatu, Jauna, parkatu zeure herriari;
ez itzi lotsatan zeure ondarea,
ez dagiela menperatu atzerritarrek,
ez dagiela esan beste herriek:
Non dabe, bada, euren Jainkoa?"»

Bere lurraldeagazko maiteminez bete zan Jauna
eta parkatu eutson bere herriari.

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 130 [129], 1-2. 3-4. 5-6b. 6c-8 (R/. ik. 3)

R/.   Gure erruak gogoan badaukazuz, Jauna,
        nor dagoke zutunik, Jauna?

V/.   Barru- barrutik dei egiten deutsut, Jauna;
entzun, Jauna, nire berbea!
Begoz zuhur zure belarriak
nire erregu-oihura. R/.

V/.   Erruak kontuan badozuz, Jauna,
nork iraun zutunik, ene Jauna?
Baina Zuri parkamena dagokizu,
Zuganako begirunean bizi gaitezan. R/.

V/.   Jaunaren zain nago, zain dago nire barrua,
haren hitza dot itxaroten;
nire barrua Jaunaren gogo biziz dago,
gauzaina egunsentiaren gurari biziz baino gehiago. R/.

V/.   Gauzainak egunsentia lez,
itxaron begi Israelek Jaunagan,
Jaunarena da-eta maitasuna,
harena askapen betea.
Berak askatuko dau Israel
bere erru guztietatik. R/.

 

II. Irakurgaia (1. aukera)

Jainkoak, Kristoren bitartez,
beragaz adiskidetu gaitu.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik

2 Ko 5, 17-21

    Senideok: Kristorena dana sorkari barri da; zaharrarenak egin dau, barria sortu da. Hau guztia Jainkoagandik dator, Kristoren bitartez beragaz adiskidetu gaitualako, eta adiskidetzeko zerbitzua geuri emon deusku. Izan be, Jainkoak ziharduan Kristogan mundua beragaz adiskidetzen, gizon-emakumeei pekatuen kontua eskatu barik, eta geuri emon deusku adiskidetzearen mezua.
    Senideok: Kristoren mandatari gara, eta gure bitartez Jainkoak berak erregutuko baleutsue lez da. Kristoren izenean eskatzen deutsuegu: adiskidetu zaiteze Jainkoagaz. Pekatuagaz zerikusirik izan ez eban ha, Jainkoak gugaitik pekatuagaz bat egin eban, guk haren bitartez Jainkoaren salbazinoa lortu gengian.

Jaunak esana.

 

II. Irakurgaia (2. aukera)

Itzi dagigun oztopo jakun guztia
eta inguratzen gaituan pekatua.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 12, 1-5

    Senideok: Hainbat eta hainbat testiguz inguratuta gagozan ezkero, itzi dagigun oztopo jakun guztia eta inguratzen gaituan pekatua, eta ekin deiogun atzera egin barik aurrean dogun lasterketari. Jarri dagiguzan begiak sinismenaren iturri eta betetzaile dogun Jesusengan. Honek be, itxaroten eban zorionagaitik, kurutzean hiltzea onartu eban, heriotza lotsagarria zala kontuan hartu barik, eta orain Jainkoaren tronuaren eskumaldean jesarrita dago.
    Izan egizue, bada, gogoan pekatarien aldetik halako erasoaldia jasan eban ha, adorea galdu eta atzera egin ez dagizuen. Oraindino ez zarie bizia galtzeraino heldu pekatuaren aurkako zeuen burrukan. Ahaztu egin dozue seme-alabei lez emoten jatzuen aholkua:
«Ene seme, ez baztertu Jaunaren zentzaldia,
ezta galdu be adorea, hasarre egiten badeutsu».

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Mk 1, 15

R/.   Aleluia.

V/.   Hurrean da Jainkoaren erregetza, dino Jaunak;
        bihotz-barritu gaitezan eta sinistu dagigun Barri Ona. R/.

