1101_Domusantu


Azaroaren 1ean

SANTU GUZTIAK

Jai nagusia

(Fray MARCOS )

I. Irakurgaia

Gizatalde handi bat ikusi neban, inork kontaezin ahalakoa;
nazino, arraza, herri eta hizkuntza guztietako jentea egoan.

Apokalipsia liburutik

Ap 7, 2-4. 9-14

    Nik, Joanek, beste aingeru bat ikusi neban ekialdetik igoten, Jainko biziaren zigilua ebala, eta ozen egin eutsen deadar lurra eta itsasoa hondatzeko ahalmena emon jaken lau aingeruei, esanez: «Ez hondatu lurra, ez itsasoa, ezta zuhaitzak be, harik eta gure Jainkoaren zerbitzariak bekokian zigiluz markatu arte».
    Zigiluz markatuak zenbat ziran entzun neban: ehun eta berrogeta lau mila, israeldar leinu guztietatik hartutakoak.
    Ondoren gizatalde handi bat ikusi neban, inork kontaezin ahalakoa; nazino, arraza, herri eta hizkuntza guztietako jentea egoan, tronuaren eta Bildotsaren aurrean zutunik, soineko zuriz jantzita eta palma-adarrak eskuetan. Eta ahots handiz egiten eben deadar:

«Tronuan jesarrita dagoan gure Jainkoari
eta Bildotsari zor deutsegu salbazinoa».

    Tronuaren, zaharren eta lau izaki bizidunen inguruan zutunik egozan aingeru guztiak ahuspeztu egin ziran tronuaren aurrean eta Jainkoa gurtu eben, esanez:

«Amen. Bedeinkazinoa, aintza, jakituria,
esker ona, ohorea, ahalmena eta indarra
gure Jainkoari gizaldien gizaldietan. Amen».

    Orduan, zaharretako batek berba egin eustan, esanez: «Soineko zuriz jantzita dagozan horreek, zeintzuk dira eta nondik datoz?» Nik erantzun neutsan: «Ene Jauna, zeuk jakingo dozu». Harek esan eustan: «Larrialdi handitik datozenak dira horreek; euren soinekoak Bildotsaren odolean garbitu dabez eta zuritu».

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 24 [23], 1-2. 3-4b. 5-6 (R/. ik. 6)

 

R/.   Hau da, Jauna,
        zure aurpegi bila dabiltzanen taldea.

V/.   Jaunarena da lurra, eta lurra betetzen dauana,
mundua eta bertan bizi diranak,
harek ezarri dau-eta itsasoen gainean,
harek finkatu lur azpiko ibaien gainean. R/.

V/.   Jaunaren mendira nork igongo?
Haren toki santuan nor egongo?
Eskuak erru barik eta bihotza garbi dituana,
sasijainkoetara jotzen ez dauana. R/.

V/.   Holakoa bedeinkatuko dau Jaunak,
justizia egingo deutso Jainko salbatzaileak.
Hau da haren bila ahalegintzen dan gizaldia,
Jakoben Jainkoaren aurpegi bila dabilena. R/.

 

II. Irakurgaia

Dan lakoa ikusiko dogu Jainkoa.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 Jn 3, 1-3

    Senide maiteok: Begira zenbaterainoko maitasuna agertu deuskun Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena daroagu-eta, baita izana be. Hona zergaitik munduak ez gaituan ezagutzen: Aita be ezagutu ez ebalako.
    Ene maiteok, orain Jainkoaren seme-alaba gara; gero izango garana oraindino ez da agertu. Badakigu, Kristo agertuko danean, haren antzeko izango garala, dan lakoa ikusiko dogu-eta.
    Harengan itxaropen hau daben danek garbitu egiten dabe euren burua, ha garbia dan lez.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mt 11, 28

R/.   Aleluia.

V/.   Zatoze Nigana nekatu eta zamatu guztiok,
        eta Neuk arinduko zaituet, dino Jaunak. R/.

 

Ebanjelioa

Poztu zaiteze eta alaitu,
handia izango da-eta zuen saria zeruetan.

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 5, 1-12a

    Aldi haretan, jentetza ikusirik, Jesusek mendira igon eban. Jesarri eta ikasleak inguratu jakozan. Orduan, honan hasi jaken irakasten:

 «Zorionekoak gogoz behartsu diranak,
ze eurena da Jainkoaren erreinua.
Zorionekoak negarrez dagozanak,
ze eurak ditu Jainkoak kontsolatuko.
Zorionekoak apalak,
ze eurek izango dabe agindutako lurra ondare.
Zorionekoak zuzentasunaren gose eta egarri diranak,
ze eurak ditu Jainkoak aseko.
Zorionekoak errukitsuak,
ze eurak ditu Jainkoak erruki izango.
Zorionekoak bihotz-garbi diranak,
ze eurek ikusiko dabe Jainkoa.
Zorionekoak bakegileak,
ze Jainkoaren seme-alaba izango dira.
Zorionekoak zuzentasunagaitik erasoa jasaten dabenak,
ze eurena dabe Jainkoaren erreinua.

    Zorionekoak zuek, Nigaitik madarikatuko zaitueenean, erasoka eta guzurrez txarto-esaka erabiliko zaitueenean. Poztu zaiteze eta alaitu, ze handia izango da zuen saria zeruetan.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

     Zenbat bira emon deutsegun Jesusen berboi: Zoriontsuak..., eta haren bizitzako egitasmo lez hartu doguz, eta baita haren jarraitzaileon bizitzako egitasmo izan behar izango balebe lez ere.

     Gauza ederra, benetan! Baina beste barik ulergarria, eroangarria eta partekagarria?

     Badago adi jarten gaituanik. Jesusek mendian iragarten dau egitasmo hau, Jainkoaren hurtasunean: eta handixik baino ezin ulertu, edo onartu edo norberetu daitekez haren edukiak.

     Gainera, geure ekintzaile izatean (eta egina aintzat hartua eta saritua izan daitela nahi dogula), holan bizi izan eta gero sari ederra izango dogula-ta, bere balio osoa kendu deutsegu Zoriontasunei.

     Jesusek hementxe gura gaitu zoriontsu. Eta izango gara, pobreak izanik, pobretasuna onartzen badogu: horrela beste inor ez dogulako pobretuko. Eta horrela beste zoriontasun guztietan.

     Jesusen Zoriontasun proposamen honek gizakion arteko hartu-emon barriak, senidekorrak, justiziazkoak, maitasunezkoak ahalbidetzen dauz.

     Izan daitekez, ba, geure bizitzako araudi be.

 * Lagungarriak  (Jatsi)

 Gehiago