0810_San Lorentzo


Abuztuaren 10ean

San Lorentzo, diakonoa eta martiria

Jaia

I. Irakurgaia

          Alai emoten dauana maite dau Jainkoak.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik

2 Ko 9, 6-10

    Senideok: Izan kontuan urri ereiten dauanak urri batzen dauala, eta oparo ereiten dauanak batu be oparo batzen dauala. Emon begi bakotxak bere kontzientzian erabagi dauana, baina ez gogo txarrez eta behartuta lez, alai emoten dauana maite dau-eta Jainkoak.
   Eta ahaltsua da Jainkoa era guztietako dohaiz zuek betetzeko, zeuentzat danetik nahikoa izanik, egintza on guztietarako sobran izan dagizuen, Liburu Santuak dinoan lez:

 «Esku betean emoten deutse behartsuei,
haren eskuzabaltasunak betiko dirau».

    Ereiteko hazia eta jateko ogia emoten dituan Jainkoak emongo deutsue hazia, ugarituko dau zuek ereindakoa eta oparo gehituko ditu zuen eskuzabaltasunaren emoitzak.

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 112 [111], 1-2. 5-6. 7-8. 9 (R/. 5a)

R/.   Ondo doakio errukitu eta emoten dauanari.

V/.   Zorionekoa Jaunari begirune deutsona,
haren aginduak biziro maite dituana.
Ahaltsua izango da lurraldean haren jatorria,
bedeinkatua zuzenen ondorea. R/.

V/.   Ondo doakio errukitu eta emoten dauanari,
bere arazoak zuzen atontzen dituanari.
Ez da inoiz kili-kolo egongo;
zintzoaren gogorapenak beti bizirik dau iraungo. R/.

V/.   Ez deutse barri txarrei bildurrik,
sendo dau bihotza, Jaunaz fidaturik.
Seguru dau bihotza, bildurrik barik;
azkenean, arerioen porrota ikusiko dau. R/.

V/.   Esku betean emoten deutse behartsuei,
haren eskuzabaltasunak betiko dirau,
ohorez jasoko dau bekokia. R/.

 

Aleluia               

Jn 8, 12bc

R/.   Aleluia.

V/.   Niri jarraitzen deustana ez da ilunpean ibiliko;
       
izango dau bizirako argia, dino Jaunak. R/.

 

Ebanjelioa

Nire zerbitzari dana ohoratu egingo dau Aitak.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 12, 24-26

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Bene-benetan dinotsuet: Galgaraua, lurrean jausi eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; baina, hiltzen bada, frutu asko emoten dau. Bere bizia maite dauanak galdu egingo dau; baina mundu honetan bere bizia gauza gitxitzat hartzen dauanak betiko bizitzarako gordeko dau. Nire zerbitzari izan gura dauanak, jarraitu beist eta, Ni nagoan lekuan, han izango da nire zerbitzaria be. Nire zerbitzari dana ohoratu egingo dau Aitak.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Ulertzen dogu galgarauak frutu emon gura badau lurrean galdu behar dauala bere izakerea; hil egin behar dauala. Ulertzen dogu; zelan ez, ba?

Baina hori neure buruari ezarri nahi deutsadanean… gauzak aldatu egiten dira: lubakiak jasoten doguz arerio horren aurka eta ostondu egin gura dogu hareen ostean. Hil egin behar dodala fruturik emon nahi badot? Ez da erreza hori onartzea.

Gure biziari eutsi, eta gogor ere eutsi, egiten deutsagu; eta bertatik egin nahi deutsegu zerbitzu senideei, behartsuei, hurreko eta urrunekoei…

Zelan ulertu, orduan, Jesusek hain argi dinoan bere bizia maite dauanak galdu egingo dauala?

Egia da bestearen irabazteak nire galtzea dakarrela, daukaguna alkarbanatu nahi badogu; edo, bestela, besteren batek galtzen dauala: esplotatu egiten dogu izadia, ustiatu egiten dogu…

Nahi ta ez, ba, bestea bizi daitela nahi badot, neure bizia tantaka baino ez bada ere emoten joan behar izango dot. Eta gehiago, bizitza bat sortuazo gura badot.

Honek beste hausnarketa bat egitera eroan geinkez: gaur egun, gure kulturan, nahi da, bai, bizitzako atseginetan bizi izan; baina gero eta gehiagori egiten jake gatx guraso lanetan sartzea… asko galtzen ei da-eta lan horretan…

Bizitza emotea, galtzea, hiltea… Jesusek ulertu eban lez ulertu behar.

 

 

 

San Lorentzo, diakonoa eta martiria

Jaia

Sarrera-antifona

Lorentzo diakono santuak Eleizeari eskeini eutson oso-osorik bere burua; holan martiritza lortu eban, eta Jesu Kristo Jaunagana pozik igotea.

Aintza zeruetan esango da.

