0816_Erroke santua


Agorrilaren 25ean

Montpellierreko ERROKE santua

Sarrera-ant.

Zatoze, nire Aitaren bedeinkatuok, dino Jaunak: gaixorik nintzan eta bisitatu egin ninduzuen. Benetan dinotsuet: nire seniderik txikien honeetako bati egin zeuntsoena Neuri egin zeunsten.

Ik. Mt 25, 34.36.40

Edo:

Esku betean emoten deutse behartsuei, haren eskuzabaltasunak betiko dirau, ohorez jasoko dau bekokia.

Sal 112 [111], 9

Otoitza

Oi Jainko, Zeuk irakatsi deutsazu Eleizari
Zeu eta lagun hurkoa maitatzea dala
zerutar aginduak betetzea;
egizu, Erroke santuari jarraituz maitasun-egintzak beterik,
izan gaitezala zure erreinuko bedeinkatuen artean.
Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean
Jainko eta errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.

 

HITZAREN LITURGIA

I. Irakurgaia

Emon zeure ogitik gose danari.

Isaias Profetaren liburutik    

Is 58, 6-11

    Honan berba egiten dau Jaunak:
«Hauxe da Nik maite dodan baraua:
bidebako kateak hausi eta buztarri-hedeak etetea,
zapalduak askatu eta buztarri guztiak apurtzea,
gose danari zeure ogitik emon
eta aterperik bako behartsua etxean hartzea,
biluzik dagoana jantzi
eta zeure lagun hurkoari entzungor ez egitea.
Orduan zure argia
egunsentia lez zabalduko da
eta zure osasuna bat-batean erneko;
justizia izango dozu aurretik gidari
eta Jaunaren aintza atzetik babesgarri.
Orduan zuk dei egin, eta Jaunak erantzungo deutsu;
zuk oihu egin, eta harek esango:
"Hemen nozu!"
Buztarri guztiak, salaketak eta txarto esateak baztertzen badozuz,
gose danari zeure ogitik emoten
eta behartsuaren premina asetzen badozu,
zure argia ilunpean zabalduko da
eta zure ilunaldia eguerdi bihurtuko.
Jaunak gidatuko zaitu beti,
basamortuan be asetuko
eta zure gorputza indarbarrituko dau;
urez asetutako baratze izango zara, agortzen ez dan iturburu».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 112 [111], 1-2. 3-4. 5-6. 7-8. 9 (R/. 1a)

R/.   Zorionekoa Jaunari begirune deutsona.

        Edo: Aleluia

V/.   Zorionekoa Jaunari begirune deutsona,
haren aginduak biziro maite dituana.
Ahaltsua izango da lurraldean haren jatorria,
bedeinkatua zuzenen ondorea. R/.

V/.   Haren etxean ondasunak ugari izango dira,
haren eskuzabaltasunak betiko dirau
Ilunpean argia lez da zuzenentzat:
errukiorra, bihozbera eta zintzoa. R/.

V/.   Zoriontsua errukitu eta emoten dauana,
bere arazoak zuzen atontzen dituana.
Ez da inoiz kili-kolo egongo;
zintzoaren gogorapenak beti bizirik dau iraungo. R/.

V/.   Ez deutse barri txarrei bildurrik,
sendo dau bihotza, Jaunaz fidaturik.
Seguru dau bihotza, bildurrik barik;
azkenean, arerioen porrota ikusiko dau. R/.

V/.   Esku betean emoten deutse behartsuei,
haren eskuzabaltasunak betiko dirau,
ohorez jasoko dau bekokia. R/.

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

Mt 23, 1. 12b

V/.   Zuetako handiena izan bedi zuen zerbitzari,
        dino Jaunak;
        bere burua beheratzen dauana
        goratu egingo dau Jainkoak. (R/.)

 

Ebanjelioa

Nire seniderik txikien honeetako bati egin zeuntsoena
neuri egin zeunsten.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 25, 31-46

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizonaren Semea –eta aingeru  guztiak  beragaz–  aintzaz  beterik  etortzean,  bere  errege-aulki ospetsuan jesarriko da, eta herri guztiak haren aurrean batuko dabez. Harek batzuk besteakandik banandu egingo ditu, artzainak ardiak ahuntzengandik banatzen dituan lez: ardiak bere eskumaldean ipiniko ditu, eta ahuntzak ezkerraldean.
    Orduan, erregeak esango deutse eskoikoei: “Zatoze, nire Aitaren bedeinkatuok; hartu egizue munduaren sortzetik zuentzat prestaturik dagoan erreinua. Ze gose nintzan, eta jaten emon zeunsten; egarri, eta edaten emon; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoan, eta jantzi egin ninduzuen; gaixorik, eta bisitatu; espetxean, eta ikustera etorri zinien”.
    Orduan, zintzoek erantzungo deutsoe: “Jauna, noiz ikusi zinduguzan goserik, eta emon geuntsun jaten, edota egarri, eta edaten emon? Noiz ikusi zinduguzan arrotz, eta etxean hartu, edota biluzik, eta jantzi? Noiz ikusi zinduguzan gaixorik edota espetxean, eta ikustera joan?”
    Eta erregeak erantzungo deutse: “Bene-benetan dinotsuet: nire senide txikien honeetariko bati egin zeuntsoena neuri egin zeunsten”.
    Gero, esango deutse ezkerrekoei: “Alde nigandik, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestatuta dagoan betiko surtara. Ze gose nintzan, eta ez zeunsten jaten emon; egarri, eta ez zeunsten edaten emon; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixorik eta espetxean nengoan, eta ez zinien ni ikustera etorri”.
    Hareek erantzungo deutsoe: “Jauna, noiz ikusi zinduguzan goserik edota egarriz, arrotz edota biluzik, gaixorik edota espetxean, eta guk lagundu ez?”
    Harek erantzungo deutse: “Benetan dinotsuet: txikien honeetariko bati egin ez zeuntsoena, neuri ez zeunsten egin”.
    Eta honeek betiko zigorretara joango dira; zintzoak, barriz, betiko bizitzara».

