0731_San Ignazio


Uztailaren 31n

(Fray MARCOS)

 LOIOLAKO SAN IGNAZIO, PRESBITEROA

Elizbarrutiko zaindaria

Festaburua

 

I. Irakurgaia

Bedeinkazinoa eta madarikazinoa
jartzen deutsudaz gaur aurrean.

Deuteronomioa liburutik

Dt 30, 15-20

    Honan berba egin eutson Moisesek herriari: «Begira, bizia eta zoriona, heriotza eta zoritxarra jartzen deutsudaz gaur aurrean. Entzuten badozuz gaur nik emoten deutsudazan Jaunaren, zeure Jainkoaren, aginduak, Jauna zeure Jainkoa maitatuz, haren bidean ibiliz eta haren agindu, lege eta erabagiak betez, biziko zara eta ugarituko eta bedeinkatuko zaitu Jaunak zeure Jainkoak, jaubetzan hartzera zoazen lurraldean.
    Baina zure bihotza okertzen bada, entzuten ez badozu eta jainko arrotzen aurrean ahuspeztu eta hareek gurtzeko tentazinoari amore emoten badeutsazu, gaur iragartzen deutsut guztiz hondatuko zarala, eta ez dozula luzaro iraungo, Jordanez beste aldean jaubetzan hartzera zoazen lurraldean.
    Zeru-lurrei deitzen deutset gaur zure aurka testigu: bizia eta heriotza, bedeinkazinoa eta madarikazinoa jartzen deutsudaz aurrean. Zuk eta zure ondorengoek bizi nahi badozue, aukeratu egizu bizia, Jauna zeure Jainkoa maitatuz, haren esana entzunez eta hari lotuz. Horretan dago zure bizia eta hortik datorkizu Jaunak zure guraso Abrahami, Isaaki eta Jakobi zin eginez agindutako lurraldean luzaro bizitzeko ahalbidea».

Jaunak esana.

 

Erantzun Salmoa

Sal 1, 1-2. 3. 4 eta 6 (R/. Sal 40 [39], ik. 5a)


R/. Zorionekoa
     Jaunagan itxaropidea jartzen dauana!

     V/. Zorionekoa gaiztoen aholkuari jarraitzen ez deutsana,
pekatarien bidean ez dabilena,
lotsabakoen batzarretan jesartzen ez dana;
zorionekoa Jaunaren legean atsegin dauana,
haren legea gau eta egun hausnartzen dauana. R/.

     V/. Ur-ertzean landaturiko zuhaitzaren antzekoa da:
emoten dau bere sasoian frutua,
eta ez jako orririk igartzen;
egiten dauan guztiak ondo deutso urteten. R/.

     V/. Ez holan gaiztoak, ez holan,
haizeak daroan lastoaren antzekoak dira.
Jaunak zaintzen dau zintzoen bidea;
gaiztoena, barriz, galdu egiten da. R/.

II. Irakurgaia

Egizue dana Jainkoaren aintzarako.

San Paulo Apostoluak Kontoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 10, 31–11, 1

    Senideok: Nahiz jan, nahiz edan, nahiz beste edozer egiten dozuela, egizue dana Jainkoaren aintzarako. Ez izan eskandalu, ez juduentzat, ez jentilentzat, ez Jainkoaren eleiz alkartearentzat ere. Ni ere guztiei gauza guztietan atsegin emoten ahalegintzen naz, eta ez dot bilatzen neure ona, besteena baino, guztiak salbau daitezan.
    Izan zaiteze neure antzeko, ni Kristoren antzeko nazan bezala.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mt 5, 12a

R/. Aleluia.

V/. Poztu zaiteze eta alaitu,
     handia izango da-eta zuen saria zeruetan. R/.

 

Ebanjelioa

Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari,
har beza eguneroko bere gurutzea eta jarrai biezat.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lc 9, 18-26

    Jesusek bakarrik ziharduala otoitzean, ikasleak hurreratu jakozan, eta galdetu eutsen: «Nor nazala dino jenteak?» Hareek erantzun eutsoen: «Batzuk Joan Bataiatzailea zarala; beste batzuk Elias; beste batzuk, berriz, antxinako profetaren bat biztu dala». Jesusek, or-duan: «Eta zuek, nor nazala dinozue?» Pedrok erantzun eutson: «Jainkoaren Mesias».
    Jesusek inori ez esateko agindu eutsen zorrotz. Eta esan eutsen, gainera, ikasleei: «Gizonaren Semeak asko sufridu beharra dauka; zaharrek, abade-buruek eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dabe eta hil, baina hirugarren egunean biztu egingo da».
    Eta hau esan eutsen danei: «Nire ondoren etorri nahi dauanak egin beio uko bere buruari, hartu bei eguneroko bere kurutzea eta jarrai beist. Izan be, bere bizia salbau gura dauanak galdu egingo du; baina bere bizia Nigaitik galtzen dauanak salbau egingo du». Zertako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen eta hondatzen badau?
    Beraz, batenbat Nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da haretaz, bere aintzaz eta Aitaren eta aingeru santuen aintzaz beterik etorriko danean».
    Jesusek gaineratu eutsen ikasleei: «Zorionekoak zuen begiak, ikusten dabelako, eta zuen belarriak, entzuten dabelako. Benetan dinotsuet: profeta eta zintzo askok ikusi nahi izan eban zuek ikusten dozuena, baina ez eban ikusi, eta entzun zuek entzuten dozuena, baina ez eban entzun».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Gauzak ez joakoz ondo Jesusi. Zeozer somatzen dau; bere ezbaiak ditu, eta ikasleei jalgitzen deutse galderea, ezer argituko badau.

