11/11_Tourseko San Martin


Azaroaren 11n

Tourseko San Martin, gotzaina

Oroipena

 (Mezea)

I. Irakurgaia

Jaunak igurtzi nau,
behartsuei barri ona emotera bialdu nau.

(Ik. Lk 4, 18)

Isaias Profetaren liburutik

Is 61, 1-3a

    Jainko Jaunaren espiritua nire gainean dago,
Jaunak igurtzi nau-eta.
Harek bialdu nau behartsuei barri ona emotera,
bihotz-urratuak osatzera,
katiguei amnistia iragartzera
eta giltzapetuei askatasuna;
Jaunaren onginahi-urtea
eta mendeku-eguna iragartzera.

Siongo atsekabetuak kontsolatzera
bialdu nau Jaunak:
koroa emongo deutset errautsaren ordez,
jaietako usain gozoa dolu-jantziaren ordez,
gorespen-kantuak etsipenaren ordez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 37 [36], 3-4. 5-6. 30-31 (R/. 30a)

R/.   Zintzoaren ahoari jakituria dario.

V/.   Izan konfiantza Jaunagan eta egin on dana,
bizi lurraldean eta zaindu leialtasuna.
Izan bedi Jauna zure atsegina,
eta emongo deutsu zure bihotzak eskatzen dauana. R/.

V/.   Itzi Jaunaren esku zeure zoria,
izan konfiantza harengan, berak ekinean jardungo dau-eta.
Goiz-argiak lez egingo dau distira zure zuzentasunak,
eguerdiko eguzkiak lez zure zuzenbideak. R/.

V/.   Zintzoaren ahoari jakituria dario,
haren mihinak zuzen dana esaten dau.
Bere Jainkoaren legea dau bihotzean,
haren pausuak ez dabiltz kili-kolo. R/.

 

 

Aleluia

R/.   Aleluia.

Mk 1, 17

V/.     Zatoze Nigaz, dino Jaunak,
    eta giza arrantzale egingo zaituet. R/.

 

Ebanjelioa

Nire seniderik txikien honeetako bati egin zeuntsoena
neuri egin zeunsten.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 25, 31-46

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizonaren Semea –eta aingeru  guztiak  beragaz–  aintzaz  beterik  etortzean,  bere  errege--aulki ospetsuan jesarriko da, eta herri guztiak haren aurrean batuko dabez. Harek batzuk besteakandik banandu egingo ditu, artzainak ardiak ahuntzengandik banatzen dituan lez: ardiak bere eskumaldean ipiniko ditu, eta ahuntzak ezkerraldean.
    Orduan, erregeak esango deutse eskoikoei: “Zatoze, nire Aitaren bedeinkatuok; hartu egizue munduaren sortzetik zuentzat prestaturik dagoan erreinua. Ze gose nintzan, eta jaten emon zeunsten; egarri, eta edaten emon; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoan, eta jantzi egin ninduzuen; gaixorik, eta bisitatu; espetxean, eta ikustera etorri zinien”.
    Orduan, zintzoek erantzungo deutsoe: “Jauna, noiz ikusi zinduguzan goserik, eta emon geuntsun jaten, edota egarri, eta edaten emon? Noiz ikusi zinduguzan arrotz, eta etxean hartu, edota biluzik, eta jantzi? Noiz ikusi zinduguzan gaixorik edota espetxean, eta ikustera joan?”
    Eta erregeak erantzungo deutse: “Bene-benetan dinotsuet: nire senide txikien honeetariko bati egin zeuntsoena neuri egin zeunsten”.

Jaunak esana.

 (Irakurri Fray Marcosen IRUZKINA)