1102_Hildakoen oroipena


Azaroaren 2an

HILDAKO FEDEDUN GUZTIEN OROIPENA

 Hildakoen aldeko Mezetarako aukeratuetatik edozein hartu baleiteke be, hona hemen egokiak izan daitekezan proposamen batzuk: Meza bakarra ospatzen danerako; edo

 

Lehenengo Mezarako

I. Irakurgaia (1. aukera)

On da Jaunaren salbazinoa isilean itxarotea.

Negar Kantak liburutik

Nk 3, 17-26

    Urrun joan jat bakea, ahaztu naz zorionaz.
Neure artean dinot: «Akabo nire etorkizuna,
Jaunak emoten eustan itxaropena».
Nire atsekabea eta zorigatxa gogoratzea
samina da eta pozoia niretzat.
Ezin dot burutik kendu,
eta jausita daukat bihotza.

Baina zeozer dakart gogora, itxaropena suspertzen deustana:
Jaunaren onginahia ez dala amaitu,
haren errukia ez dala agortu;
goizero barritzen da.
Bai handia, Jauna, zure leialtasuna!
Neure artean dinot: «Jauna da nire ondarea,
harengan dot itxaropena».

Ona da Jauna harengan uste on dabenentzat,
haren bila dabiltzanentzat.
Ona da Jaunaren salbazinoa isilean itxarotea.

Jaunak esana.

 

I. Irakurgaia  (2. aukera)

Bizi barria bizi dagigun.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 6, 3-9

    Senideok: Ez ete dakizue bateoaz Kristo Jesusegaz bat egin dogunok, haren heriotzagaz egin dogula bat? Bateoaren bitartez haregaz heriotzan hobiratuak izan gara, Aitaren aintzaz Kristo hilen artetik biztu zan lez, guk be bizi barria bizi dagigun.
    Izan be, harena lako heriotzan hari lotuak izan bagara, halantxe izango gara harena lako biztueran be. Badakigu lehengo gure izaera Kristogaz kurutzeratua izan dana, pekatuzko gure izaera hori ezereztua gelditu eiten, aurrerantzean pekatuaren esklabo izan ez geintezan. Izan be, norbait hiltzen danean, pekatutik aske gelditzen da.
    Beraz, Kristogaz hil bagara, sinisten dogu, bizi be beragaz biziko garala. Badakigu Kristo, hilen artetik biztu zan ezkero, ez dana barriro hilko: heriotzak ez dau gehiago aginterik harengan.

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 130 [129], 1-2. 3-4. 5-6b. 6c-8 (R/. ik. 7bc; edo 5)

R/.   Jaunagan dago errukia,
        harengan askatasun ugaria

Edo: 

R/.   Jaunaren zain nago,
        haren hitza dot itxaroten.

V/.   Barru- barrutik dei egiten deutsut, Jauna;
entzun, Jauna, nire berbea!
Begoz zuhur zure belarriak
nire erregu-oihura. R/.

V/.   Erruak kontuan badozuz, Jauna,
nork iraun zutunik, ene Jauna?
Baina Zuri parkamena dagokizu,
Zuganako begirunean bizi gaitezan. R/.

V/.   Jaunaren zain nago, zain dago nire barrua,
haren hitza dot itxaroten;
nire barrua Jaunaren gogo biziz dago,
gauzaina egunsentiaren gurari biziz baino gehiago. R/.

V/.   Gauzainak egunsentia lez,
itxaron begi Israelek Jaunagan,
Jaunarena da-eta maitasuna,
harena askapen betea.
Harek askatuko dau Israel
bere erru guztietatik. R/.

 

Aleluia

Jn 6, 40

R/.   Aleluia.

V/.   Hau da nire Aitaren nahia:
        Semeagan sinisten dauanak izan dagiala betiko bizia;
        eta Neuk biztuko dot azken egunean, dino Jaunak. R/.

 

Ebanjelioa

Nire Aitarenean bizitoki asko dago.

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 14, 1-6

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ez izan kezkarik: sinistu Jainkoagan eta sinistu Neugan be. Nire Aitarenean bizileku asko dago; holan izan ez balitz, esango neuskizuen. Orain zuentzat lekua prestatzera noa. Joan eta lekua prestatu ostean, barriro etorri eta Neurekin eroango zaituet, Ni nagoan lekuan zuek be egon zaitezen. Zuek badakizue Ni noan lekurako bidea».
    Tomasek esan eutson: «Jauna, ez dakigu nora zoazen, eta zelan jakin bidea?» Jesusek erantzun: «Neu naz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitagana joan, nire bidez izan ezik».

