Abenduaren 3an
Xabierko San Frantzisko, presbiteroa
Oroipena
I. Irakurgaia
Errukarria ni, Barri Ona iragarriko ez baneu!
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 9, 16-19. 22-23
Senideok: Barri Ona iragartzen dodala-eta,
ezin naz harrotu; ezinbestean dagokidan eginbeharra dot-eta hori, eta
errukarria ni, Barri Ona iragarriko ez baneu!
Barri Ona neure gogoz iragarriko baneu,
mereziko neuke saria; baina nik nahi izan barik ezarri deusten eginkizuna
betetzen banabil, zein sari zor jat orduan? Hauxe besterik ez: Barri Ona doan
iragartzea, Barri Onaren zerbitzutik datorkidazan eskubideez baliatu barik.
Guztiz libre nazan arren, guztien esklabo
egin naz, ahalik eta jente gehien Kristorentzat irabazteko. Makalekin makal
egin naz, makalak irabazteko. Guztiengana ahalik eta gehien egokitzen
ahalegindu naz, zeozelan batzuk salbatzeko. Eta dana Barri Onagaitik egiten
dot, Barri On horretan nik be parte izan dagidan.
Jaunak esana.
Erantzun-salmoa
Sal 117 [116], 1. 2 (R/. Mk 16, 15)
R/. Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona.
Edo: Aleluia.
V/. Goratu egizue Jauna, nazino guztiok,
goratu
egizue, herri guztiok. R/.
V/. Sendoa da-eta guretzat haren maitasuna,
beti-betikoa
Jaunaren leialtasuna. R/.
Aleluia
Mt 28, 19a. 20b
R/. Aleluia.
V/. Zoaze eta egin herri guztiak nire ikasle,
dino Jaunak,
eta
Ni zeuekin izango nozue egunero
munduaren
azkenera arte. R/.
Ebanjelioa
Zoaze mundu
guztira
eta iragarri
Barri Ona izaki guztiei.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 16, 15-20
Aldi haretan, Jesusek Hamaikei agertu eta
esan eutsen: «Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona izaki guztiei».
Sinistu eta bateatzen dana salbatuko da; sinisten ez dauana, barriz,
kondenatuko. Sinisten dabenek seinale honeek izango ditue lagun: nire izenean
deabruak botako ditue, berbeta barrietan berba egingo dabe, sugeak eskuetan
hartuko ditue eta, edari hilgarriren bat edanda be, ez deutse kalterik egingo;
gaixoei eskuak ezarriko deutsiez eta osatu egingo dira».
Holan berba egin ostean, Jesus Jauna zerura
jasoa izan zan eta Jainkoaren eskumaldean jesarri zan. Hareek, barriz, alde
guztietara joan ziran Barri Ona iragartzera. Eta Jauna bera ebilen hareekin,
egiten ebezan mirarien bidez berbea egiaztatzen ebala.
Jaunak esana.