0815_Mariaren zeruratzea

Abuztuaren 15ean

MARIA BIRJINA DOHATSUAREN ZERURATZEA

Jai nagusia

 (Fray MARCOS)

EgunekoMeza

 (Lagungarriak)

I. Irakurgaia

Emakume bat eguzkiz jantzita, iretargia oinazpian.

Apokalipsia liburutik  

Ap 11, 19a; 12, 1-6a. 10ab

    Edegi zan Jainkoaren santutegia zeruan eta haren itun-kutxa agertu zan santutegian. Seinale handia agertu zan zeruan: emakume bat eguzkiz jantzita, iretargia oinazpian eta hamabi izarreko koroa buruan. Umedun egoan eta, erdiminez eta umegintzako oinazez, garrasika ziharduan.
    Beste seinale bat be agertu zan zeruan: herensuge gorri handi bat, zazpi buru eta hamar adar ebazana, eta buruetan koroa bana. Bere buztanez zeruko izarren herena arrastaka hartu eta lurrera jaurti eban. Herensugea, umea izateko egoan emakumearen aurrean gelditu zan, jaio orduko semea irunsteko.
    Emakumeak semea izan eban, herri guztiak burdinazko makilaz gobernatuko dituana; hartu eben semea eta Jainkoaren tronuraino eroan eben. Emakumeak, barriz, basamortura egin eban ihes; han leku bat prestatu eutson Jainkoak.
    Orduan, ahots handia entzun neban zeruan esaten:

«Orain etorri dira
gure Jainkoaren salbazinoa, indarra eta erregetza,
eta beraren Mesiasen agintea».

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 45 [44], 10. 11. 12. 16 (R/. 10b)


R/.   Zure eskuman dago erregina,
        urre finez apainduta.

V/.   Errege-alabak dozuz zeure aukeratuen artean,
zure eskuman erregina, urre finez apainduta. R/.

V/.   Entzun, alaba, eta ikusi, makurtu egizu belarria,
ahaztu zeure herriaz eta aitaren etxeaz. R/.

V/.   Zoraturik dago erregea zure edertasunaz;
bera dozu jaun, egiozu ahuspez agur. R/.

V/.   Pozik eta alai daroez,
eta erregearen jauregira sartzen dira. R/.

 

II. Irakurgaia

           Lehenengo Kristo, lehen-frutua danez;
gero, Kristorenak, hau barriro etortzean.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik   

1 Ko 15, 20-27a

    Senideok: Biztu da Kristo hilen artetik, heriotzatik biztuko diranetan lehen-frutu. Izan be, heriotza gizon baten bidez etorri zan lez, gizon baten bidez etorri da hildakoen biztuera be. Eta Adamegaz daben alkartasunagaitik gizaki guztiak hiltzen diran lez, Kristogaz daben alkartasunagaitik guztiak bihurtuko dira bizira.
    Baina bakotxa bere sasoian: lehenengo Kristo, lehen-frutua danez; gero, Kristorenak, hau barriro etortzean. Gero, azkena izango da, Kristok, Jainkoaren kontrako nagusitza, aginte eta indar guztiak ezereztu ondoren, Jainko Aitari erreinua emongo deutsonean. Kristok errege izan behar dau-eta, Jainkoak arerio guztiak haren oinazpian ipini arte. Azkena ezereztuko dan arerioa heriotza izango da. Izan be, «gauza guztiak haren menpean jarri ditu Jainkoak».

Jaunak esana.

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Zerura jasoa izan da Andra Maria;
        pozik dagoz aingeruak. R/.

 

Ebanjelioa

Handiak egin deustaz Ahalguztidunak;
gora jaso ditu ezerezak.

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 1, 39-56

    Aldi haretan, Maria jagi eta bizkor-bizkor mendi aldera joan zan, Judeako herri batera, eta, Zakariasen etxean sartuta, Elisabeti agur egin eutson.
    Mariaren agurra entzun eban orduko, salto egin eutson Elisabeti seinak sabelean. Elisabet Espiritu Santuaz bete zan, eta esan eban oihu handiz: «Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko frutua. Nor naz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara heldu orduko, salto egin deust umeak pozez sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan deutsuna beteko dala sinistu dozulako!»
     Mariak esan eban:

 «Goratu egiten dau nire arimak Jauna,
pozaren pozez daukat neure barrua,
ze, Jainkoa da nire salbazinoa,
ikusi dau-eta mirabe honen ezereztasuna.
Horregaitik, zorioneko deituko nabe gaurdanik gizaldi guztiek,
ze, handiak egin deustaz Ahalguztidunak;
santua da haren izena,
eta haren errukia gizaldiz gizaldi
begirune deutsoenengana.

 Bere besoaren indarra erabili dau,
buru-harroak hondatu ditu;
bota ditu euren aulkietatik ahaltsuak,
eta gora jaso ditu ezerezak;
ondasunez bete ditu gose ziranak
eta esku-hutsik bialdu aberatsak.

 Lagun etorri jako bere morroi Israeli,
bere errukiaz gogoraturik;
halan eutsien gure gurasoei berbatua,
Abrahami eta ondorengoei betiko esana».

    Mariak hiru hilabete inguru egin eban Elisabetegaz; gero, etxera bihurtu zan.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

    Senideok: Hemen gagozanok, nagusiak gara-ta, Mariaren irudia apainduriazko berba gozo eta ahaltsuz goraltzen ezagutu dogu. Aldi haretan nahinon ospatzen ziran "maiatzeko lorak", edo "hilaren lehenengo zapatuak", "Mariaren alaba" taldeak, eta zelango olerkiak neskatxa Jaunartu barrien ahotan!... Gaur hainbatek ditue gogoa eta amesten dabez hareik aldiak, eta oneraspenak.

    Baina beste hauxe ere badakigu: Krisi aldietan iturrietara jo behar dala, orbelak baztertuz, enborrari eusteko; hazurrak kenduz, maminagaz geratzeko.

    Ba, egia bada maite dogula Maria, eta, biziaren iturburu dan Jainkoaganako ibilbidean, bidelagun gura dogula, gogoan hartu geikez Isabel ahaideak luzatzen deutsozan berba gozoak: «Zorionekoa zu, sinistu dozulako!»; eta baita geure erantzun bihurtu geike Mariak Aingeruari emondakoa: «Hona hemen Jaunaren mirabea!»

    Zer esan gura dauan honek? Apaingarri goragarri hutsak bertan-behera itxi eta, Mariaren antzera, gure uste on osoa (konfiantzea) Jainkoagan jartea; eta zerbitzuak hartzera barik, zerbitzatzera urtetea, Jainkoak egin deuskun bizitza erregalu hau eskertzeko bide lez. Ziurtasun honexetan oinarrituta: Jainkoak berak osotuko dauala gure bizitza hau, egun baten, gaur Mariarena osotu dauan lez. Halantxe ospatzen dogu Jainkoaren aintza betean.