 

Ebanjelioa (1. aukera)

Bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 1, 1-8. 14-15

    Mesias eta Jainkoaren Seme dan Jesusen Barri Onaren hasiera. Isaias profetaren liburuan honan dago idatzita:
«Begira, neure mezularia bialtzen dot zure aurretik,
zuri bidea prestatzera.
Ahotsak dihardu oihuka basamortuan:
“Prestatu bidea Jaunari,
arteztu bidezidorrak hari”».

    Halantxe agertu zan Joan basamortuan, bateatzen eta bihotz-barritzeko bateoa iragartzen, pekatuen parkamenerako. Judea osotik eta Jerusalemdik harengana joaten zan jente guztia, eta, euren pekatuak autorturik, Joanek bateatu egiten zituan Jordan ibaian.
    Joan ganbelu-narruz jantzita egoan, eta garrian narruzko ugala; saltamatxinoak eta basa eztia zituan janari. Eta holan iragartzen eban: «Nire ondorik dator ni baino ahaltsuagoa dana, eta ni ez naz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko be. Nik urez bateatu zaituet; harek, barriz, Espiritu Santuaz bateatuko zaitue».
    Joan Bateatzailea kartzelan sartu ebenean, Jesus Galileara joan zan eta Jainkoaren Barri Ona iragartzen eban. Holantxe inoan: «Bete da epea, eta hurrean da Jainkoaren erregetza. Bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona».

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Mk 1, 15

R/.   Aleluia.

V/.   Hurrean da Jainkoaren erregetza, dino Jaunak;
        bihotz-barritu gaitezan eta sinistu dagigun Barri Ona. R/.

 

Ebanjelioa (2. aukera)

Agertu egizue zeuen egiteetan
bihotz-barrituak zagozela.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 3, 7-14

    Aldi haretan, hau esaten eutson Joanek bateatzera etorkon jenteari: «Sugekumeok! Nork esan deutsue gainean dozuen hasarre-zigorrari ihes egingo deutsazuenik? Agertu egizue zeuen egiteetan bihotz-barrituta zagozeela, eta ez hasi “Abrahamen ondorengo gara” esaten. Egia esan, honako harri honeetatik be atara leikez Jainkoak Abrahamen ondorengoak. Gainera, prest dago aizkora zuhaitza hondotik jotzeko: frutu onik emoten ez dauan zuhaitza ebagi eta surtara botako da».
    Eta itauntzen eutson jenteak Joan Bateatzaileari: «Zer egin behar dogu?» Harek erantzuten eutsen: «Soineko bi dituanak emon beio bat ez daukanari, eta jatekorik daukanak egin begi gauza bera».
    Etorri jakozan zergalari batzuk be bateatzera eta itaundu eutsoen: «Maisu, zer egin behar dogu?» Eta harek esan eutsen: «Ez eskatu erabagita dagoana baino gehiago».
    Gudariek be itaundu eutsoen: «Eta guk zer egin behar dogu?»  Harek erantzun: «Ez atara inori dirurik gogorkeriaz, ezta guzurrezko salaketaz be; ezpada ze, konformatu zaiteze daukazuen soldatarekin».

Jaunak esana.

Giza lanaren aldeko eskari-eguna

«Giza lanaren aldeko eskari-eguneko» ospakizun honetan «Urte barriaren hasieran» Mezako irakurgaiak be erabili daitekez (ik. Irakurgaiak, V. lib., 483. or.), baita «Gizakiaren lana santutzeko» Mezakoak be (ik. ibid. 489. or.).

 

I. Irakurgaia (1. aukera)

Anak negar-malkotan otoitz egin eutson Jaunari.