Jaunak esana.

 

Bigarren Mezarako

I. Irakurgaia

Nork aldenduko gaitu Kristok deuskun maitasunetik?

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 8, 31b-35. 37-39

    Senideok: Jainkoa gure alde badogu, nor gure aurka? Bere Semea bera heriotzatik libratu ez, espada ze gu guztion alde heriotzara emon ebanak, zelan ez deusku haregaz batera dana doan emongo?
    Nork salatuko ditu Jainkoak aukeratutakoak, Jainkoak berak zuzentzat onartu baditu? Nork kondenatuko ditu? Jesu Kristok?, hil zanak?, biztu be egin zanak?, Jainkoaren eskumaldean dagoan eta gure alde otoitzean diharduanak?
    Nork aldenduko gaitu Kristok deuskun maitasunetik? Atsekabeak, larriak, erasoaldiak, goseak, jantzirik ezak, arriskuak, ezpatak?
    Horreetan guztietan erraz urteten dogu garaile, maite izan gaituan hari esker. Ziur dakit: ez heriotzek eta ez bizik, ez aingeruk eta ez goiko beste indarrek, ez oraingok eta ez gerokok, ez ezelako agintek, ez ortziko eta ez lur azpiko indarrek, ez beste ezelako izakik, ez gaituala aldenduko Jainkoak Jesu Kristo gure Jaunagan agertu deuskun maitasunetik.

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 116 [114], 5-6; [115], 10-11. 15-16ac (R/. ik. Sal 116 [114], 9)

R/.   Ibiliko naz Jaunaren aurrean,
        bizidunen lurraldean.

Edo: Aleluia.

V/.   Errukiorra eta zintzoa da Jauna,
bihozbera gure Jainkoa.
Jaunak zaintzen ditu apalak;
lur jota nengoan, eta salbatu nau. R/.

V/.   Sendo nengoan fedean,
«Ni bai zoritxarreko» esatean be.
Hau esan neban neure larrialdian:
«Gizaki guztiak guzurti dira». R/.

V/.   Mingarri jako Jaunari
bere fededunen heriotza.
Bai, zure zerbitzari naz, Jauna,
askatu dozuz nire kateak. R/.

 

Aleluia

Jn 6, 39

R/.   Aleluia.

V/.   Hau da bialdu nauan Aitaren nahia:
        berak emon deustazan guztietatik
        ez dagidala bat be galdu,
        biztu dagidazala, ezpada ze, azken egunean, dino Jaunak. R/.

 

Ebanjelioa

Aita, Zuk emon deustazuzanak Ni nagoan tokian
Neugaz egotea nahi dot.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 17, 24-26

    Aldi haretan, Jesusek begiak zerura jaso eta esan eban: «Aita, Zuk emon deustazuzanak Ni nagoan lekuan Neugaz egotea gura dot, nire aintza —mundua izan baino lehen maite izan nozulako emon deustazun aintza— ikusi dagien.
    Aita zuzen hori, munduak ez zaitu ezagutu; Nik, ostera, ezagutu zaitut, eta honeek jakin dabe Zuk bialdu nozuna. Jakin eragin deutset zure izena, eta aurrerantzean be jakin eragingo deutset, Zuk Niri deustazun maitasuna eurongan izan daiten, eta Neu be eurongan izan naiten».

Jaunak esana.

 

Hirugarren Mezarako

I. Irakurgaia

Nahiz bizi nahiz hil, Jaunarenak gara.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 14, 7-9. 10c-12

    Senideok: Gutariko inor ez da beretzat bizi, ezta beretzat hiltzen be. Bizi bagara, Jaunarentzat gara bizi, eta hiltzen bagara, Jaunarentzat gara hiltzen. Beraz, nahiz bizi nahiz hil, Jaunarenak gara.
    Honetarako hil eta biztu zan Kristo: hildakoen eta bizien Jauna izateko. Danok agertu beharko dogu Jainkoaren auzitegian, Liburu Santuak dinoan lez:

«Zin dagit neure biziagaitik –dino Jaunak–:
belaun guztiak makurtuko dira nire aurrean
eta mihin guztiek goratuko dabe Jainkoa».

    Izan be, guztiok emon beharko deutsagu Jainkoari nork bere buruaren kontu.

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 103 [102], 8 eta 10. 13-14. 15-16. 17-18  (R/. 8a; edo Sal 37 [36], 39a)

R/.   Bihozbera eta errukiorra da Jauna.