Otoitza

Oi Jainko,
zure maitasunaren garrak
zure zerbitzari leial eta martiri ospetsu
egin eban Lorentzo santua;
egizu, maitatu daigula harek maite izan ebana,
eta bete daigula egintzetan harek irakatsi ebana.
Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean
Jainko eta errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.

 

Oparien gainekoa

Onartu, Jauna, Lorentzo santuaren egun honetan
alai egindako gure eskeintza;
egizu, izan dakigula salbazinorako lagungarri.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Prefazioa: Martiri santuena, 534-536. or. 

Jaunartze antifona

Nire zerbitzari izan nahi dauanak, jarraitu beist, dino Jaunak, eta, Ni nagoan tokian, hantxe izango da nire zerbitzaria ere.

Jn 12, 26

Jaunartze ondorengoa

Dohai santuaz asetu gaituzu, Jauna,
Lorentzo santuaren jaia ospatzean;
apalik eskatzen deutsugu,
opari honetan zerbitzari izan garanok
sentidu daigula gero eta gehiago salbazinoaren betea.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.


II. Eukaristi otoiotza

Santu zara, bai, Jauna,
eta santutasun guztiaren iturri;
egizuz, bada, santu ogi-ardao honeek,
zeure Espiritua isuriz,
Jesu Kristo gure Jaunaren Gorputz eta † Odol
egin daitezan guretzat.

Berak, saldu ebenean
eta bere gogoz kurutzera joiala,
ogia hartu eta, eskerrak emonez,
zatitu eban
eta bere ikasleei emon eutsen, esanez:

HARTU EIZUE ETA JAN GUZTIOK HONETATIK:
HAU NEURE GORPUTZA DA-ETA,
ZUENTZAT EMONGO DANA.

 

Era berean, afalondoan,
kaliza harturik,
barriz ere eskerrak emonez,
bere ikasleei emon eutsen, esanez:
 

HARTU EIZUE ETA EDAN GUZTIOK HONETATIK:
HAU NEURE ODOLAREN KALIZA DA-ETA,
ITUN BARRI ETA BETIKOAREN ODOLA,
ZUENTZAT ETA ASKORENTZAT
PEKATUAK PARKATZEKO ISURIKO DANA.
EGIZUE HAU NEURE OROIGARRI.

 

V/.   Hau da sinismenaren misterioa. 

R/.   Hil eta biztu zarala, Jauna,
        Zu barriz etorri arte,
        hau dogu, hau, barri ona!

 

Horregaitik, Jauna,
zure Semearen heriotza eta biztuera gogoratuz,
biziaren ogia eta salbamenaren kaliza
eskeintzen deutsuguz,
Zuri eskerrak emonez,
altaran zeure zerbitzari onartu gaituzulako.

Eta apalik eskatzen deutsugu,
Kristoren Gorputza eta Odola hartzen ditugunok
Espiritu Santuak bat egin gaizala.

Izan gogoan, Jauna,
mundu guztian zabaldurik dagoan zeure Eleizea;
eroaizu maitasun osora,
I. gure Aita Santuarekin,
I. gure Gotzainarekin,
(I. Gotzain Laguntzailearekin,)
eta eleiz gizon guztiekin batean.

Era berean, izan gogoan, Jauna,
bizteko itxaropenean joan diran gure senideak
eta hildako guztiak ere;
hartu egizuz zeure aurpegiaren argitan.

Erruki zakiguz, arren,
guk guztiok betiko bizitza jaritsi daigun,
Jainkoaren Ama Maria Birjina dohatsuarekin,
haren senar Jose santuarekin,
Apostolu santuekin
eta, gizaldi guztietan,
zure adiskide izan diran santuekin;
eurekin batera goratu zaiguzan,
Jesu Kristo zure Semearen bitartez.

Honen bitartez, honekin eta honengan,
Zuri, Jainko Aita ahalguztidun horri,
Espiritu Santuarekin batean,
ospe eta aintza guztia
gizaldi eta gizaldi guztietan.

Amen.

 

Bedeinkazino nagusia erabili leiteke.

25. Santu baten jaia

San Lorentzoren jaia ospatzera batu gaitu gaur
Jainko gure Aitak;
bedeinkatu zaiezala, zaindu eta sendotu bere bakean.

R ⁄. Amen.

 

Kristo gure Jaunak
pazko-misterioaren indar erabarritzailea
erakutsi dau San Lorentzorengan;
egin zaiezala bere Ebanjelioaren benetako testigu.

R ⁄. Amen.

 

Espiritu Santuak ebanjeliozko maitasunaren ejenplua
emon deusku San Lorentzorengan;
emon deizuela
Eleizan egiazko fede- eta maitasun-alkartasuna
handitzeko grazia.

R⁄. Amen.

 

Bedeinkatu zagiezala Jaungoiko ahalguztidunak:
Aitak, eta Semeak,
eta Espiritu Santuak.

R⁄. Amen.