SAN ANDRES, APOSTOLUA
Jaia
I. Irakurgaia
Mezutik dator
sinistea,
eta Kristoren
barri emotea da mezua.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik
Erm 10, 9-18
Senideok: Zeure ahoz autortzen badozu Jesus
Jauna dala, eta zeure bihotzean sinisten badozu Jainkoak hilen artetik biztu
ebala, salbatuko zara. Izan be bihotzez sinisten dauana zuzentzat hartzen
dau-eta Jainkoak, eta ahoz autortzen dauana salbatu egiten da. Liburu Santuak
dino: «Harengan sinisten dauana ez da lotsagarri izango».
Judegu izan ala ez, ez dago bereizketarik,
bat bera da-eta guztien Jauna, dei egiten deutsoen guztientzat eskuzabala. Izan
be, «Jaunaren izenari dei egiten deutsona salbatuko da».
Zelan, ostera, dei egin, harengan sinisten
ez badabe? Zelan sinistu, haren entzuterik ez badabe? Zelan entzun, nork
iragarririk ez bada? Zelan iragarri, haretarako bialdurik ez bada? Liburu
Santuak dinoan lez: «Bai ederrak barri onak ekartzen dabezanen oinak!» Ez
deutsoe, ostera, danek harrera ona egin Barri Onari. Isaiasek dino: «Jauna,
nork sinistu dau gure mezua?» Beraz, mezutik dator sinistea, eta Kristoren
barri emotea da mezua.
Eta nik itauntzen dot: «Ez ete dabe entzun?»
Bai, horixe: «Lurbira guztira zabaldu da hareen berbea, munduaren bazterreraino
hareen mezua».
Jaunak esana.
Erantzun-salmoa
Sal 19 [18], 2-3. 4-5b (R/. 5a)
R/. Lurbira guztira zabaltzen da hareen ahotsa.
V/. Zeruek Jainkoaren aintza dabe kontatzen,
ortziak
haren eskuen lana iragartzen.
Egunak
egunari luzatzen deutso mezua,
gauak
gauari jakinarazoten. R/.
V/. Berbotsik eta hitzik barik,
entzun
ezinezkoa da hareen ahotsa.
Lurbira
guztira zabaltzen da hareen hotsa,
munduaren
bazterreraino hareen hizkera. R/.
Aleluia
Mt 4, 19
R/. Aleluia.
V/. Zatoze Neugaz, dino Jaunak,
eta
giza arrantzale egingo zaituet R/.
Ebanjelioa
Hareek, bat-batean, ontzia eta aita itzirik,
jarraitu egin
eutsoen.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 4, 18-22
Aldi haretan, Jesusek, Galileako
laku-bazterrean zehar ebilela, anaia bi, Simon, Pedro deitua, eta haren anaia
Andres, ikusi zituan, sarea uretara botatzen, ze arrantzaleak ziran. Jesusek
esan eutsen: «Zatoze neugaz eta giza arrantzale egingo zaituet». Hareek, beste
barik, sareak itzi eta jarraitu egin eutsoen.
Aurrerago, beste anaia bi ikusi zituan,
Santiago eta Joan, Zebedeoren semeak, aitarekin ontzian sareak konpontzen. Eta
dei egin eutsen. Hareek, behingoan, ontzia eta aita itzirik, jarraitu egin
eutsoen.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Testu labur baina aberatsa dala esan geike hainbat gauza aurkitu geikezalako bertan.
Lehenengo ta behin, Jesus bere eginkizuna hasterakoan, batetik lagun bila dabil; ez dau bakarrik jokatu gura, beste batzuk ere erakarri gura ditu bere eginkizunera. Eta, bestetik, erakundetik (instituzinotik, Jerusalemdik, ortodoxiatik) urrun jarten dau lehen harria: Galilean, jentilen lurraldean.
Aukeratuekaitik dinoskunetik ere beste zeozer atara geike: lehenengo anaia biak (Pedro eta Andres) euren ogibide dan ondasunetik askatzen dauz: txalupa bertan behera lagata jarraitzen deutsoe. Eta hurrengo anaiek aita eta ontzia lagaten dabez: ondasunetatik eta familiagandik askatzen ditu.
Zer ete eukan Jesusek gizon hareek bat-batean izteko ogi-bidea, ondasunak, familia… Kezkaturik egozan? Bilatzaileak ziran? Jesusengan aurkitzen dabe bilatzen ebilzana?
Jesusen jarraitzaile izateko, haren deia entzuteko, bilatzaile izan behar da. Askatasuna amestu behar da. Danerik euki ezkero ezin da Jesusen deirik entzun.