0514_San Matias, Apostolua

Maiatzaren 14an

San Matias, Apostolua

Jaia

I. Irakurgaia

Zotz eginik, Matiasi egokitu jakon,
eta hamaika apostoluekin alkartu eben.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 1, 15-17. 20-26

    Egun hareetan, Pedrok, senideen erdian zutunduta, esan eban: «Senideok, bete beharrezkoa zan Espiritu Santuak Liburu Santuan Daviden ahoz iragarria, hau da, Jesus harrapatu ebenen gidari izan zan Judasi buruz esana. Gure taldekoa zan eta zerbitzu hau betetzeko gu lez aukeratua. Honan dago idatzita Salmoen liburuan: "Bihurtu bedi haren bizilekua basamortu, gelditu bedi inor barik". Eta beste hau be bai: "Hartu begi beste batek haren kargua".
    Beharrezkoa da, beraz, norbait gure taldeko kide egitea, gugaz batera Jesusen biztueraren testigu izan dadin. Jesus Jauna gure artean bizi izan dan denpora guztian –Joanek bateatu ebanetik zerura jasoa izan dan egunera arte, hain zuzen be– gugaz ibili diranetakoa izan behar dau».
    Bi aurkeztu ebezan: Jose, deituraz Barsaba, izengoitiz Zintzoa, eta Matias. Ondoren, honan egin eben otoitz: «Jauna, Zuk ezagutzen dozuz guztion bihotzak, erakutsi egiguzu bi honeetatik zein aukeratu dozun, apostolu-zerbitzu honetan Judasek itzi dauan lekua betetzeko, ha egokion tokira joan da-eta». Zotz eginik, Matiasi egokitu jakon, eta hamaika apostoluekin alkartu eben.

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 113 [112], 1-2. 3-4. 5-6. 7-8 (R/. ik. 8)

R/.   Bere herriko handikien artean
        jesarriarazo dau Jaunak.

        Edo: Aleluia.

V/.   Goratu egizue, Jaunaren zerbitzariok,
goratu Jaunaren izena.
Bedeinkatua izan bedi Jaunaren izena,
orain eta beti. R/.

V/.   Eguzkiaren sorlekutik sarlekura,
goratua izan bedi Jaunaren izena.
Jauna herri guztien gainean garai dago,
haren ospea zerua baino gorago. R/.

V/.   Nor da Jauna gure Jainkoa lakorik?
Gorenean dau tronua,
baina beheratu egiten da,
zerura eta lurrera begiratzeko. R/.

V/.   Gizajoa hautsetatik jasotzen dau,
behartsua zaborretatik ataratzen,
eta handikien artean jesarriarazoten dau,
bere herriko handikien artean. R/.

       

Aleluia               

Jn 15, 16

R/.   Aleluia.

V/.   Neuk aukeratu zinduedazan zuek,
        eta eginkizun hau emon deutsuet:
        frutu ugaria eta iraunkorra emon dagizuela edonon,
        dino Jaunak. R/.

 

Ebanjelioa

Ez ninduzuen zuek aukeratu Ni,
Neuk aukeratu zinduedazan zuek.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 15, 9-17

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Aitak Ni maite izan nauan moduan, halantxe maite izan zaituet Neuk be zuek; iraun tinko nire maitasunean. Nire aginduak betetzen badozuez, nire maitasunean iraungo dozue, Neuk be, Aitaren aginduak bete dodazanez, haren maitasunean irauten dodan moduan.
    Hau esan deutsuet nire poza zeuongan izan dagizuen, eta zuon poza bete-betea izan dadin». «Hauxe da nire agindua: maitatu dagizuela alkar, Nik maite izan zaituedan lez. Ez dauka inork maitasun handiagorik, bere bizia lagunen alde emoten dauanak baino.
    Zuek nire adiskide izango zarie, Nik agindua betetzen badozue. Aurrerantzean ez deutsuet morroi deituko, ze, morroiak ez dau jakiten nagusiak zer egiten dauan; zuoi adiskide deitzen deutsuet, neure Aitagandik entzun dodan guztia jakinarazo deutsuedalako.
    Ez ninduzuen zuek aukeratu Ni, Neuk aukeratu zinduedazan zuek, eta eginkizun hau emon deutsuet: edonon frutu ugaria eta iraunkorra emon dagizuela; holan, Aitari nire izenean eskatuko deutsazuen guztia emongo deutsue. Hauxe agintzen deutsuet: maitatu dagizuela alkar».

Jaunak esana.