Martxoaren 25ean
JAUNAREN GIZAKUNDEAREN ADIERAZPENA
Jai nagusia
I. Irakurgaia
Begira, birjina umedun dago.
Isaias Profetaren liburutik Is 7, 10-14; 8, 10
Egun hareetan,
mezu hau emon eutson Jaunak Akaz erregeari Isaias profetaren bidez: «Eskatu
egiozu Jaunari, zeure Jainkoari, ezaugarri bat zeuretzat, lurraren barruan
nahiz zeruen goienean».
Akazek erantzun
eutson: «Ez dot ezaugarririk eskatuko, ez dot tentatuko Jauna». Orduan Isaiasek
esan eban:
«Entzun, Daviden etxe:
Gitxi deritxozue gizakientzat aspergarri izateari?
Nire Jainkoarentzat be aspergarri izan behar ete dozue?
Horregaitik, Jaunak berak emongo deutsue ezaugarria.
Begira, birjina umedun dago eta semea izango dau;
Emmanuel ipiniko deutso izena, hau da, “Jainkoa gugaz”».
Jaunak esana.
Erantzun-salmoa Sal 40 [39], 7-8a. 8b-9. 10. 11 (R/. ik. 8a. 9a)
R/. Hemen nozu, Jauna, zure nahia egin dagidan.
V/. Zuk ez dozu
sakrifiziorik eta eskeintzarik nahi izan,
ez erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik eskatu;
baina belarriak edegi deustazuz.
Horregaitik dinot: «Hemen nozu». R/.
V/. Hau dago nitaz
liburuan idatzita:
egin dagidala zure nahia.
Atsegin dot, ene Jainko,
barru-muinetan dot zure legea. R/.
V/. Iragarri dot batzar
nagusian zure justizia,
ez ditut ezpanak itxi, ondo dakizu, Jauna. R/.
zure leialtasunaren eta salbazinoaren barri emon dot,
ez ditut isildu zure maitasuna eta egia
batzar nagusian. R/.
II. Irakurgaia
Hemen nozu, Jainko, zure nahia betetzeko;
hau dago Liburuan Nitaz idatzita.
Hebrearrei egindako epistolatik Heb 10, 4-10
Senideok: Zezenen eta akerren odolak ezin leikiez pekatuak desegin. Horregaitik, Kristok, munduan sartzean, dino:
«Ez zenduan oparirik eta eskeintzarik nahi izan;
baina gorputza eratu zeunstan.
Erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik
ez zenduan atsegin izan.
Orduan, esan neban:
Hemen nozu, Jainko, zure nahia betetzeko;
hau dago Liburuan Nitaz idatzita».
Lehenengo dino:
«Ez zenduan nahi izan, ez atsegin izan, oparirik eta eskeintzarik, ez
erre-oparirik, ez pekatuen parkamen-oparirik», nahiz eta gauza guztiok legeak
agindutakoak izan. Ondoren beste hau dino: «Hemen nozu, zure nahia betetzeko».
Lehenengo kultua
kentzen dau, bigarrena jartzeko. Eta Jesu Kristok, behin betiko egin eban bere
gorputzaren opariaren bidez, Jainkoaren nahia bete daualako, izan gara gu
sagaratuak.
Jaunak esana.
Aleluia edo Ebanjelio aurreko txatala: Jn 1, 14ab
(R/. Aleluia.)
V/. Hitza haragi egin
zan
eta gure artean
jarri eban bizilekua,
eta ikusi dogu
haren aintza. (R/.)
Ebanjelioa
Begira, sabelean sortu eta semea izango dozu.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik Lk 1, 26-38
Aldi haretan,
Gabriel aingerua bialdu eban Jainkoak, Nazaret eritxon Galileako herri batera,
birjina batengana; birjinak Maria eban izena eta Jose eritxon Daviden jatorriko
gizon bategaz ezkontzeko berbatuta egoan.
Aingeruak,
Mariaren etxean sartu eta esan eutson: «Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna
zurekin». Ikaratu egin zan Maria berba hareek entzutean, eta pentsatzen jarri
zan, zer izan ete eitekean halako agur ha.
Aingeruak esan
eutson: «Ez bildurrik izan, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean
sortu eta semea izango dozu, eta “Jesus” ipiniko deutsazu izena. Handia izango
da; Goi-goikoaren Seme deituko deutsoe, eta Jainko
Jaunak bere aita Daviden errege-aulkia emongo deutso;
Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez dau azkenik
izango».
Mariak esan
eutson aingeruari: «Zelan gertatu daiteke hori, ez naz inongo gizonegaz
bizi-eta».
Aingeruak
erantzun eutson: «Espiritu Santua jatsiko da zugana eta Goi-goikoaren indarrak
bere gerizpean hartuko zaitu; horregaitik, zugandik jaioko dana santua izango
da eta Jainkoaren Seme deituko deutsoe. Hara, Elisabet zure senidea be umedun
dago bere zahartzaroan, eta sei hilabeteko dago agorra ei zana; ze,
Jainkoarentzat ez da ezer ezinik».
Mariak, orduan:
«Hona hemen Jaunaren mirabea; gertatu bekit zeuk dinozunez». Eta aingeruak itzi
egin eban.
Jaunak esana.