1109_Letrango Basilika sagaratzea

Azaroaren 9an

LETRANGO BASILIKA SAGARATZEA

Jaia

Jaiegun hau domekan egokitzen danean, hiru irakurgaiak iragarriko dira; astegunean izaten danean, barriz, irakurgai bietako bat iragarriko da Ebanjelio aurretik. Erantzun-salmoa lehenengo irakurgaiaren ondoren abestu edo esango da.

 

I. Irakurgaia  (1. aukera)

Ura ikusi neban tenplutik urteten;
eta ur hori heldu jaken guztiak salbatu egin ziran.

Ezekielen Profezia liburutik

Ez 47, 1-2. 8-9. 12

    Egun hareetan, Jaunaren tenpluko sarrerara eroan ninduan gizonak. Ura ikusi neban tenpluko ate azpitik urteten eta sortaldera joaten, tenplua sortaldera begira egoan-eta. Ura tenpluaren eskumaldetik jaisten zan, altarearen hegoaldera. Gero, iparraldeko atetik urtenarazo eustan, eta kanpotik jira-bira eginarazo eustan, sortaldera begira egoan sarreraraino. Eskumaldetik joian ura isurian.
    Gizonak esan eustan: «Ur hau sortaldera doa, Araba haranera jaisten da eta Itsaso Hilean amaitzen. Itsasoratzean, hango ur ustelak ondu egingo ditu. Ibaia helduko dan edonon, mota guztietako piztiak biziko dira eta arrain asko izango da; itsasoko urak on bihurtuko dira, eta bizia sortuko dau doan toki guztietan.
    Ibaiaren ertz bietan, mota guztietako fruta-arbolak haziko dira; ez jake orririk jausiko, eta eten barik emongo dabe frutua, hilero emonaldi bat, santutegitik sortzen dan urak ureztatzen ditu-eta. Frutuak janari izango dira, eta orriak osagai».

Jaunak esana.

 

I. Irakurgaia  (2. aukera)

          Letrango basilika sagaratzearen jaia domekan egokitu ezkero, hau II. irakurgaia izango da.

Jainkoak eraikitzen dauan etxe zarie zuek.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 3, 9c-11. 16-17

    Senideok: Jainkoak eraikitzen dauan etxe zarie zuek. Jainkoak emon deustan dohaiaren arabera, nik oinarria ipini dot, etxegile trebeari dagokionez; baina beste batek eraikitzen dau etxea. Ikusi begi bakotxak zelan eraikitzen dauan. Inork ezin leike ipinita dagoan oinarria besterik ipini; eta oinarri hori Jesu Kristo da.
    Ez ete dakizue, Jainkoaren tenplu zariena eta Jainkoaren Espiritua zuengan bizi dana? Jainkoaren tenplua hondatzen dauana, hondatu egingo dau Jainkoak, Jainkoaren tenplua santua da-eta; tenplu hori zeuek zarie.

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 46 [45], 2-3. 5-6. 8-9 (R/. 5)

R/.   Ibai baten adarrek alaitzen dabe Jainkoaren uria,
        Goi-goikoaren bizileku guztiz santua.

V/.   Jainkoa dogu babesleku eta indar,
edozein larrialditan laguntza azkar.
Horregaitik ez gara bildur,
nahiz eta lurrak dardara egin
edo mendiak itsas hondora amildu. R/.

V/.   Ibai baten adarrek alaitzen dabe Jainkoaren uria,
Goi-goikoaren bizileku guztiz santua.
Jainkoa dau erdian, ez dabil kili-kolo,
goiz-goizetik laguntzen deutso Jainkoak. R/.

V/.   Jaun ahalguztiduna geugaz dogu,
Jakoben Jainkoa gure gotorleku!
Zatoze eta ikusi Jaunaren egintzak,
lurrean eragin dituan aldaketak. R/.

 

Aleluia

2 Kro 7, 16

R/.   Aleluia.

V/.   Tenplu hau aukeratu eta sagaratu dot,
        beti nire bizileku izan dadin, dino Jaunak. R/.

 (Fray MARCOS)

Ebanjelioa

Harek bere gorputzaren tenpluaz ziharduan.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 2, 13-22

    Aldi haretan, hurrean zan judeguen Pazko-jaia, eta Jesusek Jerusalemera igon eban. Tenpluan idi-, ardi- eta uso-saltzaileak aurkitu zituan, eta diru-trukatzaileak bertan jesarrita. Jesusek, sokaz zartailua eginik, bota egin zituan danak tenplutik, baita ardiak eta idiak be, eta tratularien diruak sakabanatu eta mahaiak irauli egin zituan. Uso-saltzaileei esan eutsen: «Kendu horreek hortik! Ez bihurtu azoka-etxe nire Aitaren etxea». Ikasleak idatzita dagoanaz gogoratu ziran: «Zure tenpluaren maiteminak erreko nau».
    Orduan judeguek itaundu eutsoen:«Zer ezaugarri emoten deuskuzu hori egiteko?» Jesusek erantzun eutsen:«Desegin egizue hau tenpluau, eta hiru egunean jasoko dot». Judeguek erantzun eutsoen:«Berrogeta sei urte behar izan ziran tenplu hau eregitzeko, eta Zuk hiru egunean jasoko dozula?» Harek, ostera, bere gorputzaren tenpluaz ziharduan.
    Hilen artetik berbiztu zanean gogoratu ziran ikasleak esandako honetaz, eta sinistu egin eben Liburu Santuetan eta Jesusek esandako hitzean.

Jaunak esana.