Samuel lehenengo liburutik

1 Sm 1, 10-18

    Egun hareetan, Ana oso nahigabetuta egoan eta negar-malkotan otoitz egin eutson Jaunari. Promes hau egin eutson: «Jaun ahalguztiduna, zeure mirabe honen atsekabeari begiratzen badeutsazu eta nitaz gogoratzen bazara, zeure mirabe honetaz ahazten ez bazara eta semea emoten badeustazu, Zuri, Jaun horri, eskeiniko deutsut ha bizitza osorako. Labanak ez dau haren ulerik ebagiko».
    Anak bere otoitzaldia luzatzen ebane-eta Jaunaren aurrean, Eli haren ezpanetara begira egoan. Anak bere barrurako berba egiten eban; ezpanak mogitzen ebazan, baina ez jakon ahotsa entzuten. Mozkortuta egoala begitandu jakon Eliri, eta esan eutson: «Noiz arte egon behar dozu mozkortuta? Bota egizu ardao hori».
    Anak erantzun eutson: «Ez, jauna, emakume guztiz atsekabetua nozu; ez dot ardaorik, ez beste edari mozkorgarririk edan. Neure barrua hustu dot Jaunaren aurrean. Ez dagizula zeure mirabe hau emakume txartzat hartu, neure saminaren eta nahigabearen handiz berba egin dot-eta orain arte».
    Orduan, esan eutson Elik: «Zoaz bakean eta emon deizula Israelen Jainkoak eskatu deutsazuna». Anak, orduan: «Izan dagidala neugaz zure onginahia». Joan zan andrea bere bidetik, jan eban eta  haren aurpegiak ez zirudian lehengoa.

Jaunak esana.

Erantzun-salmoa

Sal 28 [27], 1ab eta 2. 7. 8-9 (R/. ik. 2a)

R/.   Entzun, Jauna, nire otoitz-oihua.

V/.   Jauna, Zeuri egiten deutsut dei,
ene harkaitz, ez egin entzungor.
Entzun nire erregu-oihua,
laguntza eskatzen deutsudanean,
eskuok zure santutegirantz
jasotzen ditudanean. R/.

V/.   Jauna dot indar eta babeski,
nire bihotzak harengan konfiantza;
lagundu deust eta pozarren dot bihotza,
kantuz emoten deutsadaz eskerrak. R/.

V/.   Jauna da bere herriaren indar,
berak igurtzitako erregearen babes eta salbazino.
Salbatu zeure herria eta bedeinkatu zeure ondarea,
izan beti honeen artzain eta gidaria. R/.

 

I. Irakurgaia (2. aukera)

Jauna, zeure menpe dozu dana.

Ester liburutik

Est 4, 17b-17e. 17k-17l

    Mardokeok honan egin eban otoitz: «Abrahamen Jainko, Isaaken Jainko eta Jakoben Jainko, bedeinkatua Zu! Jauna, Jauna, errege ahalguztiduna, zeure menpe dozu dana eta ezin deutso inork zure nahiari kontra egin, Zuk Israel salbatu nahi badozu.
    Zeuk egin dozuz zeru-lurrak eta zerupean diran gauza miresgarri guztiak. Zeu zara guztien Jaun eta ezin deutsu inork be kontra egin, Jauna.
    Ez baztertu zeure herria, zeure egiteko Egiptotik askatu zenduan ondarea. Entzun nire eskaria; agertu zaitez zeure ondare dozun herriaren alde, eta bihurtu egizu alaitasun gure atsekabea. Eta, bizirik iraunez, gorazarreak kantatuko deutsaguz zure izenari, Jauna. Ez isilarazo goresten zaituenen ahoa».

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 25 [24], 1-3. 4-5b. 6-7 (R/. 2a)

R/.   Ene Jainko, Zugan dut konfiantza,
        ez nadila lotsagarri gerta.

V/.   Jauna, Zugana jasotzen dot gogoa;
        ene Jainko, Zugan dot konfiantza,
        ez nadila lotsagarri geratu;
        ez daitezala arerioak nire lepotik poztu;
        ez daitezala lotsatu Zugan itxaroten dabenak;
        bai, ostera, hutsagaitik baztertzen zaituenak. R/.

V/.   Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,
erakutsi zeure bidezidorrak.
Gidatu nagizu zeure leialtasunean, eta irakatsi,
Zeu zara-eta nire Jainko salbatzailea. R/.

V/.   Izan gogoan, Jauna, zeure errukia eta maitasuna,
betidanikoak dira-eta.
Gogoratu nitaz zeure maitasunean,
zeure ontasunari dagokionez, Jauna. R/.

