0325_Jaunaren Gizakundea

Martxoaren 25ean

JAUNAREN GIZAKUNDEAREN ADIERAZPENA

Jai nagusia

I. Irakurgaia

Begira, birjina umedun dago.

Isaias Profetaren liburutik

Is 7, 10-14; 8, 10

Egun hareetan, mezu hau emon eutson Jaunak Akaz erregeari Isaias profetaren bidez: «Eskatu egiozu Jaunari, zeure Jainkoari, ezaugarri bat zeuretzat, lurraren barruan nahiz zeruen goienean».

  Akazek erantzun eutson: «Ez dot ezaugarririk eskatuko, ez dot tentatuko Jauna». Orduan Isaiasek esan eban:

«Entzun, Daviden etxe:

Gitxi deritxozue gizakientzat aspergarri izateari?

Nire Jainkoarentzat be aspergarri izan behar ete dozue?

Horregaitik, Jaunak berak emongo deutsue ezaugarria.

Begira, birjina umedun dago eta semea izango dau;

Emmanuel ipiniko deutso izena, hau da, "Jainkoa gugaz"».

Jaunak esana.

 

ERANTZUN SALMOA

Sal 40 [39], 7-8a. 8b-9. 10. 11 (R/. ik. 8a. 9a)

R/.   Hemen nozu, Jauna, zure nahia egin dagidan.

 

V/.   Zuk ez dozu sakrifiziorik eta eskeintzarik nahi izan,

        ez erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik eskatu;

        baina belarriak edegi deustazuz.

        Horregaitik dinot: «Hemen nozu». R/.

 

V/.   Hau dago nitaz liburuan idatzita:

        egin dagidala zure nahia.

        Atsegin dot, ene Jainko,

        barru-muinetan dot zure legea. R/.

 

V/.   Iragarri dot batzar nagusian zure justizia,

        ez ditut ezpanak itxi, ondo dakizu, Jauna. R/.

 

V/.   Ez dot neure kolkorako gorde zure justizia,

        zure leialtasunaren eta salbazinoaren barri emon dot,

        ez ditut isildu zure maitasuna eta egia

        batzar nagusian. R/.

II. Irakurgaia

Hemen nozu, Jainko, zure nahia betetzeko;
hau dago Liburuan Nitaz idatzita.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 10, 4-10

Senideok: Zezenen eta akerren odolak ezin leikiez pekatuak desegin. Horregaitik, Kristok, munduan sartzean, dino:

«Ez zenduan oparirik eta eskeintzarik nahi izan;

baina gorputza eratu zeunstan.

Erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik

ez zenduan atsegin izan.

Orduan, esan neban:

Hemen nozu, Jainko, zure nahia betetzeko;

hau dago Liburuan Nitaz idatzita».

  Lehenengo dino: «Ez zenduan nahi izan, ez atsegin izan, oparirik eta eskeintzarik, ez erre-oparirik, ez pekatuen parkamen-oparirik», nahiz eta gauza guztiok legeak agindutakoak izan. Ondoren beste hau dino: «Hemen nozu, zure nahia betetzeko».

  Lehenengo kultua kentzen dau, bigarrena jartzeko. Eta Jesu Kristok, behin betiko egin eban bere gorputzaren opariaren bidez, Jainkoaren nahia bete daualako, izan gara gu sagaratuak.

Jaunak esana.

Aleluia edo Ebanjelio aurreko txatala:  Jn 1, 14ab

(R/.   Aleluia).

V/. Hitza haragi egin zan

  eta gure artean jarri eban bizilekua,

  eta ikusi dogu haren aintza. (R/.)

          Garizumaldian Aleluia ordez gorapenetako bat erabili daiteke (---. or.).

 

Ebanjelioa

Begira, sabelean sortu eta semea izango dozu.

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik           

Lk 1, 26-38

Aldi haretan, Gabriel aingerua bialdu eban Jainkoak, Nazaret eritxon Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria eban izena eta Jose eritxon Daviden jatorriko gizon bategaz ezkontzeko berbatuta egoan.

  Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan eutson: «Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna zurekin». Ikaratu egin zan Maria berba hareek entzutean, eta pentsatzen jarri zan, zer izan ete eitekean halako agur ha.

  Aingeruak esan eutson: «Ez bildurrik izan, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango dozu, eta “Jesus” ipiniko deutsazu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko deutsoe, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aulkia emongo deutso; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez dau azkenik izango».

  Mariak esan eutson aingeruari: «Zelan gertatu daiteke hori, ez naz inongo gizonegaz bizi-eta».

  Aingeruak erantzun eutson: «Espiritu Santua jatsiko da zugana eta Goi--goikoaren indarrak bere gerizpean hartuko zaitu; horregaitik, zugandik jaioko dana santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko deutsoe. Hara, Elisabet zure senidea be umedun dago bere zahartzaroan, eta sei hilabeteko dago agorra ei zana; ze, Jainkoarentzat ez da ezer ezinik».

  Mariak, orduan: «Hona hemen Jaunaren mirabea; gertatu bekit zeuk dinozunez». Eta aingeruak itzi egin eban.

Jaunak esana.

 

 

ESKARIAK

    Jainkoak bere guganako hurtasuna erakusten deusku gizon eginez; hurreratu gakiozan gure beharrizanak eta behartsu guztienak aurkeztuz:

—Elizearen alde: behartsuarengana hurreratzen jakin daian, hari poza eroan deion, eta bere laguntza guztia emon ahal izan deion, egin daigun otoitz.

—Otoitzera eskale baino joten ez dabenen alde: Jainkoaganako uste ona biztu dakien eta euren burua eskeintzen ausartu daitezan, egin daigun otoitz.

—Alkarrengandik urrunduz, alkarri gero eta bildur handiagoa deutsogun mundu honetan Jainkoaren hurtasunak biztu deigun uste onezko su-garra, alkarrentzako senideak izan gaitezan, egin daigun otoitz.

—Zahar, gaixo eta behartsuek, eta euren lurraldetik urten beharra izan dabenek gure hurtasuna izan daien eta behar daben laguntza, egin daigun otoitz.

—Andra Mariaren BAIetza aintzaltzen dogunok Jainkoaganako atxaki guztiak baztertu daiguzan, eta geure burua eskeintzeko prest egon gaitezan, egin daigun otoitz.

    Zure gizakundeaz gure handigura guztiak zapuzten dozuzan Jainko Jauna: ikasi daigula zure hurtasunetik alkarrentzako hur-hurreko izaten. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.