0914_Kurutze santuaren gorapena

Irailaren 14an

Kurutze Santuaren Gorapena

Jaia

Jai hau astegunean gertatzen danean, hemen ondoren dagozan irakurgai bietatik bakarra hartuko da Ebanjelio aurretik. Baina domekan izan ezkero, irakurgai biak aldarrikatuko dira. Erantzun-salmoa lehenengo irakurgaiaren ondoren abestu edo esango da.

 (Fray Marcos)

I. Irakurgaia   (1. aukera)

Sugeren batek norbaiti eztena sartzen eutsonean,
brontzezkoari begiratzean osatu egiten zan.

Zenbakiak liburutik

Zen 21, 4b-9

    Egun hareetan, herria, bideaz gogaituta, txarto esaka hasi zan Jainkoaren eta Moisesen aurka: «Zertarako atara ginduzuzan Egiptotik? Basamortuan hiltzeko? Ez dogu ogirik, ez urik, eta asperturik gagoz mana dalako janari kaskar honegaz».
    Jaunak suge pozoitsuak bialdu eutsozan herriari, eta hareen eztenkadaz israeldar asko hil zan. Orduan, Moisesengana joan eta esan eutsoen: «Pekatu egin dogu, Jaunaren eta zure kontra txarto esaka jardunez. Erregutu Jaunari sugeak gugandik urruntzeko».
    Erregutu eban Moisesek herriaren alde, eta Jaunak esan eutson: «Egizu brontzezko sugea eta ipini haga baten muturrean. Sugeek eztena sartutako guztiak, brontzezko sugeari begiratzean, osatu egingo dira». Egin eban Moisesek brontzezko sugea eta hagaren muturrean ipini eban. Eta sugeren batek norbaiti eztena sartzen eutsonean, brontzezkoari begiratzean osatu egiten zan.

Jaunak esana.

 

I. Irakurgaia  (2. aukera)

Kurutze Santuaren Gorapenaren jaia domekan izan ezkero, hau II. irakurgaia izango da.

Apaldu egin eban bere burua;
horregaitik, Jainkoak goratu egin eban.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako epistolatik

Flp 2, 6-11

    Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanik,
ez eutson gogor eutsi Jainkozko bere mailari;
bestetara baino, egokion aintza itzi
eta esklabo-izaera hartu eban, gizakien antzeko eginez.
Eta gizaki lez agertuz, apaldu egin eban bere burua,
menpeko eginez heriotzaraino, kurutzean hiltzeraino.

Horregaitik, danen gainetik goratu eban Jainkoak
eta izen guztietan bikainena emon eutson,
Jesusen izenaren omenez danen belaunak makurtu daitezan,
zeruan, lurrean eta lurpean,
eta mihin guztiek autortu dagien Jesu Kristo dala Jauna,
Jainko Aitaren aintzarako.

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 78 [77], 1-2. 34-35. 36-37. 38 (R/. ik. 7b)

R/.   Ez ahaztu Jaunaren egintza handiez.

V/.   Entzun, ene herri, nire irakaspena,
makurtu belarria nire esanetara.
Ipuinetan berba egingo dot,
antxinako ezkutukiak azalduko ditut. R/.

V/.   Baina hiltzen ebazanean, Jainkoaren bila hasten ziran,
damutu eta beraren bila lehiatzen.
Gogoratzen ziran Jainkoa ebela harkaitza,
goi-goiko Jainkoa euren askatzailea. R/.

V/.   Baina zurikeria besterik ez eben ahoan,
guzurra baino ez mihinean;
ez egozan bihotzez Jainkoari lotuak,
ez ziran leial haren itunagaz. R/.

V/.   Harek, halan be, errukiturik, parkatu egiten eutsen errua,
eta ez ebazan hondatzen;
sarritan eutsi eutson hasarreari,
bere sumin guztiari bide emon barik. R/.

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

V/.   Adoratzen zaitugu, Kristo, eta bedeinkatzen,
        kurutzean hilez salbatu dozulako mundua. R/.

 

Ebanjelioa

Halan izan behar dau jasoa Gizonaren Semeak.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 3, 13-17

    Aldi haretan, Jesusek esan eutson Nikodemori: «Ez dau inork zerura igon zerutik jatsi zanak baino, Gizonaren Semeak. Moisesek basamortuan brontzezko sugea jaso eban lez, halantxe izan behar dau jasoa Gizonaren Semeak, harengan sinisten daben guztiek betiko bizitza izan dagien».
   
Izan be, hain maite izan eban Jainkoak mundua ze, bere Seme bakarra emon eutson, beragan sinisten dauan inor galdu ez dadin, ezpada ze betiko bizia izan dagian.
    Izan be, Jainkoak ez eban bere Semea mundura bialdu mundua kondenatzera, beraren bitartez mundua salbatzera baino.

Jaunak esana.