 

II. Irakurgaia (1. aukera)

Otoitz egiten badozue,
Jaunak nahi dauan eran biziko zarie.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik

Kol 1, 9-11

    Senideok: Zuen jokabidearen barri izan genduanetik, eten barik dihardugu zuen alde otoitzean. Jainkoari eskatzen deutsogu, jakituria osoz eta Espirituak emoten dauan ulermenaz jantzirik, Jainkoaren nahia bete-betean ezagutu dagizuela. Holan, Jaunak nahi dauan eran biziko zarie, atsegin dauan guztia eginez, era guztietako egintza onak frututzat emonez eta Jainkoa gero eta hobeto ezagutuz.
    Haren ahalmen aintzatsuak indartzen zaitue, dana jasateko iraupena eta pazientzia izan dagizuen.

Jaunak esana.

 

II. Irakurgaia (2. aukera)

Indar handia dau zintzoaren otoitz sutsuak.

Santiago Apostoluaren epistolatik

St 5, 13-18

    Senide maiteok: Zuetako norbait sufritzen dagoala? Egin dagiala otoitz. Pozik dagoala? Kantatu dagizala gorazarreak. Zuetako norbait gaixo dagoala? Dei egin deiela eleiza arduradunei, beraren alde otoitz egin eta Jaunaren izenean orioz igurtzi dagien. Fedez egindako otoitzak osasuna emongo deutso gaixoari eta jagiarazoko dau Jaunak, eta parkatu egingo deutso, pekaturik egin badau.
    Autortu batak besteari zeuen pekatuak eta egin otoitz alkarren alde, salbatu zaitezen. Indar handia dau zintzoaren otoitz sutsuak. Gu lako gizakia zan Elias be, baina sutsu egin eban otoitz euririk egin ez egian, eta hiru urte eta sei hilabetean ez eban lurrean euririk egin. Gero, otoitz egin eban barriro, eta zeruak euria emon eban eta lurrak frutua ekarri.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Sal 68 [67], 20b-21a

R/.   Aleluia.

V/.   Bere gain hartu gaitu geure Jainko salbatzaileak,
        gure Jainkoa Jainko salbatzailea. R/.

 

Ebanjelioa (1. aukera)

Eskatzen dauanak hartu egiten dau.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 7, 7-11

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Eskatu, eta emongo deutsue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko dozue; jo atea, eta zabalduko deutsue; ze, eskatzen dauanak hartu egiten dau, bilatzen dauanak aurkitzen, eta atea jotzen dauanari zabaldu egiten jako.
    Zuetariko nonork, semeak ogia eskatuta, harria emongo ete deutso? Edota arraina eskatuta, sugea emongo ete deutso? Halandaze, zuek, txarrak izanda be, zeuen seme-alabei gauza onak emoten badakizue, zenbat gehiago ez deutsez zeruko zuen Aitak gauza onak emongo eskatzen deutsoenei!

Jaunak esana.

 

Ebanjelioa (2. aukera)

Jainkoak egingo deutse justizia
deadarka dabilkozan bere aukeratuei.

    Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 18, 1-8

    Aldi haretan, eten barik egin behar ebela otoitz eta ez ebela itxaropena galdu behar adierazoteko, parabola hau esan eutsen Jesusek: «Bazan uri baten epaile bat, ez Jainkoari bildurrik, ez gizakiari begirunerik ez eutsona. Bazan uri berean emakume alargun bat be. Berau epaile harexengana joaten zan, eskatzera: “Egidazu justizia aurkariagazko auzian”. Luzaroan epaileak ez eutson jaramonik egin gura izan, baina azkenean bere barruan esan eban: “Ez deutsat Jainkoari bildurrik, ez gizakiari begirunerik; baina, alargun hau gogaikarri jatanez, egingo deutsat justizia, behingoz bakean itzi nagian”».
    Eta holan amaitu eban Jaunak: «Begira zer dinoan epaile zuzentasun bakoak. Eta Jainkoak, ez ete deutse justizia egingo, gau eta egun deadarka dabilkiozan bere aukeratuei? Itxaroten eukiko ete ditu luzaroan?
    Justizia behingoan egingo deutsela dinotsuet. Baina Gizonaren Semeak, etorriko danean, aurkituko ete dau sinismenik munduan?»

Jaunak esana.