Urtarrilaren 25ean
SAN PAULO APOSTOLUA
KRISTOGANA BIHURTZEA
Jaia
San Paulo apostoluaren debozinozko Mezan irakurgai honeek aldarrikatuko dira.
I. Irakurgaia (1. aukera)
Bateatu
zaitez eta garbitu zeure pekatuetatik,
Jaunaren
izenari dei eginez.
Apostoluen Eginak liburutik
Eg 22, 3-16
Egun hareetan, Paulok esan eutson herriari:
«Ni judegua naz, Ziliziako Tarson jaioa, baina Jerusalem uri honetan hezia eta,
Gamalielen ikasle izanik, gure asaben legean arretaz eskolatua; jainkozale
sutsua nintzan, orain zuek guztiok zarien lez. Hondatzeko asmoz eraso izan
deutsat kristau-bide honi, gizon-emakumeak atxilotu eta kartzelan sartuz. Abade
nagusiak eta herriko zaharren batzar osoak autortu leikie hori; izan be, eurek
emon eustezan Damaskoko senideentzat gutunak, eta harako bidea hartu neban,
aurkitzen nebazanak Jerusalemera preso ekartzeko, zigortu egiezan.
Bidean ninoala, Damaskotik hur, eguerdi
aldera, bat-batean zerutiko argi bizi batek distiraz inguratu ninduan. Lurrera
jausi nintzan, eta berba honeek entzun nebazan: "Saulo, Saulo, zergaitik
pertsegitzen nozu?" Nik itaundu neban: "Nor zaitut, Jauna?" Eta
erantzun eustan: "Jesus Nazaretarra naz, zuk pertsegitzen dozuna".
Nire lagunek argia ikusi eben, bai, baina ez
eben entzun berba egin eustanaren ahotsa. Nik itaundu neban: "Zer egin
behar dot, Jauna?" Eta Jaunak erantzun: "Jagi eta zoaz Damaskora; han
esango deutsue Jainkoak zuretzat ezarrita dauan egiteko guztia". Eta, argi
haren distiragaitik itsu nengoanez, lagunek eskutik hartuta eroan ninduen Damaskora.
Bazan han Ananias izeneko gizon bat;
jainkozalea zan legearen arabera eta hango judegu guztien artean izen onekoa.
Bila etorri jatan eta, hurreraturik, esan eustan: "Saulo anaia, ikusi
egizu barriro". Eta bat-batean ikusi egin neban bera. Harek esan eustan:
"Gure asaben Jainkoak aukeratua zara, zuk beraren nahia ezagutu, Zintzoa
ikusi eta beraren ahotsa zuzenean entzun dagizun; ikusi eta entzun dozuzanen
testigu izango zaitu-eta harek gizon-emakume guztien aurrean. Zertan luzatu,
bada? Bateatu zaitez eta garbitu zeure pekatuetatik, Jaunaren izenari dei
eginez"».
Jaunak esana.
I. Irakurgaia (2. aukera)
Esango deutsue zer egin behar dozun.
Apostoluen Eginak liburutik
Eg 9, 1-22
Egun hareetan, Saulok, oraindino Jaunaren
ikasleen aurka heriotza-mehatxua eriola, abade nagusiagana joan eta Damaskoko
sinagogetarako gutunak eskatu eutsozan, aurkitzen ebazan kristau-bidearen
jarraitzaileak, gizon eta emakume, Jerusalemera preso ekarri ahal izateko.
Damaskorantz joiala, uritik hurrean,
bat-batean zerutiko argi batek distiraz inguratu eban. Lurrera jausi zan eta
berba honeek entzun ebazan: «Saulo, Saulo, zergaitik pertsegitzen nozu?» «Nor
zaitut, Jauna?», itaundu eban Saulok. Eta harek: «Jesus nozu, zuk pertsegitzen
dozuna. Orain, jagi eta sartu urian; han esango deutsue zer egin behar dozun».
Haren bidelagunak txundituta gelditu ziran,
ahotsa entzuten eben-eta, baina inor ikusten ez. Saulo lurretik jagi zan eta,
begiak zabalik ebazan arren, ez eban ezer be ikusten. Eskutik hartuta eroan
eben Damaskora, eta hiru egun emon ebazan han itsu, ezer jan eta edan barik.
Bazan Damaskon Ananias izeneko ikasle bat.
