0624_Joan Bateatzailea

 

 Ekainaren 24an

SAN JOAN BATEATZAILEAREN JAIOTZA

Jai nagusia

San Joan Bateatzailearen debozinozko Mezan, bezpera arratsalderako Mezarako jarrita dagozan irakurgaiak hartuko dira.

Bezpera arratsaldeko Meza

I. Irakurgaia

Amaren sabelean sortu aurretik aukeratu zindudazan.

Jeremias Profetaren liburuaren hasiera

Jr 1, 4-10

Josiasen egunetan, honan berba egin eustan Jaunak:
«Amaren sabelean sortu aurretik aukeratu zindudazan;
jaio aurretik sagaratu zindudazan eta profeta izentatu,
nire mezua herriei iragartzeko».

    Nik erantzun neutsan:

«Ai, Jainko Jauna!
Gazteegia naz ni eta ez dakit hitz egiten».

    Baina Jaunak esan eustan:

«Ez esan gazteegia zarala.
Nik nora bialdu, hara joango zara;
Nik zer agindu, ha esango dozu.
Ez izan jentearen bildur,
zeugaz izango nozu-eta, zu libratzeko
–dino Jaunak–».

    Orduan Jaunak eskua luzatu eta ahoa ikutu eustan, esanez:

«Neure hitzak ipintzen deutsudaz ahoan;
agintea emoten deutsut gaur herrien eta erreinuen gain,
errotik atara eta iraultzeko, hondatu eta apurtzeko,
eraiki eta landatzeko».

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 71 [70], 1-2. 3-4a. 5-6ab. 15ab eta 17 (R/. ik. 6b)

R/.   Zeu izan zaitut indar, Jauna,
        amaren erraietatik.

V/.   Zeugan babesten naz, Jauna,
ez nadila behin be lotsagarri geratu.
Libratu nagizu eta atara onik, zuzena zara-eta,
makurtu nigana belarria eta salbatu nagizu. R/.

V/.   Izan zakidaz harkaitz babesle,
nora jo izan dagidan beti;
ni salbatzea erabagi dozu,
Zu zaitut-eta neure hatx eta gaztelu.
Ene Jainko, askatu nagizu gaiztoaren eskutik. R/.

V/.   Zeu zaitut-eta, Jauna, neure itxaropen,
Zeu, ene Jauna, neure konfiantza gaztetatik.
Zeu izan zaitut euskarri amaren sabeletik,
Zeu neure indar amaren erraietatik. R/.

V/.   Nire ahoak egun osoan iragarriko dau
zure salbazino-asmoa eta -egintza.
Ene Jainko, gaztetatik irakatsi deustazu,
eta gaur arte iragarri ditut zure egintza harrigarriak. R/.

 

II. Irakurgaia

Jainkoak zuentzat prestatutako dohaiaz hitz egin eben Profetek.

San Pedro Apostoluaren lehenengo epistolatik

1 P 1, 8-12

    Senide maiteok: Maite dozue Jesu Kristo, ikusi ez badozue be. Eta ikusi barik harengan sinisten dozuela, ezin esan ahalako pozez, poz distiratsuz, alaitzen zarie eta zeuen sinismenaren helburua, zeuen salbazinoa, lortzen dozue.
    Profetek, Jainkoak zuentzat prestatutako dohaiaz hitz egin ebenean, salbazinoa eben gogoan eta hau aztertzen ahalegindu ziran. Eurekin eben Kristoren Espirituak aldez aurretik adierazo eutsezan Mesiasen sufrimentuak eta ondorengo aintza, eta hori guztia noiz eta zelan jazoko zan aztertu eben. Jainkoak agertu eutsen, egiten eben profezia lana ez ebela eurentzat egiten, zuentzat baino. Eta Hareek adierazoa, zerutik bialdutako Espiritu Santuaren eraginez Barri Ona iragartzen deutsueenek iragartzen deutsuee orain. Aingeruak eurak be gauza horreek ikusteko gurari biziz dagoz.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Jn 1, 7; Lk 1, 17

R/.   Aleluia.

V/.   Joan argiaren autormen egitera etorri zan,
        Jaunarentzat herri egokia prestatzeko. R/.

 

Ebanjelioa

Semea emongo deutsu,
eta zuk «Joan» ipiniko deutsazu izena.

