0704_Balentin Berrio-Otxoa

Uztailaren 4an

San Balentin Berrio-otxoa, gotzaina eta martiria

Elizbarrutiko bigarren zaindaria

Jaia

I. Irakurgaia

Erre-opari lez onartu ebazan.

Jakituria liburutik

Jkt 3, 1-9

Zintzoen bizia Jainkoaren eskuetan dago,
ez ditu ezelako oinazek harrapatuko.
Zentzunbakoen begietan hilda egozan behin betiko,
hareek hemendik urtetea zoritxartzat jo eben
eta gugandik urruntzea guztizko hondamenditzat;
baina zintzoak bakean dagoz.
Gizakien eretxiz, zigorra jasan eben,
baina hareek hilezkor izateko itxaropenez beterik egozan.

Apur bat zigortuak izan ondoren,
sari handia jasoko dabe;
Jainkoak probatu egin ebazan
eta beretzat duin aurkitu.
Urrea arragoan lez garbitu ebazan
eta erre-opari lez onartu.
Kontuak emoteko egunean distiratsu agertuko dira
eta galtzutan arin zabaltzen dan txinparta lez izango.
Nazinoak gobernatuko dabez, herriak menperatuko,
eta Jauna izango dabe errege betiko.

Uste ona Jainkoagan dabenek ulertuko dabe egia,
haren maitasunari leial jakozanek iraungo dabe beragaz;
onginahia eta errukia dau-eta fededunentzat
eta ardura bere aukeratuentzat.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 34 [33], 2-3. 4-5. 6-7. 8-9 (R/. 5b)

R/.   Bildur guztietatik ninduan libratu Jaunak.

V/.   Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorespena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu beitez. R/.

 

V/.   Handietsi nigaz batera Jauna,
goratu dagigun alkarregaz haren izena.
Jaunagana jo neban, eta harek erantzun,
bildur guztietatik ninduan libratu. R/.

V/.   Begiratzen deutsoenak distiratsu egongo dira,
ez jake aurpegia lotsaz gorrituko.
Dohakabeak dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta estualdi guztietatik eban salbatu. R/.

 

V/.   Kanpaturik dago Jaunaren aingerua
hari begirune deutsoenen inguruan,
eta libratzen ditu.
Dastatu egizue eta ikusi zein ona dan Jauna;
zorionekoa harengan babesten dana. R/.

 

II. Irakurgaia

Jesusen heriotza daroagu geugan.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik      

2 Ko 4, 7-15

        Senideok: Altxor baliotsu hau buztinezko ontzian daroagu, argi agertu dadin honenbesteko indarra Jainkoagandik datorrela, eta ez gugandik. Alde guztietatik estutzen gaitue, baina zapaltzen ez; larri gagoz, baina ustea galduta ez; erasopean bai, baina eskutik itzita ez; lurrera botatzen gaitue, baina hondatzen ez; nonahi eta beti Jesusen heriotza daroagu geugan, Jesusen bizia be gugan agertu dadin.
        Bizi garan bitartean, beti heriotzara garoez Jesusengaitik, gure izate hilkor honetan Jesusen bizia be agertu dadin. Holan, gugan heriotzeak dihardu; zuengan, barriz, biziak.
        Hauxe dino Liburu Santuak: «Sinistu neban, eta horregaitik hitz egin neban». Guk be, sinismen-espiritu bera dogula, sinisten dogu eta horregaitik hitz egiten dogu, jakinik, Jesus Jauna biztu dauanak biztuko gaituala gu be Jesusegaz, eta haren ondoan ipiniko gaituala zuekin batera. Hau guztia zuen onerako da, Jainkoaren dohaia askorengana ugari zabaltzean, esker ona be ugaritu dadin, Jainkoaren aintzarako.

Jaunak esana.

 

(R/. Aleluia.)

        V/.   Zorionekoa probaldian sendo irauten dauan gizakia!
                Proba gainditu ondoren,
                betiko bizia jasoko dau-eta sari. (R/.)

 

Ebanjelioa

Bakea ez, ezpada ze banaketa ekartzera etorria naz.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 10, 34-39

        Aldi haretan, Jesusesk esan eutsen apostoluei: «Ez uste izan munduari bakea ekartzera etorria nazenik; bakea ez, ezpada ze banaketa ekartzera etorria naz. Bai, semea aitagandik banatzera etorri naz, alaba amagandik eta errana amaginarrebagandik banatzera. Eta nork bere etxekoak izango ditu arerio.
        Aita nahiz ama Ni baino maiteago dauana ez da Niretzat gai; semea nahiz alaba Ni baino maiteago dauana ez da Niretzat gai. Bere gurutzea hartu eta jarraitzen ez deustana ez da Niretzat gai. Bere biziaren jaube izan guran dabilenak galdu egingo dau; bere bizia Nigaitik galtzen dauanak, ostera, eskuratu egingo dau».
        Zuek onartzen zaituenak Neu onartzen nau, eta Ni onartzen nauanak bialdu nauana onartzen dau.

