1018_San Lukas ebanjelaria


Urriaren 18an

San Lukas, ebanjelaria

Jaia

I. Irakurgaia

Lukas bakarrik dago nigaz.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren epistolatik

2 Tm 4, 10-17b

    Anaia maitea: Dimasek itzi egin nau; nahiago izan ditu mundu honetako gauzak, eta Tesalonikara joan da; Kreszente, barriz, Galaziara joan da eta Tito Dalmaziara. Lukas beste inor ez dago nigaz. Hartu egizu Markos eta ekarri zeugaz, oso ona dot-eta lanerako. Tikiko Efesora bialdu dot. Hona etortzean, ekarri egizu Troaden, Karporen etxean, itzi neban soingainekoa, baita liburuak be, batez be pergaminoak.
    Alexandro errementariak kalte handia egin deust; Jaunak ordainduko deutso bere jokabidearen arabera. Kontu izan zeuk be horregaz, gogor jarri zan-eta gure irakatsien kontra.
    Nire auziko lehenengo defentsan ez eban inork urten nire alde; bakarrik itzi ninduen danek; Jainkoak ez deiela kontuan hartu. Baina Jauna neugaz izan neban eta indartu ninduan, nire bidez mezua osorik iragarria izan eiten eta jentil guztiek entzun egien.

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 145 [144], 10-11. 12-13b. 17-18 (R/. ik. 12)

R/.   Zure adiskideek agertu begie, Jauna,
        zure erregetzaren bikaintasuna.

V/.   Goratu zagiezala, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinkatu zeure fededunek;
aitatu begie zure erregetza ospetsua,
berba egin begie zure ahalmenaz. R/.

V/.   Gizakiei agertuz zure egite ahaltsuak,
zure erregetza ospetsuaren bikaintasuna.
Zure erregetza betiko erregetza,
gizaldiz gizaldikoa zure nagusitza. R/.

V/.   Zintzoa da Jauna bere bide guztietan,
leiala egintza guztietan.
Hurrean dago Jauna dei egiten deutsoenengandik,
benetan dei egiten deutsoen guztiengandik. R/.

 

Aleluia

Ik. Jn 15, 16

R/.   Aleluia.

V/.   Neuk aukeratu zinduedazan zuek,
        eta eginkizun hau emon deutsuet:
        frutu ugaria eta iraunkorra emon dagizuela edonon,
        dino Jaunak. R/.

 

Ebanjelioa

Uzta ugaria da, baina langileak gitxi.

    Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 10, 1-9

    Aldi haretan, Jaunak beste hirurogeta hamabi ikasle izendatu eta bere aurretik bialdu zituan binaka, bera joatekoa zan herri eta leku guztietara.
    Eta esan eutsen: «Uzta ugaria da, baina beharginak gitxi. Egin, beraz, otoitz uzta-jaubeari bialdu dagizala langileak bere uztara. Zoaze! Bildotsak otso artera lez bialtzen zaituet. Ez eroan boltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten.
    Edozein etxetan sartzen zariela, esaizue lehenengo: “Bakea etxe honetakoei!” Eta han bakezalerik bada, haren gainean jarriko da zuen bakea; osterantzean, barriz, zuen bakerik barik geldituko dira. Gelditu zaiteze etxe berean; eta jan eta edan daukienetik, ze, beharginari zor jako bere saria.
    Ez ibili etxez etxe. Herriren baten sartu eta ondo hartzen bazaituee, jan ipintzen deutsueenetik, osatu bertako gaixoak eta esaiezue: “Hurrean dozue Jainkoaren erreinua”.

Jaunak esana.

  

IRUZKINA

Pasarte hau ez da agertzen beste sinoptikoetan (Mateo eta Markos), eta badirudi Lukas ebanjelariaren konposaketa baten aurrean gagozala. Emoten deuskuzan datoak euki behar izango geukez, ba, gogoan, hausnarketarako.

Lehenengoa 70 zenbakia dogu. Itun Zaharrean nazino edo herrialde paganoak ziran 70. Jesusen iragarpenak, ba, unibertsala izan behar dau, herrialde pagano guzietara heldu behar dau; ez dau mugatu behar Israelgo herrira.

Azpimarratzekoa da baita uzta aitatzen dala. Eta uzta frutu-batzea da. Iragarpena ereitea da; eta hau nekez egiten da. Hemen azpimarratzen dan uzta batzea pozez eta bizkor egiten da.

Batze hori otsoen bildur barik egin behar bada ere, bildots izakeraz, apaltasunez egiteko gauzea da; non-ze-barritan gelditu barik; eta lagungarri barik (ez zakutorik, ez oinetakorik), uste osoa Jainkoagan izanda.

Misiolariak, ebanjelioaren iragarleak, hementxe dauka bere eginkizunaren zelangotasuna. Eta helburua Jaunaren bakea eroatea da. Ez dabe danek onartuko; baina onartzen dauanak bere salbazinoa aurkituko dau eta bakegile bihurtuko da.