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 1, 5-17

Judeako errege Herodesen egunetan, bazan Zakarias izeneko abade bat, Abiaren abade-sailekoa; haren emaztea Aaronen ondorengoa zan eta Elisabet eban izena. Biak zintzoak ziran Jainkoaren aurrean, eta Jaunaren agindu eta lege guztiak huts egin barik betez bizi ziran. Ez euken umerik, ze, agorra zan Elisabet eta biak urteetan aurreratuak.
    Behin baten, Zakarias bere sailekoakaz Jainkoaren aurrean abade--zerbitzua egiten ebilela, Jaunaren santutegian sartzea egokitu jakon, abadeen ohituren arabera, intsentsua eskeintzera. Intsentsua eskeintzen ziharduan bitartean, herri osoak otoitzean ziharduan atarian. Horretan, Jaunaren aingerua agertu jakon Zakariasi, intsentsu-altararen eskumaldean zutunik. Ha ikustean, ikaratu egin zan Zakarias eta bildurrak hartu eban.
    Aingeruak, ostera, esan eutson: «Ez bildur izan, Zakarias, ze entzun dau Jainkoak zure eskaria. Zure emazte Elisabetek semea emongo deutsu, eta zuk “Joan” ipiniko deutsazu izena. Poz handia izango da zuretzat, eta haren jaiotzak jente asko poztuko dau, Jaunaren aurrean handia izango da-eta. Ez dau edango ardaorik, ez edari bizigarririk. Espiritu Santuaz beteko da amaren sabelean bertan. Israeldar asko bihurtuko dau Jaunagana, bere Jainkoagana; Jaunaren aurretik etorriko da, Eliasen espirituaz eta indarrez, gurasoak seme-alabakaz adiskidetzeko, okerrei zintzoen sena emoteko eta Jaunarentzat herri egokia prestatzeko».

Jaunak esana.


EgunekoMeza

I. Irakurgaia

Nazinoen argitzat ezarriko zaitut.

Isaias Profetaren liburutik

Is 49, 1-6

Entzun, ugarteok! Aditu, urruneko herriok!
Jaio aurretik dei egin eustan Jaunak,
amaren sabelean nengoala gogoratu zan nitaz.
Ezpata zorrotz bihurtu eustan ahoa,
bere eskupean babestu ninduan;
gezi zorrotz bihurtu ninduan eta gezi-ontzian gorde.
Eta esan eustan:           
«Zeu zara nire zerbitzaria, Israel,
zure bidez agertuko dot neure ospea».
Nik, barriz, hau ninoan:
«Alperrik nekatu naz;
alperrik eta doan agortu ditut neure indarrak».
Baina Jaunagan egoan nire eskubidea,
Jainkoaren eskuetan nire lansaria.
Orain honan berba egiten dau Jaunak,
amaren sabelean eratu ninduanak haren zerbitzari izateko,
Jakoben leinuak harengana bihurtuarazoteko
eta Israel herria batzeko.
Ohorez jantzi nau Jaunak
eta neure Jainkoa izan dot indar.
Jaunak esan deust:
«Ez da nahiko zu nire zerbitzari izatea,
Jakoben leinuak berreraikitzeko
eta Israelen bizirik geldituak bihurtuarazoteko.
Nazinoen argitzat ezarriko zaitut,
nire salbazinoa lurraren azken mugaraino heldu dadin».

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 139 [138], 1-3. 13-14b. 14c-15 (R/. 14a)

R/.   Eskerrak Zuri, harrigarriro egin nozulako.

V/.   Jauna, Zeuk aztertzen nozu eta ezagutzen,
badakizu noiz jesartzen nazan eta noiz jagitzen.
Urrundik barruntatzen dozuz nire asmoak;
ohartzen zara noiz nabilen eta noiz natzan,
zehatz ezagutzen dozuz nire ibilbide guztiak. R/.

V/.   Zeuk eratu deustazu barrua,
amaren sabelean eiho nozu.
Eskerrak Zuri, harrigarriro egin nozulako,
miresgarriak dira zure egintzak! R/.

V/.   Barru-barruraino ezagutzen ninduzun,
nire hazur-maminak ez ziran Zuretzat ezkutu,
isilpean eratzen niharduala,
lurraren  barruan ehunduz ninoiala. R/.

 

II. Irakurgaia

Kristo etorri baino lehen,
Joan Bateatzaileak hitz egin eban.

Apostoluen Eginak liburutik

Eg 13, 22-26

    Egun hareetan, honan berba egin eban Paulok: «Jainkoak David emon eutsen errege, honetaz autormen hau eginez: "Aurkitu dot David, Jeseren semea, nire gogoko gizona, nik nahi dodan guztia beteko dauana".
    Aginduta eukanez, honen hazitik atara eutson Jainkoak Israeli Salbatzailea: Jesus. Hau etorri baino lehen, Joan Bateatzaileak bihotz-barritzeko bateoa iragarri eutson Israel osoari. Eta bere bizitza amaitzera joianean, honan inoan Joanek: "Ez naz ni zuek uste dozuena; badator nire ondoren beste bat, eta ni ez naz inor haren oinetakoak askatzeko be"».
    Senideok, Abrahamen ondorengo zarienok, eta zuek, Israelen Jainkoa gurtzen dozuenok, geuri bialdu jaku salbazino-hitz hau».