Jaunak ikuskari baten dei egin eutson: «Ananias!» «Hona hemen ni, Jauna!»,
erantzun eutson harek. Jaunak esan eutson: «Zoaz Kale Zuzenera, Judasen etxera,
eta itaundu egizu Tarsoko Saulo dalakoaz. Otoitzean dago eta Ananias izeneko
gizon bat ikusi dau etxean sartzen eta eskuak gainean ezartzen, barriro
ikusmena hartu dagian».
Ananiasek erantzun eutson: «Jauna, askori
entzun deutsat zenbat kalte egin deutsen gizon horrek zure fededunei
Jerusalemen, eta hemen bertan be badau aginpide, abade nagusiak emonda, zure
izenari dei egiten deutsen guztiak atxilotzeko». Jaunak erantzun eutson: «Zoaz,
neure zerbitzurako aukeratu dot-eta gizon hori, bai jentilei eta hareen
erregeei, bai israeldarrei, nire izena adierazo deien. Neuk agertuko deutsat
zenbat sufridu beharko dauan nire izenagaitik».
Joan zan, ba, Ananias eta, etxean sarturik,
eskuak ezarri eutsozan Saulori eta esan eutson: «Saulo anaia, Jaunak, bidean
zentozala agertu jatzun Jesusek, bialdu nau, ikusi dagizun eta Espiritu Santuaz
bete zaitezan». Bat-batean ezkata lako batzuk jausi jakozan begietatik, eta
ikusten hasi zan. Laster, bateatu egin eben. Gero, jan eta indarrak barritu
jakozan.
Saulo Damaskoko ikasleekin gelditu zan egun
batzuetan. Gero, sinagogetan predikatzen hasi zan, Jesus Jainkoaren Semea dala
iragarriz. Entzule guztiak harrituta gelditzen ziran eta hau inoen: «Ez ete da,
ba, hau Jerusalemen Jesusen izenari dei egiten deutsoenak amorru biziz
pertsegitzen ebazana? Eta ez ete da etorri hona, hemengoak be atxilotu eta
abadeburuakana eroateko?»
Saulo, ostera, gero eta kementsuago agertzen
zan, eta harri eta zur izten ebazan Damaskoko judeguak, argi frogatzen eban-eta
Jesus Mesias dala.
Jaunak esana.
Erantzun-salmoa
Sal 117 [116], 1. 2 (R/. Mk 16, 15)
R/. Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona.
Edo: Aleluia.
V/. Goratu egizue Jauna, nazino guztiok,
goratu egizue, herri guztiok. R/.
V/. Sendoa da-eta guretzat haren maitasuna,
beti-betikoa Jaunaren leialtasuna. R/.
Aleluia
Ik. Jn 15, 16
R/. Aleluia.
V/. Neuk aukeratu zinduedazan zuek,
eta
eginkizun hau emon deutsuet:
frutu
ugaria eta iraunkorra emon dagizuela edonon,
dino
Jaunak. R/.
Ebanjelioa
Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 16, 15-18
Aldi haretan, Jesus Hamaikei agertu eta esan eutsen: «Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona izaki guztiei». Sinistu eta bateatzen dana salbatuko da; sinisten ez dauana, barriz, kondenatuko. Sinisten dabenek seinale honeek izango ditue lagun: nire izenean deabruak botako ditue, berbeta barrietan berba egingo dabe, sugeak eskuetan hartuko ditue eta, edari hilgarriren bat edanda be, ez deutse kalterik egingo; gaixoei eskuak ezarriko deutsiez eta osatu egingo dira».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Ebanjelio txatal hau hitzez-hitz ulertzeko traba handiak aurkituko doguz.
Lehenengo ta behin, Berbiztuaren ahotan jarten dauzalako Markosek hitzok. Eta Berbiztuaren izaera-egoerak osotasunezkoak dira. Hau da: Jainkoagangoak.
Izaera horretan ez legoke aldirik, edo egun-ordu-hilabete-urterik…, alditik at dalako.
Era berean, ez dago ilunperik ez atsekaberik, ez minik hartzerik, ez kalterik…
Zelan ulertu izaera/egoera hori? Ezinezko gauza da aldian bizi garanongan gauzatua ikustea holango gauzarik.
Sakonera jo behar dogu, ba, berbok argi izan dakiguzan. Jesusengan sinisteak aintzazko izaera batera garoaz; eta izaera barri horretan ez dago sufritzerik, Jainkoaren pozean bizi izatea baino.
Bizi izatea ez da aldian edo denporan irautea, Jainkoaren bizitzaz betetasuna dastatzea baino.
Eta hori, bizi dauanak baino ezin iragarri daike: Berbiztuak. Eta horixe da agintzen deutsena bere jarraitzaileek: ezerk ez deutsue kalterik egingo.