0611_San Bernabe, apostolua


Ekainaren 11n

San Bernabe, apostolua

Oroipena

 

Oroipen honetako lehenengo irakurgaia egunari dagokiona da.

 I. Irakurgaia

Bernabe gizon ona zan,
eta Espiritu Santuaz eta sinismenez betea.

Apostoluen Eginak liburutik

(Eg 11, 21b-26; 13, 1-3)

  Egun hareetan, asko bihurtu ziran Jaunagana eta fededun egin. Jerusalemgo eleiz alkarteak honen guztiaren barri jakin ebala, Bernabe bialdu eban Antiokiara. Poztu zan hara heldu eta Jainkoak bere onginahiz hareen artean egina ikusi ebanean, eta bihotz-bihotzez Jaunagaz leial irauteko adore emoten eutsen guztiei; Bernabe gizon ona zalako, eta Espiritu Santuaz eta sinismenez betea, jentetza handia alkartu jakon Jaunari.

  Handik Tarsora joan zan Bernabe Sauloren bila eta, aurkitu ebanean, Antiokiara eroan eban. Urtebete osoa emon eben alkarregaz lanean eleiz alkarte haretan, jente askori irakasten. Hain zuzen, Antiokian emon eutsien ikasleei lehenengoz «kristau» izena.

  Baziran Antiokiako eleiz alkartean profeta eta irakasle batzuk: Bernabe, Simeon –izengoitiz Baltza–, Luzio zirenearra, Manaen –umetan Herodes erregeagaz batera hazia– eta Saulo. Behin, barau egunez, Jaunaren kultuospakizun baten egozala, Espiritu Santuak esan eutsen: «Bereizi Niretzat Bernabe eta Saulo, Nik dei egin deutsedan egitekorako». Orduan, barau eta otoitz egin ondoren, hareei eskuak buruan ezarri eta bialdu egin ebezan.

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa (Sal 98 [97], 1. 2-3b. 3c-4. 5-6 ( R/. ik. 3cd))

R/. Ikusi dabe lur-muga danek
      gure Jainkoagandiko garaipena.

V/. Kanta Jaunari kantu barria,
egintza harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena emon deutso bere eskumak,
bere beso santuak. R/.

V/. Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,
bere salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez da ahaztu bere maitasunaz,
Israel herriari deutson leialtasunaz. R/.

V/. Munduko bazter guztiek ikusi dabe
gure Jainkoaren garaipena.
Egin irrintzi Jaunari, lur osoa,
egin poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.

V/. Ospatu Jauna zitaraz,
zitaraz eta kantu-hotsez,
turutaz eta adar-hotsez;
egin irrintzi errege dan Jaunari. R/.

 

Aleluia    (Mt 28, 19a. 20b)

R/. Aleluia.

V/. Zoaze eta egin herri guztiak nire ikasle, dino Jaunak,
eta Ni zeuekin izango nozue egunero
munduaren azkenera arte. R/.

 

Ebanjelioa

Bidean zoazela, iragarri hurrean dala zeruetako erreinua.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 10, 7-13

  Aldi haretan, Jesusek esan eutsen apostoluei: «Bidean zoazeela, iragarri hurrean dala zeruetako erreinua. Osatu egizuez gaixoak, biztu hildakoak, garbitu legenardunak, bota deabruak. Hutsean hartu dozue, emon hutsean. Ez eroan urrerik, ez zidarrik, ez dirurik garrikoan; ez zakutorik biderako, ez soinekorik aldatzeko, ez oinetakorik, ezta makilarik be, ze zor jako langileari behar dauan jatekoa.

  Edozein herritan nahiz auzotan sartzen zarienean, jakizue ba ete dan konfiantzazko inor, eta gelditu haren etxean, herri haretatik urten arte. Etxean sartzean, egin bake-agurra; etxekoak duin badira, heldu bekie zuen bakea; duin ez badira, barriz, zuen bakerik barik geldituko dira.

Jaunak esana.

 

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.