Edo: Jaunagandik dator zintzoen salbazinoa.

V/.   Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
hasarregatxa eta onginahiz betea.
Ez gaitu erabiltzen gure pekatuek merezi lez,
ez deusku ordaintzen geure erruen arabera. R/.

V/.   Zelan aita seme-alabentzat errukior,
halan Jauna begirune deutsoenentzat bihozbera;
ondo daki-eta zerez garan eginak,
gogoan dau hautsa garala gu. R/.

V/.   Gizakia! Haren egunak bedarraren pareko,
zelaiko lorea lez da loratzen
eta, haizeak ikutu orduko, behingoan galtzen,
egoan tokian lorratzik itzi barik. R/.

V/.   Jaunaren maitasuna, barriz, betidanik betidaino
begirune deutsoenentzat,
haren salbazino-asmoak belaunez belaun dirau
haren ituna gordetzen dabenentzat,
legeak gogoan hartu eta betetzen dabezanentzat. R/.

 

Aleluia

Mt 25, 34

R/.   Aleluia.

V/.   Zatoze, nire Aitaren bedeinkatuok;
        hartu egizue munduaren sortzetik
        zuentzat prestaturik dagoan erreinua. R/.

 

Ebanjelioa

Zatoze, nire Aitaren bedeinkatuok.

    Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 25, 31-46

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizonaren Semea –eta aingeru guztiak beragaz– aintzaz beterik etortzean, bere errege-aulki ospetsuan jesarriko da, eta herri guztiak haren aurrean batuko dabez. Harek batzuk besteakandik banandu egingo ditu, artzainak ardiak ahuntzengandik banatzen dituan lez: ardiak bere eskumaldean ipiniko ditu, eta ahuntzak ezkerraldean.
    Orduan, erregeak esango deutse eskoikoei: “Zatoze, nire Aitaren bedeinkatuok; hartu egizue munduaren sortzetik zuentzat prestaturik dagoan erreinua. Ze gose nintzan, eta jaten emon zeunsten; egarri, eta edaten emon; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoan, eta jantzi egin ninduzuen; gaixorik, eta bisitatu; espetxean, eta ikustera etorri zinien”.
    Orduan, zintzoek erantzungo deutsoe: “Jauna, noiz ikusi zinduguzan goserik, eta emon geuntsun jaten, edota egarri, eta edaten emon? Noiz ikusi zinduguzan arrotz, eta etxean hartu, edota biluzik, eta jantzi? Noiz ikusi zinduguzan gaixorik edota espetxean, eta ikustera joan?”
    Eta erregeak erantzungo deutse: “Bene-benetan dinotsuet: nire senide txikien honeetariko bati egin zeuntsoena neuri egin zeunsten”.
    Gero, esango deutse ezkerrekoei: “Alde nigandik, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestatuta dagoan betiko surtara. Ze gose nintzan, eta ez zeunsten jaten emon; egarri, eta ez zeunsten edaten emon; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixorik eta espetxean nengoan, eta ez zinien ni ikustera etorri”.
    Hareek erantzungo deutsoe: “Jauna, noiz ikusi zinduguzan goserik edota egarriz, arrotz edota biluzik, gaixorik edota espetxean, eta guk lagundu ez?”
    Harek erantzungo deutse: “Benetan dinotsuet: txikien honeetariko bati egin ez zeuntsoena, neuri ez zeunsten egin”.
    Eta honeek betiko zigorretara joango dira; zintzoak, barriz, betiko bizitzara».

Jaunak esana.

 


Meza bakarra ospatzen danerako

(Jatsi .DOC)

 I. Irakurgaia

Nik badakit nire eskubidearen babeslea bizi dana.

Job liburutik

Jb 19, 1. 23-27a

    Jobek esan eban:
«Ai nire hitzak idatzita geldituko balira,
liburuan ezarrita!
Edota burdinazko eztenaz eta berunaz
betiko grabatuta hatxean!

Nik badakit nire eskubidearen babeslea bizi dana
eta, azkenean, hautsaren gainetik jagiko dala.
Nire narruazal hau hondatu ondoren,
gorputzik barik, Jainkoa ikusiko dot.
Nik neuk ikusiko dot, eta ez bestek».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 63 [62], 2. 3-4. 5-6. 8-9 (R/. ik. 2c)

R/.   Zure egarriz daukat gogoa,
        Jauna, ene Jainkoa!

V/.   Jainko, Zu ene Jainko,
goizetik nabilkizu bila,
zure egarriz daukat gogoa, zure gogo biziz ni nazan guztia,
lur idor, agor, ur bakoa bezala. R/.

