1011_Begoñako Maria Birjina Dohatsua


 Urriaren 11n

BEGOÑAKO MARIA BIRJINA DOHATSUA

BIZKAIKO ZAINDARIA

Festaburua

Sarrera-ant.

Jdt 13, 19

Jainkoaren indarraz oroituko den herriari ez zaio inoiz ere ahaztuko zuk Jainkoarengan izandako itxaropena.

Aintza zeruetan esango da.

Otoitza

Jainko Jauna, zure Seme maitearen Ama
Begoñakoa deiturapean erregutzen duen
gure herriaren ama eta zaindari egin duzu;
egizu, haren babespean
bizi eta poztu gaitezela
bake iraunkorrean.
Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean
Jainko eta errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

Sinisten dot esango da.

Oparigaien gainekoa (Lehen lerroak Ama Birjinaren betikoko 3. Mezakoak dira)

Gorespen-oparia eskaintzen dizugu, Jauna,
zure Semearen Amaren festaburua
Begoñakoa deiturapean pozik ospatzen dihardugunok;
egizu, ama honen babesaz
izan dezagula zure laguntza geure behar guztietan.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

Prefazioa

Maria Birjina dohatsua,
kristau herriaren ama eta zaindaria

V/.   Jauna zuekin.
R/.
   Eta zure espirituarekin.

V/.   Gora bihotzak.
R/.
   Jaunagan daukaguz.

V/.
   Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
R/.
   Egoki da eta zuzen.

 

Egoki da, bai, eta zuzen,
bidezko eta salbagarri,
nonahi eta beti guk Zuri eskerrak emotea,
Jauna, Aita guztiz santu,
Jainko ahalguztidun betiko horri,
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Maria Birjina, Sortzez garbia,
zure Semearen Ama,
Begoñakoa deiturapean erregutzen dauan
gure herriaren ama eta zaindari egin dozu,
berak babesturik
ausardiaz parte hartu daian fedearen borrokan,
leialki jarrai deien apostoluen irakatsiei
eta sendo bizi dadin munduko zailtasunen erdian,
zeruko Jerusalemera poz-pozik heldu arte.

Horregatik, Jauna,
aingeru guztiekin batean
goresten zaitugu, orain eta beti abesten deutsugula:

 

Santu, Santu, Santua…

 

Jaunartze-ant.

Ik. Dt 10, 21

Jauna da zure Jainkoa eta hura duzu goretsiko, gauza harrigarriak egin baitzituen zure alde.

 

Jaunartze ondorengoa

Salbamen-sakramentuaz indarberriturik,
eta Begoñako Maria Birjina dohatsuaren laguntzaz
eskatzen dizugu, Jauna,
giza izate zaharra utzirik,
Kristo har dezagula soineko,
bera baita gizadi berriaren sorburua.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.


I. Irakurgaia

Maria, jakituriaren aulkia.

Esaera Zaharrak liburutik

Es 8, 22-31

    Honan berba egiten dau Jainkoaren Jakituriak:
«Bere jardueraren hasieran sortu ninduan Jaunak,
bere lehenengo egintzen aurretik.
Betidanik eratua naz hasiera-hasieratik,
lurra izan baino lehenagotik.

Ur-lezarik ez zanean izan nintzan sortua,
iturbururik be ez egoanean.
Mendiak landatuak izan aurretik,
muinoak baino lehen izan nintzan sortua;
artean ez ebazan Jainkoak mundu hau eta kanpokoak eginak,
ezta unibertsoaren lehengaiak be.

Zerua ezarri ebanean, han nintzan ni,
ur-lezearen gainetik zeru-sabaia jarri ebanean;
hodeiak goian finkatu
eta lezako iturriak ezarri ebazanean,
itsasoari mugak jarri
–urek muga horreetatik urten ez egien–
eta lurrari oinarriak sendotu eutsozanean,
haren ondoan nengoan ni, obra-maisu lez;
haren gozamena nintzan egunero,
haren aurrean jolastuz aldi oro;
ludiagaz jolasten nintzan
eta gizakiekin neban gozamena».

Jaunak esana.

Erantzun salmoa

Lk 1, 46-48a. 48b-50. 51-52. 53-55 (R/. 49)

R/.   Handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak;
        santua da haren izena

Edo: Zorionekoa zu, Maria Birjina;
        betiko Aitaren Semea ekarri zenduana.

V/.   Handiesten dau nire arimak Jauna,
pozaren pozez daukat neure barrua,
Jainkoa da-eta nire salbazinoa,
ikusi dau-eta mirabe honen ezereztasuna. R/.

