0829_Juan Bateatzailearen martiritza


Abuztuaren 29an

San Joan Bateatzailearen martiritza

Oroipena

Oroipen honetako Ebanjelioa egunari dagokiona da.

I. Irakurgaia

Esan hareei Nik aginduko deutsudan guztia.
Ez izan hareen bildur.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 1, 17-19

    Egun hareetan, honan berba egin eustan Jaunak:
«Zu egon prest
Nik aginduko deutsudan guztia hareei adierazotera joateko.
Ez izan hareen bildur;
bestela, zeuri sartuko deutsut Nik hareenganako bildurra.
Gotorleku egiten zaitut gaur,
burdinazko zutabe eta brontzezko hesi,
herrialde guztiaren aurka.
Burruka egingo deutsue, baina ez zaitue menperatuko;
zeugaz izango nozu-eta, halan dino Jaunak, zu libratzeko».

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 71 [70], 1-2. 3-4a. 5-6b. 15ab. eta 17 (R/. ik. 15ab)

R/.   Nire ahoak iragarriko dau, Jauna,
        zure salbamena.

V/.   Zugan babesten naz, Jauna,
ez nadila behin be lotsagarri geratu.
Libratu nagizu eta atara onik, zuzena zara-eta,
makurtu nigana belarria eta salbatu nagizu. R/.

V/.   Izan zakidaz harkaitz babesle,
nora jo izan dagidan beti;
ni salbatzea erabagi dozu,
Zu zaitut-eta neure hatx eta gaztelu.
Ene Jainko, askatu nagizu gaiztoaren eskutik. R/.

V/.   Zu zaitut-eta, Jauna, neure itxaropen,
Zu, ene Jauna, neure konfiantza gaztetatik.
Zeu izan zaitut euskarri amaren sabeletik,
Zeu neure indar amaren erraietatik. R/.

V/.   Nire ahoak egun osoan iragarriko dau
zure salbazino-asmoa eta -egintza.
Ene Jainko, gaztetatik irakatsi deustazu,
eta gaur arte iragarri ditut zure egintza harrigarriak. R/.

 

Aleluia

Mt 5, 10

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoak zuzentasunagaitik erasoa jasaten dabenak,
        eurena dabe-eta Jainkoaren erreinua. R/.

 

Ebanjelioa

Emoidazu oraintxe berton Joan Bataiatzailearen burua azpilean.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 6, 17-29

    Aldi haretan, Herodesek Joan harrapatu eta kartzelan lotuta eukan, Herodias zala-eta. Herodesen anaia Feliperen emaztea zan Herodias, baina Herodesek bere emaztetzat hartuta eukan, eta Joanek esaten eutson: «Ez jatzu bidezko zeure anaiaren emaztea eukitzea».
    Horregaitik, gorroto eban Herodiasek Joan eta hil egin nahi eban, baina ezin, ze Herodesek begirunea eutson Joani; gizon artez eta santutzat eukan, eta babestu egiten eban. Joanen berbek ardura sortzen baeutsoen be, gogoz entzuten eutson.
    Etorri jakon, baina, Herodiasi aukerako eguna: Herodesek, bere urtebetetzean, afaria emon eutsen agintari, gudalburu eta Galileako handikiei. Sartu zan jantokian Herodiasen alaba eta dantzan egin eban, eta atsegin izan jaken Herodesi eta mahaikideei. Orduan, erregeak esan eutson neskatilari: «Eskatu gura dozuna, eta emongo deutsut». Eta zin eginez agindu eutson: «Eskatu ahala guztia emongo deutsut, nire erreinuaren erdia bada be». Urten eban neskatilak eta bere amari itaundu eutson: «Zer eskatuko deutsat?» Amak erantzun: «Joan Bateatzailearen burua».
    Bihurtu zan arin-arin erregeagana eta eskaria egin eutson: «Emoidazu oraintxe berton Joan Bateatzailearen burua azpilean». Goibel jarri zan erregea, baina mahaikideen aurrean egindako zinagaitik, ez eutson ukatu gura izan. Behingoan, bere guardiako bat bialdu eban, Joanen burua ekartzeko aginduz. Joan zan ha kartzelara eta samea ebagi eutson, eta azpilean ekarri eban burua; neskatilari emon eutson, eta neskatilak amari.
    Joanen ikasleak, hori jakitean, haren gorpua jasotzera etorri eta hilobian lurperatu eben.

Jaunak esana.