V/.   Holan egon nahi dot santutegian Zuri begira,
zure indarra eta ospea ikusiz.
Bizia baino ederragoa da-eta zure maitasuna,
goratuko zaitue nire ezpanek. R/.

V/.   Holan nahi zaitut bedeinkatu neure bizitzan,
eskuak jaso zure izenean.
Jakirik gozoenez lez naz asetuko,
eta nire ezpanek poz-oihuz zaitue goratuko. R/.

V/.   Zeu izan zaitut-eta laguntzaile;
pozez egingo dot oihu zure egoen kerizpean.
Zuri lotuta nago osorik,
eta zure eskumak deust eusten. R/.

 

II. Irakurgaia

                        Jainkoak Kristoren odolaz zintzotzat hartu gaituala,
salbatuko gaitu zigorretik beraren bitartez.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 5, 5-11

    Senideok: Itxaropenak ez dau huts egiten, Jainkoak bere maitasuna isuri deusku-eta bihotzera, emon deuskun Espiritu Santuaren bitartez. Oraindino pekatupean indar barik gengozala, Kristo, Jainkoak erabagitako sasoian, gaiztoen alde hil zan. Nekez onartuko leuke norbaitek pertsona zuzen baten alde hiltzea; halan be, pertsona on baten alde baleiteke norbait hiltzeko prest egotea.
    Baina Kristo gu oraindino pekatari ginala hil zan gure alde: honan erakusten dau Jainkoak guri deuskun maitasuna.
    Orain Jainkoak Kristoren odolaz zintzotzat hartu gaituala, zenbatez gehiago ez ete gaitu salbatuko zigorretik beraren bitartez!
    Arerio ginala, Jainkoak beragaz adiskidetu baginduzan bere Semearen heriotzari esker, zenbatez gehiago, behin adiskidetu ezkero, ez ete gaitu salbatuko haren biziari esker! Oraindino gehiago, harrotu be egiten gara Jainkoaz Jesu Kristo gure Jaunari esker, honen bitartez Jainkoagaz adiskidetzea lortu dogu-eta honezkero.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Ap 14, 13

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoak aurrerantzean Jaunagaz bat eginik hiltzen diranak;
        atseden hartuko dabe euren nekeetatik,
        lagun dabez-eta euren egintza onak. R/.

 

Ebanjelioa

Semeagan sinisten dauanak betiko bizia dau,
eta Neuk biztuko dot azken egunean.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 6, 37-40

    Aldi, haretan esan eutson Jesusek jenteari: Aitak Niri emoten deustan guztia Neugana etorriko da, eta Nigana etortzen danik ez dot kanpora botako, ze, ez naz zerutik jatsi neure nahia egitera, bialdu nauanaren nahia baino.
    Eta hauxe da bialdu nauanaren nahia: berak emon deustan guztitik, ez dagidala ezer be galdu, ezpada ze, biztu dagidala azken egunean. Hauxe da nire Aitaren nahia: Semea ikusi eta harengan sinisten dauanak izan dagiala betiko bizitza; eta Neuk biztuko dot azken egunean».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jainkoaz daukagun usteak lagundu baino gehiago eragotzi egiten deusku Jesusen berbak ulertzeko edo onartzeko orduan.

Jesusek Aita eta biok bat gara esaten dauanean, zelan edo zenbateraino ulertzen dogu alkarren arteko batasun hori? Ulertuko bagendu, gaurkoan emoten jakuzan Jesusen berbak ere onartuko geukez: Aitak Niri emoten deustan guztia Neugana etorriko da, eta Nigana datorrenik ez dot kanpora botako

Egia esan, Jesusengana hurreratzen danak, ha ezagutzen, maitatzen, eta haregaz bat egiten danak ezinbestean somatzen dau, haren bitartez —eta Jesus berberak lez— bera ere Aitarekin bat eginda dagoala.

Baina Jainkoaz daukagun uste eta irudiak ez deusku izten Jesusen berbak onartzen. Ezin ulertu geike Jainko Aitaren eta Jesusen arteko batasun hori. Eta inondik inora ezin onartu geike Jesusengan geu ere Jainkoarekin bat eginda gagozana: gure zanetan Jainkoaren bizitza berbera dabilana.

Hau horrela, heriotzea ez da bizitzaren amaierea, bizitza ezabatzea, honen izaerea aldatzea baino. Heriotza ondoren bizitzak badirau: betikotasunean.