1208 Sortzez Garbia

 

Abenduaren 8an

MARIA BIRJINA DOHATSUAREN SORTZE GARBIA

Jai nagusia

I. Irakurgaia

Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea.

Hasiera liburutik

Has 3, 9-15. 20

      Adamek zuhaitzetik jan ondoren, Jainko Jaunak dei egin eta esan eutson: «Non zara?» Harek erantzun: «Zure oin-hotsa baratzean entzun dodanean, bildurtu eta gorde egin naz, narrugorri nengoalako». Jainkoak esan eutson: «Eta zeinek jakinarazo deutsu narrugorri zengozala? Galarazo neutsun zuhaitzeko frutua jan ete dozu?» Gizonak erantzun: «Laguntzat emon deustazun emakumeak eskeini deust frutua, eta jan egin dot». Orduan, Jainko Jaunak esan eutson emakumeari: «Zer egin dozu?» Emakumeak erantzun:  «Sugeak engainatu nau eta jan egin dot».

     Orduan, Jainko Jaunak esan eutson sugeari:

«Hori egin dualako,
madarikatua izango haz
abere guztien eta basapiztia guztien artean;
sabel gainean ibiliko haz arrastaka
eta hautsa jango dok heure bizitzako egun guztietan.
Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea,
hire eta haren ondorengoa;
honek burua zapalduko deua,
eta hik orpotik helduko deutsak».

     Gizonak bere emazteari «Eva» ezarri eutson izena, bizidun guztien ama dalako.

Jaunak esana.

 

Erantzun-salmoa

Sal 98 [97], 1. 2-3b. 3c-4 (R/. ik. 1a)

R/.    Kanta Jaunari kantu barri,
         egin ditu-eta hainbat harrigarri.

V/.  Kanta Jaunari kantu barria,
egintza harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena emon deutso bere eskumak,
bere beso santuak. R/.

V/.  Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,
bere salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez da ahaztu bere maitasunaz,
Israel herriari deutson leialtasunaz. R/.
 

V/.  Munduko bazter guztiek ikusi dabe
gure Jainkoaren garaipena.
Egin irrintzi Jaunari, lur osoa,
egin poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.

 

II. Irakurgaia

Kristogan aukeratu ginduzan Jainkoak,
mundua sortu baino lehen.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 1, 3-6. 11-12

 Bedeinkatua izan bedi Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita,
zeruan, Kristoren bitartez,
Espirituaren era guztietako ondasunez bedeinkatu gaituana!
Kristogan aukeratu ginduzan, mundua sortu baino lehen,
santu eta errubako izan gaitezan beraren aurrean, maitasunez.
Bere onginahiak eraginda aurrez eukan erabagita,
Jesu Kristoren bitartez gu seme-alabatzat hartzea,
bere Seme maiteagan eskuzabal emon deuskun dohai zoragarria
gorespen-kantu bihurtu dadin berarentzat.
     Kristoren bitartez gara oinordeko gu be, israeldarrok, lehendik Mesiasengan itxaroten genduanok, gauza guztiak berak gura dauan lez egiten dituan Jainkoak aurrez aukeratu gaitu-eta bere asmoaren arabera, beraren aintzaren gorespen-kantu izan gaitezan.

Jaunak esana.

Aleluia

Ik. Lk 1, 28

R/.      Aleluia.

V/.      Poztu zaitez, Maria, graziaz bete hori!
     Jauna zugaz,
     bedeinkatua zu emakumeen artean. R/.

 

Ebanjelioa

Poztu zaitez, Maria, graziaz bete hori!
Jauna zurekin.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 1, 26-38

     Aldi haretan, Gabriel aingerua bialdu eban Jainkoak, Nazaret eritxon Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria eban izena eta Jose eritxon Daviden jatorriko gizon bategaz ezkontzeko berbatuta egoan.
     Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan eutson: «Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna zurekin». Ikaratu egin zan Maria berba hareek entzutean, eta pentsatzen jarri zan, zer izan ete eitekean halako agur ha.
     Aingeruak esan eutson: «Ez bildurrik izan, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango dozu, eta “Jesus” ipiniko deutsazu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko deutsoe, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aulkia emongo deutso; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez dau azkenik izango».
     Mariak esan eutson aingeruari: «Zelan gertatu daiteke hori, ez naz inongo gizonegaz bizi-eta».
     Aingeruak erantzun eutson: «Espiritu Santua jatsiko da zugana eta Goi-goikoaren indarrak bere gerizpean hartuko zaitu; horregaitik, zugandik jaioko dana santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko deutsoe. Hara, Elisabet zure senidea be umedun dago bere zahartzaroan, eta sei hilabeteko dago agorra ei zana; ze, Jainkoarentzat ez da ezer ezinik».
     Mariak, orduan: «Hona hemen Jaunaren mirabea; gertatu bekit zeuk dinozunez». Eta aingeruak itzi egin eban.

Jaunak esana.