 Jaunak esana.

 

Iruzkina

        Berbok bat-batean entzuten doguzanean —itxaroten diranak ez diranez— atzeraka eragiten deuskue. Zelan esan daike Jesusek bakea barik gerrea ekartera etorria dala, etxekoen artean haserrea sortzera…?

        Ba, ezin izan daitekelako, hausnarketa behar dau, ea, ulertu ahal izateko, zer aldatu beharra daukagun ikusteraino.

        Nik emoten deutsuedan bakea ez da munduak emoten deutsuena langoa esana aztertu beharra daukagu.

        Guk geure gustuko bakea bilatzen badogu, baztertu egingo dogu Jesusek dakarrena. Jesusen lotura hausi-ezinak baino nahiago izango doguz familia arteko loturak, edo lagunen artekoak, edo interes bardindunenak…

        Jesusen berbak ulertzeko era bakarra dago, ba: haren aldeko aukeraketa sendoa egitea; jakinik, inguruak onartuko ez dauana, eta aurrean erabiliko gaituana, etxekoak izan arren.

        Behin-behinekoa da, ba, erreinuaren aldeko apostua.

 

 

 

Sarrera-ant.                                                                                                     Cf. Ga 6, 14; 1 Ko 1, 18

Jainkoak libra gaitzala harrotzetik, Jesu Kristo gure Jaunaren gurutzean izan ezik, gurutzeko heriotzaren mezua Jainkoaren indarra baita salbatuak izan garenontzat.

Aintza zeruetan esango da.

Otoitza

Aitatasun ororen iturri eta sorburu zaren Jainkoa,
odola isurtzeraino onartu zuen
Balentin martiri santuak
zure Semearen gurutzea;
egizu, haien otoitzari esker,
zabal dezagula Zuganako maitasuna geure senideengan
eta lor dezagula zure seme- eta alaba-izena, baita izana ere.
Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean

Jainko eta errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

 

Prefazioa

Jauna zuekin.                                       Eta zure espirituarekin.
Gora bihotzak.
                                   Jaunagan daukaguz.
Eskerrak Jaungoiko
gure Jaunari.    Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen, bidezko  ta salbagarri,
nonahi eta beti guk Zuri eskerrak emotea,
Jauna, Aita guztiz santu,
Jainko ahalguztidun betiko horri.

Kristori jarraituz, Balentin martiri santuak
zure izena autortzeko isuri eban odolak
argi erakusten ditu zure miragarriak:
gure makaltasunean zeure ahalmena agertzen dozu
eta indartsu egiten indarrik bakoa,
zure testigu izan dadin,
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Horregaitik, zeruko indar guztiekin,
lurrean beti eta beti goresten zaitugu,
Zuri, Jainko guztiz handi horri,
eten barik
[esanez] kantatuz:

Santu, Santu, Santua,

 

Oparigaien gaineko otoitza

Onartu, Aita guztiz ona,

Balentin martiri santuaren nekaldia ospatzean

eskaintzen dizkizugun oparigaiak;

eta egizu, geure bizitzako ezbeharren artean

bizi gaitezela beti Zurekiko leial

eta eskain dezagula geure burua Zuretzat opari atsegingarri.

Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

Jaunartze-ant.

Mt 5, 10

Zorionekoak zuzentasunagatik erasoa jasaten dutenak, berena baitute zeruetako erreinua.

 

Jaunartze ondorengo otoitza

Ogi bat beraz janaritu gaituzu, Jauna,

Balentin martiri santuaren oroipena ospatu dugun honetan;

apalki eskatzen dizugu, Jauna:

iraun dezagula

Zuganako maitasunean denok bat eginik,

iraupenari agindutako betiko saria irits dezagun.

Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

Bedeinkapen nagusia

San Balentinen jaia ospatzera batu gaitu gaur Jainko gure Aitak;

bedeinkatu zaiezala, zaindu eta sendotu bere bakean.

Amen.

 

Kristo gure Jaunak

pazko-misterioaren indar erabarritzailea erakutsi dau San Inaziorengan;

egin zaiezala bere Ebanjelioaren benetako testigu.

Amen.

 

Espiritu Santuak ebanjeliozko maitasunaren

ejenplua emon deusku San Balentinengan;

emon deizuela Eleizan egiazko fede- eta maitasun-alkartasuna handitzeko grazia.

Amen.

 

Bedeinkatu zagiezala Jaungoiko ahalguztidunak:

Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak.

Amen.