0908_Maria Birjinaren Jaiotza

Irailaren 8an

Maria Birjina dohatsuaren Jaiotza

Jaia

I. Irakurgaia  (1. aukera)

Amak umea izan dagian arte.

Mikeasen Profezia liburutik

Mi 5, 1-4a

Honan berba egiten dau Jaunak:
Zu, Efratako Betleem, Judako leinuetan txikiena,
zugandik urtengo dau Israelen buruzagiak.
Aspaldikoa da honen sortzea,
betiereko egunetakoa.
Horregaitik, itzi egingo dau Jaunak herria,
amak umea izan dagian arte.
Orduan, atzerrian bizirik gelditutako senideak
Israelgoengana bihurtuko dira.
Sendo eutsiko deutso
eta artzain bizkorra izango da Jaunaren indarrez,
Jaunaren bere Jainkoaren izen handiaz.

Nasai biziko dira herritarrak;
handi agertuko da-eta ha lurraren mugetaraino,
eta bakea ekarriko dau.

Jaunak esana.

I. Irakurgaia  (2. aukera)

Aurrez ezagutu ebazanak aukeratu be egin ebazan Jainkoak.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 8, 28-30

    Senideok: Badakigu bera maite dabenen onerako bideratzen dituala Jainkoak gauza guztiak, bere aurre-erabagiaz deitu dituanen onerako hain zuzen be.
    Aurrez ezagutu ebazanak aukeratu be egin ebazan, bere Semearen irudiko izan eitezan eta, holan, Semea senide askoren artean lehen-seme izan zedin. Aurrez aukeratu ebazanak deitu be egin ebazan; deituak, barriz, zuzentzat hartu, eta zuzentzat hartuak aintzaz bete.

Jaunak esana.

Erantzun-salmoa

Sal 13 [12], 6ab. 6cd (R/. Is 61, 10)

R/.
   Pozaren pozez nago Jaunagaz.

V/.   Nik zure maitasunean dot konfiantza;
poztu dadila nire bihotza zure garaipenaz. R/.

V/.   Orduan kantuz ekingo deutsat Jaunari,
egin deustan onagaitik. R/.

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoa zu, Maria Birjina dohatsua,
        eta benetan aintzagarria,
        zugandik sortu zan-eta zuzentasun-eguzkia,
        Kristo gure Jainkoa! R/.

Ebanjelioa

          Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Espiritu Santuagandik dator honengan sortua.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 1, 1-16. 18-23

    Abrahamen eta Daviden ondorengo dan Jesu Kristoren jatorri-liburua.
    Abrahamek Isaak sortu eban, Isaakek Jakob, Jakobek Juda eta haren anaiak; Judak Tamarrengandik Fares eta Zara sortu zituan, Faresek Esrom, Esromek Aram, Aramek Aminadab, Aminadabek Naason, Naasonek Salmon; Salmonek Rahabengandik Booz sortu eban, Boozek Rutengandik Obed, Obedek Jese, Jesek David erregea.
    Davidek Uriasen emazte izanagandik Salomon sortu eban, Salomonek Roboam, Roboamek Abia, Abiak Asaf, Asafek Josafat, Josafatek Joram, Joramek Ozias, Oziasek Joatam, Joatamek Akaz, Akazek Ezekias,  Ezekiasek Manases, Manasesek Amon, Amonek Josias; Josiasek Babiloniako erbestealdian Jekonias eta honen senideak sortu zituan.
    Eta Babiloniako erbestealdi ostean, Jekoniasek Salatiel sortu eban, Salatielek Zorobabel, Zorobabelek Abiud, Abiudek Eliakim, Eliakimek Azor, Azorrek Sadok, Sadokek Akim, Akimek Eliud, Eliudek Eleazar, Eleazarrek Matan, Matanek Jakob; Jakobek, barriz, Jose sortu eban, Mariaren senarra, eta Mariagandik jaio zan Jesus, Kristo deritxona.
    Jesu Kristoren sortzea holan gertatu zan: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko berba emonda egoan eta, alkarregaz bizi izan baino lehenago, seindun gertatu zan Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa zanez eta ez ebanez bere emaztea salatu gura, ha isilean iztea erabagi eban.
    Baina asmo hori gogoan erabilela, Jaunaren aingerua agertu jakon amesetan eta esan eutson: «Jose, Daviden ondorengo hori, ez bildur izan zeure emazte Maria etxean hartzeko, honengan sortua Espiritu Santuagandik dator-eta. Semea izango dau, eta zuk “Jesus” ipiniko deutsazu izena, ze harek salbatuko dau bere herria pekatuetatik».
    Hau guztiau Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin gertatu zan:

 «Begira, birjinak sabelean sortu
eta semea izango dau,
eta Emmanuel ipiniko deutsoe izena
(izen honek “Jainkoa gurekin” esan gura dau)».

Jaunak esana.

          Ebanjelioa era laburrean.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 1, 18-23