0503_Felipe eta Santiago


Maiatzaren 3an

San Felipe eta Santiago, Apostoluak

Jaia

San Feliperen debozinozko Meza, Santiago alde batera itzita, ospatuko danean, lehenengo irakurgaia urriaren 28ko Mezakoa hartuko da, Ebanjelioa, barriz, Meza honetakoxea.

          Santiagoren debozinozko Meza, San Felipe alde batera itzita, ospatuko danean, Ebanjelioa urriaren 28ko Mezakoa hartuko da, lehenengo irakurgaia eta erantzun-salmoa, barriz, Meza honetakoxeak.

I. Irakurgaia

Jauna Santiagori agertu jakon,
ondoren apostolu guztiei.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik   

1 Ko 15, 1-8

    Senideok: Irakatsi neutsuen Barri Ona gogoratuazoten deutsuet. Zuek onartu egin zenduen, horretan sendo oinarrituta zagoze eta salbatu be horrexek salbatzen zaitue, nik iragarri neutsuen lez eusten badeutsazue. Bestela, alperrik sinistuko zenduen.
    Nik hartu nebana bera eskualdatu neutsuen lehenengo-lehenengo, hau da, Kristo gure pekatuakaitik hil zala, Liburu Santuek esan eben lez; hobiratu egin ebela eta hirugarren egunean biztu egin zala, Liburu Santuek esan eben lez; Pedrori agertu jakola, eta ondoren Hamabiei; gero, bostehun eta gehiago senideri agertu jakon batera –horreetako gehienak bizirik dagoz oraindino, batzuk hil badira be–; gero, Santiagori agertu jakon, ondoren apostolu guztiei.
    Beste guztiei agertu ondoren, neuri be agertu jatan, sasoia baino lehen jaiotako ume lakoa nazan honi.

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 19 [18], 2-3. 4-5 (R/. 5a)

R/.   Lurbira guztira zabaltzen da hareen hotsa.

        Edo: Aleluia.

V/.   Zeruek Jainkoaren aintza dabe kontatzen,
ortziak haren eskuen lana iragartzen.
Egunak egunari luzatzen deutso mezua,
gauak gauari jakinarazoten. R/.

V/.   Berbarik eta hitzik barik,
entzun ezinezkoa da hareen ahotsa.
Lurbira guztira zabaltzen da hareen hotsa,
munduaren bazterreraino hareen hizkera. R/.

                  

Aleluia

Jn 14, 6b. 9c

R/.   Aleluia.

V/.   Neu naz bidea, egia eta bizia, dino Jaunak;
        Felipe, Ni ikusten nauanak Aita be ikusten dau. R/.

Ebanjelioa

Hainbeste denpora zuekaz, eta ez nozu ezagutzen ala?

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 14, 6-14

    Aldi haretan, Jesusek esan eutson Tomasi: «Neu naz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitagana joan, nire bidez izan ezik». «Ni benetan ezagutuko baninduzue, nire Aita be ezagutuko zeunkie. Gehiago oraindino, ezagutzen dozue dagoeneko, eta ikusi be ikusi dozue». Orduan, Felipek esan eutson: «Jauna, erakutsi eiguzu Aita, eta nahikoa dogu».
    Jesusek erantzun: «Hainbeste denpora zuokaz, eta ez nozu ezagutzen, Felipe? Ni ikusten nauanak Aita be ikusten dau. Zelan dinozu: “Erakutsi eiguzu Aita”? Ez ete dozu sinisten Ni Aitagan nagoana eta Aita Nigan? Nik dinotsuedana ez dinotsuet neuk neutara. Nigan bizi dan Aita da bere egintzak burutzen diharduana. Sinistu eidazue: Ni Aitagan nago eta Aita Nigan. Besterik ez bada be, sinistu egintzakaitik.
    Bene-benetan dinotsuet: Nigan sinisten dauanak Neuk egiten dodazan egintzak burutuko ditu berak be, eta oraindino handiagoak, Ni Aitagana noa-eta. Nire izenean eskatu dagizuen guztia emongo deutsuet, Aitaren aintza Semeagan agertu dadin. Nire izenean zeozer eskatzen badozue, emongo deutsuet Nik».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

      Ze barru-bizitza bizi ete eban Jesusek Aita eta biak bat izan eitezan? Zelan azaltzen ete eban bere burua, aldi eta hizkuntza bardinean ere, bere ikasle ziranek ere ez eutsoen ulertzen-eta? Zer da guretzat sinistea, eta zelango Jainkoa da gurea? Honeik eta itaun gehiago ere egin geike Jesus eta Feliperen arteko alkarrizketari lotuta.

      Guretzat kanpotikoa dan Jainkoa, Jesusentzat barru-barrutikoa da, haren bizitzeaz bizi izaterainokoa. Sinismena hari emona bizi izatea dau, beti haren nahia bilatzea eta gauzatzea.

      Alderantziz, gu geure burua zaintzen ahalegintzen gara eta ezinetan Jainkoari laguntza eskatzen, gauzak geuk uste dogun eta gura doguzan eran joan dakiguzan.

      Jesus ezagutzeak Jainkoa bera ezagutzera garoaz. Ha maitatzeak Jainkoa maitatzera eta haren esanetara jartera.

      Jesusek eroango gaitu daukagun Jainko ustea aldatzera, eta geure burua jartera haren esanetara. Beragan sinistera eta bere egintzak gauzatzera.