0205_Agate Deuna

(Mezea)

Otsailaren 4an

Agata Deuna, birjina eta martiria

 

I. Irakurgaia

Munduak baliobakotzat dauana aukeratu dau Jainkoak.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik 1 Ko 1, 26-31

    Senideok: Begira zeintzuk zarien Jainkoak deituak; zuen artean ez dira asko munduak jakituntzat hartzen dituanetakoak, ezta ahaltsu  nahiz handikietakoak be. Bestetara, munduak zorotzat dauana aukeratu dau Jainkoak, jakitunak lotsarazoteko, eta munduak makaltzat dauana, indartsuak lotsarazoteko; munduak baliobakotzat eta mespretxagarritzat dauana aukeratudau Jainkoak, munduaren begietan ezer ez dana, zeozer dirala uste dabenak ezerezteko; holan, ez dau inork Jainkoaren aurrean harrotzerik.
    Berari zor deutsazue izatea Kristo Jesusengan, hau egin dau-eta Jainkoak guretzat jakituria, honen bidez askatu gaitu, salbatu eta santu egin. Holan betetzen da Liburu Santuak dinoana: «Harrotu nahi dauana, harrotu bedi Jaunagan».

Jaunak esana

 

Erantzun salmoa 030


R/. Zeure eskuetan izten dot, Jauna, nire bizia.

Izan zakidaz harri babesle,
gaztelu salbatzaile.
Zeu zaitut-eta neure hatx eta gaztelu,
zeure izenaren ohorez eroan nagizu eta gidatu. R/.

Zure eskuetan izten dot neure bizia;
askatu nagizu, Jauna, Jainko leiala.
Poztu eta alaituko naz zure maitasunagaitik,
erreparatu deutsazu-eta nire atsekabeari,
      arduratu zara nitaz larrialdian. R/.

Libratu nagizu arerio eta pertsegitzaileen eskutik.
Erakutsi aurpegi argia zerbitzari honi,
salbatu nagizu zeure maitasunaz.  R/.

 


(R/. Aleluia.)
        1 P 4, 14

V/.   Zorionekoak zuek,
        kristau izateagaitik iraintzen bazaituee,
        Jainkoaren Espiritu aintzatsua
        zuengan dagoala esan nahi dau-eta horrek. (R/.)

 

Ebanjelioa

Bere bizia Nigaitik galtzen dauanak
salbatu egingo dau.

† Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 9, 23-26)

    Aldi haretan, Jesusek hauxe esan eutsen guztiei: «Nire ondoren etorri gura dauanak uko egin beio bere buruari, hartu begi eguneroko bere kurutzea eta jarraitu beist. Izan be, bere bizia salbatu gura dauanak galdu egingo dau; baina bere bizia Nigaitik galtzen dauanak salbatu egingo dau». Zertarako dau gizonak edo emakumeak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen eta hondatzen badau?
    Beraz, inor nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea be lotsatu egingo da haretaz, bere aintzarekin, bere Aitaren aintzarekin eta aingeru santuen aintzarekin etorriko danean».

Jaunak esana