Jaunak esana.

                  

Aleluia

Ik Lk 1, 76

R/.   Aleluia.

V/.   Zuri, umetxu horri,
        Goi-goikoaren profeta deituko deutsue,
        Jaunaren aurretik joango zara-eta
        hari bidea prestatuz. R/.

 

Ebanjelioa

Joan izango dau izena.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 1, 57-66. 80

    Umea izateko denpora bete jakonean, Elisabetek semea izan eban. Jakin eben auzokoek eta ahaideek zein erruki handia izan eutson Jaunak, eta zorionak emoten eutsoezan.
    Jaio eta zortzigarren egunera, umea zirkunzidatzera eroan eben, eta aitaren izena ipini gura eutsoen, Zakarias. Amak, ostera, esan eban: «Ez! Joan izango dau izena». Esan eutsoen: «Ez dozue senitartean inor izen hori dauanik».
    Orduan, aitari keinuka itaundu eutsoen zein izen emon gura eutson seinari. Eta harek oholtxu bat eskatu eta idatzi eban: «Joan dau izena». Danak harriturik gelditu ziran. Bat-batean mihina askatu egin jakon Zakariasi, eta berba egiten hasi zan eta Jainkoa goresten. Bildurrak hartu zituan auzoko guztiak, eta Judeako mendialde guztian zabaldu zan gertatuaren barri. Entzuten eben guztiek euren barrurako esaten eben: «Zer izango ete da ume hau?» Ze Jainkoaren eskua harekin egoan.
    Umea gorputzez haziz eta espirituz sendotuz joian; basamortuan bizi izan zan, Israel herriaren aurrean agertu beharreko egunera arte.

Jaunak esana.

 

 

 

HOMILIA

     Udako eta Neguko Solstizioak (Ekinokzioak baino gehiago) parrandarako eta gehiegikerietarako egunak ziran antxinatik. Eleizeak ahalegin handiak egin izan ditu gehiegikeriak baretzeko eta baztertzeko. Baina, ikusten dogunez, gaur egun lehengora garoaz inguruak: gehiegikerietara eta jainkozaletasuna baztertzera.

     Hortxe kokatu behar dogu Bateatzailearen irudia. Bere aldietan profetatzat hartua izan zanez, zelan iragarri izen handiko gizona zala? Holango egiak, ordukoek, kontakizun bidez azaltzen ebezan, eta ez definizino bidez.

     Jainkoagandiko gizona zala esan gura deusku, ba, haren izena Jainkoak agindua zala (Joan ezarriko deutsazu izena) dinoskunean, auzoko guztiak harriturik geldituazoz. Eta izen handiko gizona zala esan gura deusku guraso nagusi eta antzuengandik sortua zala esaterakoan.

     Hori baino gehiago ere agertzen jaku ebanjelio zati honetan: Joanek, bere tradizinoari uko eginez, basamortura egingo dauala ihes esan deusku.

     Basamortua Jainkoa bilatzeko lekua da, inguru kutxatu guztietatik urrun. Joanek, ba, berari egokion abade izateari (Zakarias bere aitaren tradizinoari jarraiki) itzi, eta, Israelen itxaropenari hauspo emotearren, basamortura, Jainko bila, egiten dau ihes.

     Herriko ohiturak, eta baita orduko erlijio agintari eta giroetan ere ez dau jainkozaletasunik aurkitzen, edo Jainkoaren agintzariak itxaroten ebanik ezagutzen. Eta han doa, Jainko egarriz, basamortura.

     Bizikera barri bat, beretua, hartuko dau; eta ozenki iragarten Jainkoak eskatzen ebana bihozbarritzea zala, ez itxurazko gurtza. Eta iragarpen hau zemaipean egiten eban.

     Nazareteko Jesusek ere entzungo deutso; eta haren berbek eta zemaiek esnatuazo egingo dabe. Eta Jesus ere, basamortutik igaro, eta erreinuaren barri emoten agertuko da. Baina ez zemaipean hartzen gaituan Jainkoa iragarriz, errukitsua eta maitalea dan Jainkoa baino. Aldea makala! Baina badirudi Joanek iragarten eban Jainkoa dogula nahiago…

     Bitartean, gure ingurua gero eta paganoagoa dala esan geike: ez ete leuke onartuko, zigorraz barik errukiaz eta maitasunez agertzen jakun Jainkoa, Jesusek iragarten deuskuna?

 

(Lagungarriak:  EUSKERAZ  -   Elebitaz)