0718_Santa Marina


UZTAILAREN 18an
Santa Marina

Irakurgaia

Neure emazte egingo zaitut betiko.

Oseasen Profezia liburutik   Os 2, 16b. 17b. 21-22

    Honan berba egiten dau Jaunak:

    «Basamortura eroango dot Nik neure herria

eta bihotzera berba egingo deutsat.

Han bere gaztaroan lez erantzungo deust,

Egiptotik igon ebanean lez.

Neure emazte egingo zaitut betiko;

neure emazte egingo, justiziaz eta zuzenbidez,

maitasunez eta errukiz.

Leialtasunez egingo zaitut neure emazte,

eta ezagutuko dozu zuk Jauna».

 

Erantzun salmoa 148

 
 R/. Mutil eta neskatilok, goratu Jaunaren izena!

Goratu egizue Jauna zerutik,

goratu zeru-goienetik.

Goratu egizue, haren aingeru guztiok,

goratu, haren gudari-talde guztiok. R/.

 

Goratu egizue, munduko errege eta herri guztiok,

buruzagi eta munduko gobernari guztiok;

mutil eta neskatila, agure eta umeok.

Goretsi begie Jaunaren izena. R/.

 

Haren ospea zeru-lurren gainetik garai.

Garaipena emoten deutso bere herriari;

gorespena zor deutsoe fededun guztiek,

gorespena Israelek, bere-berea dauan herriak. R/.

 

Aleluia

Zatoz, Kristoren emaztegaia;

hartu egizu

Jaunak zuretzat prestatu dauan koroia.

Aleluia.

Ebanjelioa

Martak etxean hartu eban.
Mariak alderdirik onena aukeratu dau.

† Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik  Lk 10, 38-42

    Aldi haretan, Jesus herritxu baten sartu zan, eta Marta eritxon emakume batek etxean hartu eban. Baeban honek Maria izeneko ahizta bat, eta berau, Jaunaren oinetan jesarrita, haren berbea entzuten egoan. Marta, ostera, lanpetuta ebilen etxeko zereginetan.

    Orduan, Martak Jesusen aurrean jarri eta esan eutson: «Jauna, ez ete deutsu ardura nire ahiztak lan guztia nire gain izteak? Esaiozu laguntzeko».

    Jaunak, ostera, erantzun eutson: «Marta, Marta, gauza askogaitik zabiltz arduratuta eta larri; baina bakarra da beharrezko. Alderdirik onena aukeratu dau Mariak, eta ez deutso inork kenduko».