Jentearen ustea jakin gura dau. Eta ez daukela argi jasoten dau erantzun lez: eretzi ezbardinak daukez. Ikasleek eurek ere ez dauke argi, antza; danen izenean erantzuten dau Pedrok.

Baina emoten dauan erantzuna inondik inora ere ez dau onartuko Jesusek: bera ez da jenteak uste eta itxaroten dauan Mesias. Jesusek ez dau horrela ikusten bere burua.

Eurekaz bizi dan artean, ikasleek ez dabe ikusiko Jesusengan gizon bat baino. Apartekoa, behar bada; baina gizon bat, besterik ez. Eta euren usteezko irudi bat eraikitzen jardungo dabe.

Badakie eurek uste daben Mesias ez dana. Eta Jesusen erantzunak atzeraka eragingo deutse. Zer behar ete dabe Jesus ezagutzeko?

Gerora jakingo dogu geuk ere, Jesusen aldentzeak bideratuko dauala pazko-esperientzia sakona, eta halan ezagutuko dabela benetako Jesus.

Hortixik iragarriko dabe, horixe ikusi dabelako Jesusengan, emoten dan bizitzak sortuazoten dauala bizitza betea. Eta horixe iragarriko dabe.

 

 


 

Uztailaren 31n

LOIOLAKO SAN IGNAZIO, PRESBITEROA

ELIZBARRUTIKO ZAINDARIA

Festaburua

 (Meza-otoitzak)

Sarrera-ant.

Flp 2, 10-11

       Jesusen izenaren omenez danen belaunak makurtu daitezala, zeruan, lurrean eta lurpean, eta mihin guztik autortu daiala Jesu Kristo dala Jauna, Jainko Aitaren aintzarako.


Aintza zeruetan esango da.

Otoitza

Oi Jainko,
Loiolako Ignazio santua emon eutsan Eleizeari
zure izenaren aintza gero eta gehiago zabaltzeko;
egizu, ha lagun eta ejenplu dogula,
lur honetan burrukatu ondoren,
lortu daigula garaipen-koroia harekin batean zeruan.
Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean
Jainko eta errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.

 

Sinisten dot esango da.

 

Oparigaien gainekoa

Jainko Jauna, izan dakizuzala atsegin
Loiolako Ignazio santuaren ospakizun honetan
ekarri deutsuguzan eskeintzak;
eta santutasun guztiaren iturri dan sakramentu honek
egin gaizala geu ere santu egian.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

Prefazioa

Espirituzko bizierarako maisu

V/. Jauna zuekin.
R/.
Eta zure espirituarekin.

V/. Gora bihotzak.
R/.
Jaunagan dauzkagu.

V/. Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
R/.
Egoki da eta zuzen.

 

Egoki da, bai, eta zuzen,
bidezko eta salbagarri,
nonahi eta beti guk Zuri eskerrak emotea,
Jauna, Aita guztiz santu,
Jainko ahalguztidun betiko horri.

San Ignaziok irakatsitako bideari jarraitzera
dei egiten deuskuzu-ta,
uste oneko bihotz otzanez
Espirituaren ahotsa entzun daigun;
gure bizitza Kristorenarekin bat egitera
eta, birtute guztien eredu danez,
haren antzeko izatera bultzatzen gaituzu:
beraren bidez aukeratu gaituzu, Aita errukitsu horrek,
zure dohaiei erantzunez
fedearen bidean aurrera egin daigun,
itxaropenak sendo irauten lagundu deigun
eta maitasunak onbidean ibiltzeko indartu gaizan.

Horregatik, orain eta beti
santu eta aingeru guztiekin batean
goraki abesten deutsugu, poz betean kantari

Santu, Santu, Santua…

 

Jaunartze-ant.

Ik. Lk 12, 49

Lurrean sua jartzera etorria naiz, dio Jaunak, eta nahiago nuke dagoeneko sutan balego.

 

Jaunartze ondorengoa

Jauna, Loiolako Ignazio santuaren jai honetan
Zuri eskerrak emoteko eskeini deutsugun gorespen-opariak
eroan gaizala betiko bizitzan zure handitasun aintzatsua gorestera.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

Bedeinkapen nagusia erabil daiteke

 

San Ignazioren jaia ospatzera batu gaitu gaur
Jainko gure Aitak;
bedeinkatu zaiezala, zaindu eta sendotu bere bakean.

R ⁄.
Amen.

Kristo gure Jaunak
pazko-misterioaren indar erabarritzailea
erakutsi dau San Ignaziorengan;
egin zaiezala bere Ebanjelioaren benetako testigu.

R ⁄.
Amen.

Espiritu Santuak ebanjeliozko maitasunaren ejenplua
emon deusku San Ignaziorengan;
emon deizuela
Eleizan egiazko fede- eta maitasun-alkartasuna
handitzeko grazia.

R⁄.
Amen.

Bedeinkatu zagiezala Jaungoiko ahalguztidunak:
Aitak, eta Semeak, eta Espiritu Santuak.

R⁄.
Amen.

 

Lagungarriak:   EUSK   /   CST

Arratiatik_24: Eusk  /   Bilg