0929_Goiaingeru santuak


Irailaren 29an

Goiaingeru santuak:
Mikel, Gabriel eta Rafael

Jaia

 

I. Irakurgaia (1. aukera)

Jentetza izugarria eban zerbitzari.

Danielen Profezia liburutik

Dn 7, 9-10. 13-14

    Nik, Danielek, ikuskaria izan neban gauez. Begira nengoala, tronu batzuk jarri ebezan eta gizon zahar bat jesarri zan.

Haren soinekoa edurra baizen zuri,
buruko ulea artulea baizen garbi!
Haren aulkia eta gurpilak, sugar kiskalgarri!
Suzko ibaiak urteten eban haren aurretik.
Jentetza izugarria eban zerbitzari,
milaka eta milaka egozan haren aurrean zutunik.
Auzia hasi eta zabaldu ziran liburuak.

    Neure gau-ikuskarian, gizaseme antzeko bat ikusi neban zeruko hodeietan etortzen. Gizon zaharragana hurreratu zanean, beroni aurkeztu eutsoen. Agintea, aintza eta erregetza emon eutsoen: herri, nazino eta hizkuntza guztietako jenteak zerbitzen eban.

Haren agintea betierekoa, ez da inoiz amaituko;
haren erregetza ez da inoiz hondatuko.

Jaunak esana.

 

I. Irakurgaia (2. aukera)

Gudua izan zan zeruan:
Mikel eta beronen aingeruak
herensugearen aurka.

Apokalipsia liburutik

Ap 12, 7-12a

    Gudua izan zan zeruan: Mikel eta beronen aingeruak herensugearen aurka. Herensugea eta beronen aingeruak gogor burrukatu ziran, baina ezin izan eben garaitu, eta aurrerantzean zeruan ez zan tokirik izan hareentzat. Bota egin eben, beraz, herensuge handia, antxinako sugea, deabru eta Satanas deritxona, mundu osoa engainatzen ebana; lurrera bota eben bere aingeruekin batera.
    Orduan, ahots handia entzun neban zeruan esaten:

«Orain etorri dira
gure Jainkoaren salbazinoa, indarra eta erregetza,
eta beraren Mesiasen agintea;
bota dabe-eta gure senideen salatzailea,
gure Jainkoaren aurrean,
gau eta egun, salatzen ebazana.
Bildotsaren odolaz eta autortu daben mezuaz
lortu dabe garaipena;
nahiago izan eben heriotza, bizia baino.

Poztu zaiteze, beraz, zeruok,
eta hareetan bizi zarienok».

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 138 [137], 1-2a. 2b-3. 4-5 (R/. ik. 1c)

R/.   Eresi egingo deutsut, Jauna,
        aingeruen aurrean.

V/.   Eskerrak emoten deutsudaz, Jauna, bihotz-bihotzez,
nire hitzak entzun dozuzalako;
kantuz goratzen zaitut aingeruen aurrean,
eta zure tenplu santurantz begira ahuspezten naz. R/.

V/.   Eskerrak emoten deutsadaz zure izenari,
zure maitasun eta leialtasunagaitik,
parebakoak egin dozuz-eta
zeure izena eta promesa.
Dei egin neutsunean, erantzun zeunstan,
kemena bizkortu bihotzean. R/.

V/.   Eskerrak emongo deutsuez, Jauna, munduko errege guztiek,
zure ahoko berbak entzutean;
kantuz ospatuko dabez Jaunaren bideak:
handia da Jaunaren ospea benetan. R/.

 

Aleluia

Sal 103 [102], 21

R/.   Aleluia.

V/.   Bedeinkatu Jauna haren gudari-talde guztiok,
        haren nahia egiten dozuen zerbitzariok. R/.

 

Ebanjelioa

Jainkoaren aingeruak ikusiko dozuez
gora eta behera Gizonaren Semearen gain.

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 1, 47-51

    Aldi haretan, Jesusek Natanael beragana etortzen ikusi eta esan eban:«Hona hemen benetako israeldarra, faltsukeriarik bakoa». Natanaelek esan eutson: «Nondik ezagutzen nozu?»  Jesusek erantzun: «Felipek zuri dei egin baino lehen, ikopean zinala, ikusi izan zindudazan».
    Natanaelek erantzun eutson: «Maisu, Zu Jainkoaren Semea zara; Zu Israelgo erregea zara». Jesusek erantzun: «Ikopean ikusi zindudazala esan deutsudalako, sinisten dozu? Handiagorik be ikusiko dozu». Eta esan eutson, gainera: «Bene-benetan dinotsuet: Zerua zabalik ikusiko dozue eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera Gizonaren Semearen gainean».

Jaunak esana.