0613_Paduako Antonio

Paduako San Antonio,
presbiteroa eta eleiz irakaslea
Oroipena

Otoitza

Jainko ahalguztidun betikoa,
Ebanjelioaren predikari miragarri
eta behar-orduan laguntzaile emon zeuntsan
zeure herriari Paduako Antonio santua;
egizu, haren otoitzari esker,
kristau-bizitzarako irakaspenean zintzo jarraituz,
sentidu daigula larrialdi guztietan
zure errukiaren laguntza.
Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean
Jainko eta errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.

 

Is 61, 1-3a (299. or.)

Jaunak igurtzi nau,
behartsuei barri ona emotera bialdu nau.

       Jainko Jaunaren espiritua nire gainean dago, Jaunak igurtzi nau-eta. Harek bialdu nau behartsuei barri ona emotera, bihotz-urratuak osatzera, katiguei amnistia iragartzera eta giltzapetuei askatasuna; Jaunaren onginahi-urtea eta mendeku-eguna iragartzera.

       Siongo atsekabetuak kontsolatzera bialdu nau Jaunak: koroa emongo deutset errautsaren ordez, jaietako usain gozoa dolu-jantziaren ordez, gorespen-kantuak etsipenaren ordez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 89 [88], 2-3. 4-5. 21-22. 25 eta 27 ( R/. ik. 2a)

R/. Jauna, zure maitasuna
       abestuko dot betiren beti.

 

Jauna, zure maitasun-egintzak kantatuko ditut beti,
zure leialtasuna iragarriko gizaldiz gizaldi.
Bai, autortzen dot:
«Betiko eraikia dago zeruan zure maitasuna,
sendo ezarria zure leialtasuna». R/. 

Ituna egin dot neure aukeratuagaz,
David neure morroiari zin eginez:
«Sendo ezarriko dot betiko zure errege-jatorria,
gizaldiz gizaldi eraikiko zure errege-aulkia». R/. 

David neure zerbitzaria aurkitu dot
eta neure orio santuaz igurtzi.
Nire eskuak sendo deutso eutsiko,
nire besoak indartsu dau egingo. R/. 

Beragaz izango ditu nire leialtasuna eta maitasuna,
garaile urtengo dau nire izenean.
Harek dei egingo deust: «Zu nire aita,
nire Jainkoa, nire harkaitz salbatzailea». R/.

 

R/. Aleluia.

V/. Behartsuei Barri Ona emotera bialdu nau Jaunak,
       katiguei askatasuna iragartzera.

 

Ebanjelioa Lk 10, 1-9

Uzta ugaria da, baina langileak gitxi.

† Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

       Aldi haretan, Jaunak beste hirurogeta hamabi izendatu eta bere aurretik bialdu zituan binaka, bera joatekoa zan herri eta leku guztietara. Eta esan eutsen: «Uzta ugaria da, baina beharginak gitxi. Egin, beraz, otoitz uzta-jaubeari bialdu dagizala langileak bere uztara.

       Zoaze! Bildotsak otso artera lez bialtzen zaituet. Ez eroan boltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten. Edozein etxetan sartzen zariela, esaizue lehenengo: “Bakea etxe honetakoei!” Eta han bakezalerik bada, haren gainean jarriko da zuen bakea; osterantzean, barriz, zuen bakerik barik geldituko dira.

       Gelditu zaiteze etxe berean; eta jan eta edan daukienetik, ze, beharginari zor jako bere saria. Ez ibili etxez etxe. Herriren baten sartu eta ondo hartzen bazaituee, jan ipintzen deutsueenetik, osatu bertako gaixoak eta esaiezue: “Hurrean dozue Jainkoaren erreinua”.

Jaunak esana.

 

Oparigaien gainekoa

Jainko guztiz ona, gizaki zaharra deseginik,
zeure antzeko barria sortu zenduan Antonio santuagan;
egin gaizuz, bihotz onez, geu ere barri,
Zugaz baketzen gaituan opari atsegingarria
eskeini deizugun.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. 

Jaunartze ondorengoa

Sakramentu honen indarrari esker, Jauna,
zaindu gaizuz beti zeure maitasunean,
Paduako Antonio santua lez;
eta eroan egizu bere betera
gugan hasi dozun egintza ona,
Jesu Kristo etorriko dan egunera arte.
Errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.

 

  


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.