Jaunak esana.

__________________________________________

IRUZKINA

Argi itzi eban Jesusek Jainkoaren erreinuan handi izan gura dauanak bere burua txiki eta besteen zerbitzari (ume) bihurtu behar dauala.

Beste era batera esanda: gizakiak, gizaki izango bada, pertsona izango bada, bere azaleko nortasuna desegin behar izango dau, eta bere ingurukoak zerbitu, hareen beharrizanetan bere laguntza emon… Horrela garatuko da, eta beste ezelan ere ez, bere sakoneko eta benetako nortasuna. Horrelaxe izango da benetako gizaki, pertsona.

Jesusengandik beste hauxe ere ikasi dogu: Jainkoari ezin jakola zerbitzurik egin norbere senideengan ez bada.

Hau ere ez dogu hain errez onartzen eta gauzatzen gure egunerokoan. Nahiago dogu beste hauxe uste izan: nahikoa egiten dogula behartsuen alde eskatuz, edo bakearen alde, edo pekatarien konbertsinoaren alde, edo bokazinoen alde…

Baina Jainkoak beharrizanen artetik egiten deusku dei; eta ez hareik konpontzeko, edo harei urtenbide behin-betikoa emoteko, euretan gure hurtasuna agertzeko baino eta gure zerbitzua garatzeko. Behartsuak beti izango dozuez zeuekaz

 ________________________________________

 

Oparien gainekoa

Onartu, Jauna, zeure herriaren oparigai honeek,
eta zure Semearen neurribako maitasun-egintzak
ospatzen doguzanok sendotu gaizuz
Zuganako eta lagun hurkoaganako maitasunean,
Erroke santua sendotu zenduan lez.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

PREFAZIOA

V⁄. Jauna zuekin.          R⁄. Eta zure espirituarekin.

V⁄. Gora bihotzak.        R⁄. Jaunagan daukaguz.

V⁄. Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari. R⁄. Egoki da eta zuzen.

 

Egoki da, bai, eta zuzen,
bidezko eta salbagarri,
nonahi eta beti guk Zuri eskerrak emotea,
Jauna, Aita guztiz santu,
Jainko ahalguztidun betiko horri.

Goratua zara, bai, santuen batzarrean
eta, euren merezimentuak saritzean,
zeure dohaiak dituzu saritzen.
Jarraibide emoten deuskuzu euren bizitzan,
parte euren batasunean,
laguntza euren bidez;
halakoen testigantzaz indarturik,
azkeneraino zuzen jokatu daigun
Zuk agindutako burrukan
eta eurekin batera lortu
zimelduko ez dan koroa ederra,
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Horregaitik, aingeru eta goiaingeruekin
eta santuen batzar guztiarekin batean,
eten barik [esaten] kantatzen deutsugu gorazarre hau:

Santu, Santu, Santua...

 

Jaunartze-ant.

Ez dau inork maitasun handiagorik, bere bizia adiskideen alde emoten dauanak baino.

Ik. Jn 15, 13

Edo:

Honetan ezagutuko dabe guztiek nire ikasle zariena: zuek alkar maite izatean, dino Jaunak.

Jn 13, 35

Jaunartze ondorengoa

Zeure sakramentuez bizibarritu gaituzu, Jauna;
egizu, jarraitu deiogula Erroke santuaren ikasbideari,
bihotz gartsuz gurtu zinduzalako harek eten barik
eta on asko egin eutsalako maitasun handiz zure herriari.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Edo:

Salbazinoko sakramentuaren gozoaz janaritu gaituzu, Jauna;
eskaria egiten deutsagu zure bihotz onari,
izan gaitezala Erroke santuaren antzeko maitasunean,
zorionean ere beragaz parte izan daigun.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Bedeinkazinoa

Erroke santuaren jaia ospatzera batu gaitu gaur
Jainko gure Aitak;
bedeinkatu zaiezala, zaindu eta sendotu bere bakean.

R ⁄. Amen.

Kristo gure Jaunak
pazko-misterioaren indar erabarritzailea
erakutsi dau Erroke santuagan;
egin zaiezala bere Ebanjelioaren benetako testigu.

R ⁄. Amen.

Espiritu Santuak ebanjeliozko maitasunaren ejenplua
emon deusku Erroke santuagan;
emon deizuela
Eleizan egiazko fede- eta maitasun-alkartasuna
handitzeko grazia.

R⁄. Amen.

Bedeinkatu zagiezala Jaungoiko ahalguztidunak:
Aitak, eta Semeak,
eta Espiritu Santuak.

R⁄. Amen.