V/.   Horregaitik, dohatsu deituko deuste gaurdanik gizaldi guztiek,
handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak;
santua da haren izena,
eta haren errukia gizaldiz gizaldi
begirune deutsoenengana. R/.

V/.   Bere besoaren indarra erabili dau,
buru-harroak hondatu ditu;
bota ditu euren aulkietatik ahaltsuak,
eta gora jaso ditu ezerezak. R/.

V/.   Ondasunez bete ditu gose egozanak
eta esku-hutsik bialdu aberatsak.
Lagun etorri jako bere morroi Israeli,
bere errukiaz gogoraturik.
Halan eutsen gure gurasoei berbea emona,
Abrahami eta ondorengoei betiko esana. R/.

 

II. Irakurgaia

Bere Semea bialdu eban Jainkoak,
emakumeagandik jaioa.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolatik

Ga 4, 4-7

    Senideok: Sasoia bete zanean, bere Semea bialdu eban Jainkoak, emakumeagandik jaioa, legepeko egina, legepean ziranak askatzera, guk seme-alabatzakoa hartu gengian. Eta seme-alaba zarien seinaletzat bere Semearen Espiritua bialdu dau Jainkoak gure bihotzera, «Abba! Aita!» deika diharduana. Beraz, aurrerantzean ez zara esklabo, seme edo alaba baino, eta seme edo alaba bazara, baita oinordeko be, Jainkoari esker.

Jaunak esana.

 

Aleluia

R/.   Aleluia

V/.   Poztu zaitez, Maria, graziaz bete hori!
        Jauna zugaz,
        bedeinkatua zu emakumeen artean. R/.

 

Ebanjelioa

Horra zelako atsekabez ibili garan aita eta biok zure bila!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 2, 41-52

    Jesusen gurasoak Jerusalemera joaten ziran urtero erromes Pazko-jaietan. Jesusek hamabi urte bete zituanean, Jerusalemera igon eben jaietara, ohitura zan lez. Jaiegunak amaiturik gurasoak etxerantz abiatu ziranean, Jesus umea Jerusalemen gelditu zan, eurak jakin barik. Erromeskideen artean etorrelakoan, egun bateko bidea egin ostean, haren bila hasi ziran taldeko senideen eta ezagunen artean. Eta aurkitzen ez ebenez, Jerusalemera bihurtu ziran haren bila.

    Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu eben, irakasleen artean jesarrita, hareei entzuten eta itaunka. Entzuten eutsoen guztiak harrituta egozan erantzunetan erakusten eban argitasunagaitik. Gurasoak, ikusi ebenean, zur eta lur gelditu ziran, eta amak esan eutson: «Seme, baina zergaitik egin deuskuzu hori? Begira zelako atsekabez ibili garan aita eta biok zure bila!»

    Harek erantzun eutsen: «Zergaitik ibili zarie nire bila? Ez ete zenkien Nik neure Aitaren etxean egon behar dodana?» Hareek, ostera, ez eben ulertu zer esan gura eutsen.

    Jesus Nazaretera jatsi zan eurakaz, eta euren menpean bizi zan. Haren amak bere bihotzean gordetzen zituan gauza honeek guztiok.

    Jesus, barriz, aurrera joian jakiturian, gorpuzkeran eta grazian, Jainkoaren eta gizon-emakumeen begietan.

Jaunak esana.

 (Fray Marcos)

IRUZKINA

Jazoera honetan hainbeste gauza dagoz gure ulerkeratik at edo urrun legokezanak. Ez da harritzekoa, amaieran hauxe dino-eta: Hareek, ostera (gurasoek) ez eben ulertu zer esan gura eutsen.

Harritu geinkezan gauza bat zera da: kultura haretan ezer gitxi baziran emakumeak, eta gitxiago umeak, zer dala-eta agertzen dira erdi-erdian pasarte honetan Jesus Umea eta honen ama, Maria, eta ez da aitatzen aita, Jose?

Hamabi urtegaz umea gizon izaten hasten zan, gizartean sartzen, esku hartzen… Eta Jesus, hamabi urtegaz galdu egiten da, Aitaren etxean agertzeko. Aita hau ez da jatorrizko aita, edo giza-aita, Jainkoa baino.

Hiru egunen buruan aurkitzeak ere esangurarik izango dau, hirugarren egunean biztu zalako. Hiru egunok heriotzearen ezaugarri ete ziran? Benetako bizitza Aitarenean aurkitzen ete dau?

Eta irakasleen artean galde-erantzunetan jardutea hareen ilunpeak argitzeko ete zan: heriotzatik bizitzaratzeko?

Eta Mariak bere bihotzean gordeten zituan gauza honeik guztiok…