0703_San Tomas, apostolua

Uztailaren 3an

San Tomas, Apostolua

Jaia

 

I. Irakurgaia

Apostoluen oinarri gainean eraikiak zagoze.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik                     

Ef 2, 19-22

        Senideok: Ez zarie arrotz, ez atzerritar, Jainkoaren herriko kide baino eta Jainkoaren familiako, apostoluen eta profeten oinarri gainean eraikiak, Kristo Jesus bera giltzarri dala. Honengan ondo finkaturik, eraikin osoa gora doa, tenplu santu bihurtzeraino Jaunagan. Honengan  parte zarie zuek be besteekin batera, Espirituagan Jainkoaren bizileku bihurtzeraino.

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 117 [116], 1. 2 (R/. Mk 16, 15)

R/.   Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona.

V/.   Goratu egizue Jauna, nazino guztiok,
        goratu egizue, herri guztiok. R/.

V/.   Sendoa da-eta guretzat haren maitasuna,
        beti-betikoa Jaunaren leialtasuna. R/.

 

Aleluia  

Jn 20, 29

R/.   Aleluia.

V/.   Ikusi nozulako sinistu dozu, Tomas?,
        dino Jaunak;
        zorionekoak ikusi barik sinisten dabenak. R/.

 

Ebanjelioa

Ene Jauna eta ene Jainkoa!

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 20, 24-29

      Tomas, Hamabietako bat, Bikotxa eritxona, ez egoan hareekaz Jesus etorri zanean. Beste ikasleek esan eutsoen: «Jauna ikusi dogu». Tomasek erantzun eutsen: «Haren eskuetan untze-zuloak ikusten ez badodaz, nire atzamarra haren untze-zuloetan eta nire eskua haren saihetsean sartzen ez badot, ez dot sinistuko».
        Handik zortzi egunera, etxean egozan barriro ikasleak, eta Tomas be eurakaz zan. Sartu zan Jesus, ateak itxita egozala eta, erdian jarririk, esan eutsen: «Bakea zuoi». Gero esan eutson Tomasi: «Ekarri atzamarra, begira nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihetsean, eta ez izan sinisgogor, sinistedun baino».
        Tomasek erantzun eutson: «Ene Jauna eta ene Jainkoa!» Jesusek esan eutson: «Ikusi nozulako sinistu dozu? Zorionekoak ikusi barik sinisten dabenak».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

     Konposaketa teologiko baten aurrean gagoz oraingoan. Esaldi bakotxak, berba bakotxak, irudi bakotxak eroan gura gaitu egoera transzendetera. Hori galtzen badogu, azaleko irakurketa baten geratzen bagara, dana galdu izango dogu.

     Kontuan hartu behar dogu Jesus atxilotua izan zanean ikasleek ihes egiten dabela zein baino zeinek bizkorrago. Domeka haretan, ba, Galileara bidean egongo ziran, eta ez Jerusalemen.

     Handik zortzi egunera… Datu honetatik atara geike alkarteko zelan-halango ekintzaren bat eratuta dauken denporetan gagozala. Jesusen jarraitzaileak alkartu egiten ziran zortzi egunerik zortzi egunera, zapatu ondorengo egunean.

     Eta alkarturik gogoratzen dabez Jesusen esaldiak, egintzak…, eta eurek gauzatzen dabe Jesus euren erdian: bi edo hiru nire izenean alkartzen zareenean zeuen erdian nago… Jesus da, ba, ekimena daroana; ez da euren ametsa edo asmakizuna. Bizi da Jesus.

     Alkarturik dagozanean, ba, somatzen dabe Jesus euren erdian, bizirik. Tomasek taldean egon behar dau hori somatzeko; bestela kanpoko ilunpetan eta hango heriotzearen besoetan dago…